Musikari lotutako amaren alabak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 21a, 11:45

Aran, Miren eta Esti Mujika ahizpa andoaindarrak ume-umetan murgildu ziren musika munduan. Etxetik jaso zuten zaletasuna eta musikaren bideari eutsi diote hirurek ere. Orain arte egindako ibilbidearen eta etorkizunerako asmoen inguruan aritu dira.

Familia bereko hiru kide musika munduan murgilduta. Nondik datorkizue zaletasun hori?
Miren:
Ama musika irakaslea izan da eta aitari ere izugarri gustatu izan zaio kantuan aritzea. Oso modu naturalean jaso genuen musikarekiko zaletasuna.
Aran: Amak etxean bertan ematen zituen musika klaseak. Zortzi anai-arreba gara eta denak han ibiltzen ginen, saltsan. Pianoa eta solfeoa erakusten zuen gure amak.
Esti: Anai-arreba guztiek ikasi genuen musika; maila ezberdinetan. Batzuek zaletasun gisa mantendu zuten eta guk berriz, bide horretara bideratu genituen gure ikasketak. Gaur egun, zaletasunari berrekin eta instrumenturen bat ikasteari ekin dionik ere bada.

Zein ibilbide egin duzue musika munduan?
M.:
Amaren bideari eutsi nion. Andoaingo Musika eskolan lanean hasi zenean, nik heldu nien etxeko irakasle lanei. Piano ikasketak egin nituen kontserbatorioan eta ondoren, irakaskuntzan aritu izan naiz beti. Emanaldiren bat edo beste eskaini izan dut, Tolosako Hamarretan Rakun musika taldean jo nuen eta beste talderen bati laguntzen ere bai. Horrez gain, Zizurkilgo jatetxe batean emanaldiak ematen nituen larunbat gauetan. Loatzo Musika Eskolako irakasle eta zuzendaritzako kide naiz egun.
A.: Biolina ikasi nuen nik. Andoaingo Musika eskolan aritu ondoren, Tolosako Musika eskolara eta Donostiako kontserbatoriora joan nintzen. Han bukatu nituen biolin ikasketak. Karrera amaitu baino lehen ordezkotzaren bat egin nuen irakaskuntzan eta geroztik, mundu horretan murgilduta ibili naiz. Emanaldi ezberdinak eskaini izan ditut: Hamarretan Rakun taldean, Estirekin batera kantaldiak eskaintzen..., kantu txapelketan parte hartu genuen Amagoia ahizparekin batera eta Baionako Herri Irratiako lehiaketa batera ere aurkeztu ginen. Argia dantza taldearekin, Oinkarirekin, jazz-folk talde batean...,  Loatzo Musika Eskolan irakasle naiz eta horri eskaintzen dizkiot eguneko ordurik gehienak.
E.: Nik ere amaren bideari jarraitu eta pianoa ikasi nuen. Etxean ikasitakoari Andoaingo Musika eskolan eman nion jarraipena eta ondoren, Tolosa eta Donostian bukatu nituen ikasketak. Beste lan batzuetan aritu naiz. Niretzako, barruan dudana ateratzeko modua da musika, besteekin komunikatzeko eta gozatzeko tresna.

Musikatik bizi ahal izateko, beharrezkoa al da irakaskuntzara bideratzea?
A.:
Bai. Oso zaila da kontzertuak emanez musikatik bizimodua ateratzea.
M.: Nire ustez kritika gogorra egin behar zaie politikariei. Heziketa musikala ez da behar bezala aintzat hartzen eta ez dute beharrezko inbertsiorik egiten. Arte eta kultur ekimenek ere ez dute laguntzarik jasotzen eta borondatezko lanean oinarritzen dira. Horrek guztiak, irakaskuntzara bideratzen gaitu musika ogibide izan nahi dugunok.

Zein egoeratan dago musika hezkuntza?
E.:
Oso gutxi zaintzen da. Araututako hezkuntza sisteman oso toki txikia du. Musika ez dakien edonor izan daiteke musika irakasle. Horregatik, instrumenturen bat ikasi nahi duenak eskolaz kanpoko iharduera gisa egin behar du. Horrek ahalegin berezia eskatzen dio ikasleari eta gastua haren gurasoei. Bestalde, musikak sakrifizioa eskatzen du; urte luzetako ikasketa prozesua da eta jende gutxi dago hori egiteko prest.
A.: Nire irakasle izandako batek esaten zuen instrumentu bat ikasteko, harekin maitemindu beharra dagoela eta horrek, denbora asko eskatzen du. Zaletasun gisa egin nahi baduzu ere, bere denboratxoa eskaini behar diozu. Hemendik kanpora, askoz ere gehiago zaintzen da musika hezkuntza arautuan.
M.: Musika irakasten aritzen garenak, etengabeko borrokan aritu behar izaten dugu. Krisi garaian lehendabiziko murrizketak kultur arlora etortzen dira. Bestalde, gizartean ez dago batere txertatua musikaren garrantzia.  

Andoaingo herri danborradan, kantu jiran, eta beste hainbat ekitalditan ikusi izan zaituztegu...
M.:
1985 urte inguruan mugimendu handia sortu zen Andoainen. Garai hartan, emakumeok ezin genuen herriko danborradetan parte hartu, eta egoerari irtenbidea emateko lanetan hasi ginen. 1990 urtean Amnistiaren aldeko danborrada jarri genuen martxan eta neroni hasi nintzen zuzendari lanetan. Herri danborrada izenarekin ateratzen gara gaur egun. 1997an, gainera, Jon Lizarralde “Tripax”-en omenezko ereserkia konposatu nuen, danborradarako egokitua.
A.: Andoaingo kantu jiran hasi nintzen, eta pixkanaka, Aiztondoko zenbait herritako kantu jiratan parte hartzen joan naiz. Loatzo Musika eskolako ikasleen gurasoek deituta hasi nintzen batean eta bestean: Asteasun, Zizurkilen, Amasa-Villabonan..., Maiatzaren 19an, Zizurkilgo Kantu egunean arituko naiz. Oso aberasgarriak dira, herri giroa pizten laguntzen baitute.

Emakumearen Nazioarteko eguna zela eta, Basteron antolatutako emanaldi berezian parte hartu zenuten. Zer moduzko esperientzia izan zen?
A.:
Sorabillako jaietan antolatutako musika kontzertu batek eman zigun martxoaren 8ko emanaldirako bidea. Sorabillako saio hura oso ondo atera zen, eta martxoan zerbait egiteko aukera sortu zen. Parte hartzaile guztiak emakume andoaindarrak izan ginen; zortzi musikari, bi dantzari eta bi poesia errezitatzaile. Lan handia eman zigun emanaldia antolatzeak, baina oso gustura egindako lana izan zen. Bakoitzak bere piezak prestatu zituen, baina lotura bat eman nahi izan genion eta elkarrekin landutako piezak ere tartekatu genituen. Martxoaren zortziko ospakizuna ere gogoan izan genuen olerki eta argazki emanaldien bidez.
E.: Argi ikusi zen herrian gaitasun handiko jendea dagoela. Oso emanaldi polita izan zen, kontzertu hutsa baino gehiago. Askotan, kanpotik ekarritako artistek maila kaxkarragoa izaten dute eta dirutza handiak gastatzen dira artista horiek ekartzeko. Herriko jendeari ordaintzeko, aldiz, traba gehiago jartzen dute. Badirudi, herrikoak izate hutsagatik doan eskaini behar ditugula emanaldi guztiak. Urteko kultur egitarauko zenbait emanaldi musu-truk eskaintzea ondo ikusten dut, herrirako pizgarri direlako, baina ezin dugu beti hala aritu.
M.: Elkarren berri izateko aukera emateaz gain, pizgarri polita izan zen guretzat. Piezak prestatu, jendearekin harremanetan jarri, emanaldia prestatu..., motibazioa bilatzeko modua izan zen. Andoainen oso gauza politak egiteko indarra badagoela ikusi zen.

Andoain musika tradizio handiko herria da. Nola ikusten duzue gaur egungo egoera?
M.:
Hamarkada txar batzuk pasa dituen arren, gorakada izan duela esango nuke. Musika eskolak ahalegin handia egin du banda indartzeko. Geroz eta gehiago ateratzen dira kalera eta bere presentzia indartzen ari da.

Etorkizunera begira, zein asmo duzue musika munduan?
A.:
Orain arte bezala jarraitzea ez litzateke txarra izango. Krisialdia eragina izaten ari da eta lana mantentzea seinale ona izango da. Horrez gain, iristen zaizkidan eskaintza eta aukera guztiei eusten jarraituko dut; kantu kalejirak, kontzertuak...,
M.: Beste musika tresna bat ikasteko gogoz nago, kalean, jendearekin jotzeko aukera emango didana. Bestalde, nire lan ibilbideari begiratuta, oso baliagarria iruditzen zait musika hezkuntza bultzatzea. Balore eta kultur krisialdi handi batean murgilduta gaude, eta horri aurre egiteko oso tresna egokia da musika. Zentzu horretan, politikarien babesa behar dugu.
E.: Magisteritza ikasketak bukatu eta eskoletan musika behar bezala lantzeko lehen pausoak ematen hasi nahi nuke.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!