AMAVI Amasa-Villabonako aldizkari berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 21a, 11:49

Gobernuaren ardatza den parte hartzea sustatzea izan da aldizkari berri hau sortzearen arrazoi nagusia eta gobernu kideen ustez, informazioa ere parte hartze horren barruan sartzen da. Horretaz gain, udalaren jarduera zein den ere erakutsi nahi dute.

Horrela, aldizkarian bi zati nabarmendu daitezke, alde batetik, alde instituzionala eta bestetik herritarrei dagokien atala. Hau da, aldizkariaren helburu nagusia, instituzioaren berri emateaz gain, kalea bertatik bertara edukitzea da eta horretarako ezinbestekoa iruditu zitzaien elkarteen parte-hartzea. Euren ustez, herritarrek ere jakin behar dutelako herriko elkarteek zer egiten duten, gaur egun Amasa-Villabonan guztira 20 elkarte inguru egongo baitira.
Horretaz gain, oposizioak ere bere atala izango du aldizkarian. “Erlazio ona daukagu oposizioarekin eta aldizkariaren gaia ez genuen politikoki erabili nahi. Gainera beharrezkoa iruditzen zaigu oposizioaren iritzia plazaratzea. Izan ere, nahiz eta gobernua Bilduk osatzen duen, oposizioaren aldeko herritarren bozka horiek ere kontuan hartu behar direla uste dut. Hauek iritzia emango ez balute ez litzateke zilegi izango”, adierazi du Galderrek.
Aldizkariarekin batera, web orri berria ere martxan jartzeko asmoa azaldu du Galderrek. Honen arabera, “ezinbestekoa iruditzen zitzaigun oraingoa hobetzea eta hau ere, aldizkariarekin bezala, helburu berarekin egin dugu, hau da, herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoarekin”. Era honetara, tramite administratiboak online egiteko aukera izango da hemendik gutxira eta horretaz gain, web orriak kexak eta iradokizunak izeneko atala izango du herritarrek bertan idatz dezaten. Galderrek adierazi duenez, alde batetik, atal honek izugarrizko aberastasuna du bertan herritarren iritzia gertutik jarrai daitekeelako eta iradokizun interesagarriak ere sor daitezkeelako, baina bestetik, anonimotasunak sor dezake arriskua. Izan ere, jende askok anonimotasuna erabiltzen du bere frustrazioak plazaratzeko, baina guk alde onari begiratu behar diogu eta gure ustez, aberastasuna ekarriko digu honek.
Aurrerantzean herritar guztiak parte hartzera animatu nahi ditu Galderrek, “kexak eta iradokizunak plantea ditzatela, azken finean, erreminta onak baitira komunikazioa errazteko”, azaldu du. Aurrerantzean ere informazioa gardentasunez ematen saiatuko  direla azaldu digu aldizkariaren zein web orriaren bitartez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!