Eskola Baratza ekimena ikastetxean hasita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 21a, 11:55

Tolomendirekin ‘Eskola Baratza’ ekimenaren hitzarmena iaz sinatu zuten arren, jada zortzi urte daramatza Otaño ikastetxeak baratzea lantzen. Kike Gurrutxaga eta Bixente Elordi baratzearen arduradunek hartu dute hitza.

Zein helbururekin sortu zenuten ekimena?
Bixente:
Helburuak asko dira: natura ezagutzea, barazkien zaintzak behar dituen kontu guztiez jabetzea, erremintak erabiltzea, landare desberdinak ezagutzea, barazki bat lortzeko egin behar diren ahaleginez jabetzea, eguraldia barazkietan duen eraginaz jabetzea, konposta zer den eta nola erabiltzen den jakitea, eta abar. Azken finean, unitate didaktikoetan azaltzen diren eduki teoriko horiek praktikan jartzea da helburu nagusia.

Nola bideratzen duzue ikasleekin baratzea ekimen hau, irakasgai baten moduan?
B.:
Ingurumena ikasgaiaren barruan daukagu sartua. Astean hiru ordu egiten ditugu eta horietatik bat baratzeari eskaintzen diogu. Asko garenez, hiru taldetan banatzen gara: talde batek baratzea lantzen du, beste talde batek landareen ikerketa sakondu eta hirugarrena sendabelarrakin aritzen da. Horrela, astero txandatuz joaten gara eta talde bakoitzak hiru atalak lantzen ditu.

Zenbat urteko ikasleekin egiten duzue baratzea ekimen hau? Interesik ba al dute?
Kike:
8-10 urte bitarteko ikasleekin lantzen dugu. Orokorrean oso gustura ibiltzen dira, batzuek izugarrizko interesa erakusten dute. Interesik handiena hazia jartzerakoan eta landare bakoitzaren eboluzioan izaten dute.
B.: Eskola teorikoekin zailtasunak dituzten haurrek inguru honetan txanponaren beste aldea erakusten dute, hau da, praktikoki beste trebetasun batzuk dituztela ikusten zaie.

Zein produktu lantzen dituzue bertan? Ondoren zer egiten duzue uztarekin?
K.:
Garaian garaikoa lantzen dugu: ilarrak, babak, baratxuria, tipula, letxuak, tomateak, porruak, erremolatxa, kukuluak, zerbak, aza, azalorea, azenarioa eta kalabaza.
B.: Ikasturtean zehar landutakoa jaso ahala ikasleen artean banatzen dugu. Horretaz gain, Zizurkil Goian urtero egiten den urriko Azoka Berezian postu bat jartzen dugu eta ikasleek saltzen dituzte produktuak. Horrela, matematika ere lantzen dugu.
K.: Matematikaz gain, elkartasuna ere lantzen dute. Izan ere, bildutako diru hori Segundo Montes-era (El Salvador) bidaltzen dugu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!