Baietz gurean, lan mundua euskararen bidean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 19a, 14:43

Euskararen ahozko eta idatzizko erabilera sektore guztietara hedatzeko etenik gabe lanean dabiltza Buruntzaldeko udaletako euskara lansail guztiak.
Elkarrekin eta elkarlanean ari dira zeregin horretan, gainera. Apirilean "Baietz gurean" euskara lan munduan txertatzeko ekimena aurkeztu zuten.

Pablo Barrio Lasarte Oriako alkateak aurkezle lanak egin zituen, "jakina den bezala Buruntzaldeko udalen aldetik euskararen erabilera sustatzeko programa ezberdinak martxan daude. Horien artean Baietz gurean aipatu beharra dago, kasu honetan  Buruntzaldeko enpresetan euskararen erabilera normalitzatze aldera". Ekimena aurkeztearekin batera, hitz horiekin eskualdean bat egin zuten sei enpresen sinadura ekitaldiari hasiera eman zion.
Gaur egungo gizartean hizkuntz bat baino gehiago erabiltzea ezinbestekoa da, are gehiago enpresaren kasuan: gaztelania, ingelesa, frantsesa eta, noski, euskara. Hizkuntzaren kudeaketa egokia egitea enpresaren jarduna kalitatezkoa den ala ez neurtzeko aldagaia da.
Euskarari dagokionez, Udal administrazioarentzat kalitate planaren eta euskara planaren garapena eskutik helduta doaz. Lasarte-Oriako alkateak zentzu horretan baieztapen argia egin zuen, “Buruntzaldeko Udalok asmo sendoa dugu eskualdeko enpresatan euskara planak abian jar daitezen. Alde batetik, sustapen lan eginez eta, beste bestetik, dirulaguntzen lerroari eutsiz". 2005ean lan mundua euskaratzeari ekin zioten Buruntzaldean. Landu gabeko eremua zen eta urte gutxiren buruan aurrerapausu argiak eman dira.
Baietz gurean egitasmoaren oinarriak 2010-2011. ikasturtetik indarrean daude. Urte beteko lanaren ondoren hitzarmena sinatzeko prest dauden sei enpresa berri erakarri dituzte. Agerraldi horretan bertan Luis Intxauspe Hernaniko alkateak hitzarmenaren nondik norakoak azaldu zituen, "eskualdeko enpresek kalitate eta lehiakortasun mailarik onena eskaintzea lortu nahi dugu. Euskararen erabilera testuinguru horretan kokatu nahi dugu. Baietz gurean egitasmoarekin udalon eta enpresen arteko harremanak iraunkortzeko zutabeak jarri nahi ditugu. Eta, bestetik, enpresak euskararen normalizazioaren bidera erakarri ".
Baietz gurean ekimenarekin bat egitea erabaki duen enpresak lehenbizi enpresaren egoera linguistikoaren azterketa egiten du. Datu bilketa baten bidez, egoera linguistikoaren "argazkia" ateratzen dute. Datu horiek baliatuz, ehun puntuko hamar ataletan antolatutako sailkapenean, enpresa zein tokitan kokatu behar den erabakitzen dute. Gutxienetik gehienera, enpresa horren datuekin 100-1000 puntu arteko sailkapenean sartzen da.
Hamar urrats dira, beraz, euskararen erabileraren garapena neurtzeko. Erabileraren arabera, enpresa 1000 puntu lortzeraino irits daiteke.

Zer egin bat egiteko?
Ekimenarekin bat egiteko erabakia hartzen duen enpresak urte beteko hitzarmena sinatzen du bere herriko Udaletxearekin. Udalak euskararen aldeko bidea egin dezan 300, 500 eta 700 euro bitarteko dirulaguntzak eskainiko dizkio enpresa horri.
Hitzarmena sinatu aurretik Naiara Santxiz Hernaniko Adarra lan tresnak enpresako kideak enpresen ordezkari gisa hitz egin zuen, "belaunaldi gazteak enpresen kudeaketaz arduratzen ari garen neurrian, hizkuntzaren erabilera beste modu batera landu behar dela konturatzen ari gara. Zergatik? Batetik, euskaraz egin ditugu ikasketa guztiak eta ez dugu enpresa euskaraz kudeatzeko inongo arazorik. Bestetik, inguruan ditugun hornitzaileak eta bezeroak bertakoak dira eta euskararen alde pausuak ematen ari direlako. Maila berean egoteko beharra ikusi dugu.
Enpresa modura guk ere gure mugak ditugu. Egunerokoan aldaketa txikiak egitea kosta egiten da, baina Baietz gurean egitasmoak lehen urratsak emateko bidea irekitzen laguntzen du. Hori dela eta, Buruntzaldeko gainerako enpresak ekimenarekin bat egitera animatu nahi ditugu".
Hitzarmena sinatu dutenek lan mundua euskalduntzen laguntzeko prest daudela diote. Esan, egin eta ekin. Eskualdeko Udaletxeen laguntza ez zaie faltako.

Eskualdeko bost enpresa Baietz gurean egitasmoan

Buruntzaldeko enpresetan euskara sustatzea eskualdeko Udalen egitasmoa da, urtez urte garatuz doana. Lan munduan euskara sustatzeko ekinbidean, apirilaren 23an eskualdeko bost enpresek Buruntzaldeko Udal ordezkariekin Baietz gurean hitzarmena sinatu zuten.
Lasarte-Oriako Manuel Lekuona kultur etxean antolatu zuten sinadura ekitaldira Baietz gurean egitasmoarekin bat egin duten bost enpresetako ordezkariak hurbildu ziren. Haien guztien lekukotzak, jarraian:

Naiara Santxiz
Adarra lan tresnak
Hernani

Enpresen arteko harremanak euskalduntzeko baliagarri delakoan, ondo baino hobeto hartu zuten Adarra lan tresnak enpresan Baietz gurean  euskara sustatzeko ekimenean murgiltzeko gonbitea. Enpresaren izenean Naiara Santxizek borondate osoa dutela adierazi zuen, "nik neronek ikasketak euskaraz egin ditut eta hasiera batetik asmoa bagenuen, baina egunerokoak ez du laguntzen. Lan karga handia izaten da eta lehentasuna lana ateratzea zenez, asmo hori alde batera uzten nuen. Udalaren aldetik proposamena jaso nuenean, ekimenean bete-betean sartzea erabaki genuen". Martxan dira aldaketekin eta dagoeneko fakturazioan edota errotulazioan aldaketak egin dituzte.
Euskararen bidean sartzeko garaian norberaren eta Udalaren ekimenaz gain, Adarra lan tresnak enpresan eragin handia izan du inguru hurbilak ere: "euskaldunak diren bezeroen edota lankide diren enpresen aldetik jaso genituen euskaraz lan egiteko eskaerak. Fakturak, adibidez, euskaraz bidaltzeko eskaerak jaso genituen".
Ingurua ere ezinbestekoa da, beraz, enpresaren jarduera euskararen bidetik eramateko garaian.

Iñigo Uranga
Manuel Echevarria S.A.
Usurbil

Buruntzaldea mailako agerraldira Usurbilgo Talleres Mecanicos Manuel Etchevarria S.A. enpresako Iñigo Uranga ordezkaria hurbildu zen. Honezkero lantokian euskaraz bizitzeko hainbat pauso eraginkor eman dituzte: "informatika programak euskaraz erabiltzen hasi gara, eta lantokiko errotulazioa euskaratu dugu. Bide batez, segurtasun neurriei dagokion informazioa ere euskaratu dugu. Hori guztiaz gain, barne kudeaketarako eta etor daitezkeen bezeroei begira gure dokumentazioa euskaratzea adostu dugu Usurbilgo Udalarekin". Usurbilgo enpresak dituen hornitzaileen %90a euskalduna dela dio.
Bezeroen artean, aldiz, Euskal Herritik kanpokoak erdaldunak dira.

Marian Aranguren
Cial. Hostelera del Norte
Lasarte-Oria

Euskaraz bizi arren, esperientzia handia metatu duten enpresetan historikoki gabezia handia egon da idatzizko euskararekin. Ibilbide luzeko enpresen artean Comercial Hostelera del Nortek Lasarte-Oriako Udalarekin elkarlanean euskararen idatzizko erabileran aurrerapausoak ematea erabaki zuen. Marian Arangurenek bere esperientzia horrela azaldu zuen: "Euskaldunak gara eta gure artean hitz egiteko euskara erabiltzen dugu. Baina dokumentazioari eta papertegiari dagokionez oso motz gabiltza. Ez dugu ezertxo ere. Katalogoa egiten hasi ginenean Udalak laguntza eskaini zigun, eta aurrera egitea erabaki genuen. Ez gara, gainera, katalogora mugatu. Webgunea, aurrekontuak,... horiek guztiak ere euskaraz prestatzera animatu gara".
Nagiak alde batera utzi eta borondate handia erakusten ari dira Comercial Hostelera del Norten, "irudipena daukat, orain arte, gurea bezalako belaunaldietan ahozko euskara erabili dugula. Eta idatzizkoa, aldiz, ez. Nahiko garbi dugu ondorengo belaunaldiek euskara idatzia asko erabiliko dutela. Euskaraz ikasi dutelako, haien hizkuntza euskara delako. Etorkizuna hori izango dela ikusita, euskara idatzia erabiltzen hastea ona dela iruditzen zaigu".

Hibai Ariztimuño
Panificadora Hernani
Hernani

Eskualde mailan udalek martxan jarritako ekimenekin bat dator, "euskararen erabilpena ahalik eta gehiago zabaltzeko saiakera ondo dago. Ongietorria izan dadila!". Dagoeneko urrats batzuk eman dituzte, "denen begietara nabarmenak diren aldaketak egiten hasi gara: kamioietako errotulazioa aldatu dugu, baina baita izen komertziala bera. Lehen Refripan zen, eta kutsu erdalduna zuenez, enpresari Sulabe izena jartzea erabaki genuen". Ez dira horretan geratuko, ez dira aldaketa horietara mugatuko. Hurrengo urratsak enpresako barne lanari begira eta hornitzaileekiko harremanei begira eman nahi dituzte.

Jose Miguel Mujika
Orma-Jaki Ona
Andoain

Andoaingo Udal teknikariaren eskutik eskualdeko Udal programen berri jakin zuten, "ideia interesgarria iruditu zitzaigun. Egia esan, gure enpresan erabiltzen diren testuak erdarazkoak dira, baina euskaratzeko nahiko errazak ziren. Esfortzu txikia eginez euskaratzeko aukera genuen. Eta horrela ekin genion. Dagoeneko martxan gaude eta piskanaka ikusiko dugu noraino irits gaitezkeen".

"Gure eskualdeko belaunaldi gazteek beren ikasketak euskaraz egiteko aukera izan dute; eskolan hasita eta unibertsitateraino. Horiek lan mundurako jauzia egiten dutenean, lanean euskaraz egiteko aukera izatea inportantea da", Lasarteko alkateak eskualdeko buruzagien asmoa isladatu zuen. Udal administrazioa urratsez urrats lanean ari da. Ezinbestekoa da lan munduko enpresak eta langileak urrats horien alde agertzea eta, zorionez, dagoeneko eskualdean badira bat egiten ari diren enpresak eta enpresariak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!