Vicente Ameztoy gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 17a, 16:28

Vicente Ameztoy hil zela hamar urte bete ziren iaz eta urteurren hori gogoan, margolari ospetsuaren inguruko ekitaldiak antolatu ditu Villabonako Udalak. Senitartekoak izan dituzte bidelagun herriko artista gogoan izateko ekimenean.

Gizakia eta natura uztartu zituen artista paregabea

1946ko urtarrilaren 30ean jaio zen Vicente Ameztoy, Donostian. Betidanik izan zuen margogintzarekiko lotura. Bost urte besterik ez zituenean margotu zuen bere lehen koadroa eta hamalau urterekin lehen aldiz parte hartu zuen erakusketa batean. Erabat autodidakta izan zen eta etxekoen babesa izan zuen margo munduan murgiltzerako garaian. Jesus Olasagasti margolaria osaba zuen eta bere aitak ere beti babestu izan zuen Vicenteren jakinmina.
Literaturan eta irakurketan bilatu zuen Vicentek inspirazio iturri nagusia. Margolarien artean, berriz, René Magritte surrealistaren lana gertutik jarraitzen zuen, nahiz eta ez zen hori bere iturri bakarra.
Gizakiak naturarekin duen harremana irudikatzen zuen bere lanetan, askotan naturako elementuak eta gizakien irudiak nahastuz. Irudi magikoak sortzen zituen modu honetan.
Oso zehatza zen margotzerako garaian eta kosta egiten zitzaion margolanak bukatutzat ematea. Bere azken lan handia, Bastidako Remelluri ermitarako egindako margolan handia izan zen.
Zinean ere egin zuen elkarlanen bat; Julio Medem zinegilearen “Vacas” filmeko zuzendaritza artistikoaren ardura izan zuen. 2001ean hil zen Villabonan.

Udalaren eta Ameztoyren oinordekoen elkarlana
Nora Urbizu Udaleko kultur eta euskara zinegotziak herritar baten eskutik jaso zuen senideengana gerturatzeko aitzakia: Vicenteren heriotzaren hamargarren urteurrena. Bere etxekoengana hurbildu zen alkatearekin batera,  eta Ameztoyren aldeko ekimena gauzatzeko lehen pausua eman zuten horrela.

Nondik nora sortu zen Vicente Ameztoyren inguruko ekimena?
Pertsonalki beti izan naiz Ameztoyren lanaren zaletu eta buruan nuen herrian zerbait egiteko ideia. Bagenekien Vicentek Aran-errekako bidea egunero egiten zuela eta bide horri bere izena ematea egokia litzatekeela iruditu zitzaigun. Helburua Vicente Ameztoyk egindako ekarpen izugarria herritarrei ezagutaraztea da. Jendeak badu Ameztoyren inguruko irudia, baina askok ez daki bere lanaren garrantziaren berri. Gainera, Vicenteren lanak lotura handia du Villabonarekin; Etxeondorekin maiteminduta zegoen eta Aran-erreka ere inspirazio iturri zuen. Hori guztia herritarren artean zabaldu nahi dugu orain.
Nola erantzun zuten Vicenteren etxekoek, ekimenaren berri izan zutenean?
Harrituta eta hunkituta hartu zuten proposamena. Oso ondo elkar-ulertu genuen. Vicenteren emazteak eta alabak egin duten ahaleginagatik izan ez balitz, ezin izango genuke ekimena aurrera atera. Lan handia egin dute eta emozionalki ere asko jarri dute. Zorretan gaude haiekin.

Haren  kultur sormena erakusteko erakusketa zabalduko da laster
Oso erakusketa oparoa antolatuko da. Foru Aldundiak Vicenteren bi lan ekarriko ditu, Behar Zana elkartean dagoen margolan bat ere erakusgai jarriko da, kartelak, Zeruko Argia aldizkariko azalak, senitartekoek ekarritako lanak..., Hasierako asmoa erakusketa xume bat prestatzea bazen ere, azkenean izugarri hazi da.

Nolako erantzuna espero duzue herritarren aldetik?
Oso pozik gaude, erakusketaren berri jakin duten herritarrek laguntza handia eskaini digutelako. Batetik, pintura tailerreko kideak Vicenteren inguruko lanak prestatzen ari dira. Lan horiek ere erakusgai jarriko ditugu, maiatzaren 24an, plaza inguruan. Hala nahi duten dendari eta tabernariek, gainera, margolan bana hartu eta euren egoitzetan ikusgai jartzeko aukera izango dute. Ikastetxeak ere ari dira gaia lantzen eta mural handi bat margotzeko asmoa dutela esan digute. Merkatarien aldetik ere oso jarrera ona jaso dugu. Ekimenaren berri izan duten herritarrek euren laguntza eskaini digute antolaketa lanak egiteko. Antzematen da herritarrek oso maitea zutela Vicente.
 
Amasa-Villabonak bazuen zorra Vicente Ameztoyrekin...
Bai, izugarria. Vicenteren kaleko irudiarekin geratu gara eta ez gara konturatu zenbaterainoko artista izan den. Naturarekiko zuen sentsibilitatea izugarria zen. Ekimen honen bidez herriko haur eta gazteek Vicenteren lana eta ekarpena ezagutzea lortzen badugu, helburu nagusia beteta izango da.

Margolanak ikusgai Gurea aretoan
Vicente Ameztoyren lanak Gurea aretoan ikusteko gogoz dago Virginia alaba. Erakusketaren harira, aitaren inguruan aritu da Virginia. Haren lana eta izaera hartu ditu ahotan.

Villabonarekin lotura handia izan zuen Vicente Ameztoyk...
Aita donostiarra zen jaiotzez, baina betidanik lotura berezia izan zuen Villabonarekin. Etxeondo etxea bere familiakoa zen eta txikitatik etortzen zen bertara. Oso gaztea zela konturatu zen bere pentsatzeko eta sentitzeko moduarekin bat zetorrela Villabonako giroa eta amarekin ezkondu zenean, Etxeondora etortzea erabaki zuten. Villabonak eragin handia izan zuen aitaren sortzeko moduan. Aran-errekan barrena ibiltzen zen ia egunero; asko miresten zuen bertako natura. Zizurkil, Asteasu, Alkiza..., inguruko herrietan ibiltzea ere gustatzen zitzaion.

Nolakoa zen bere lanerako modua?
Lan bakoitzari buelta asko ematen zizkion. Bere garairik oparoena 1970eko hamarkada izan zen. Jende askoren iritziz urte horietan egin zituen bere lanik hoberenak, politenak. 1980 hamarkadan, berriz, bere margotzeko modua aldatu egin zen. Gauza ezberdinak sentitzen hasi zen eta bere lana askoz ere geldoagoa bihurtu zen. Nire ustez oso lan interesgarriak egin zituen, nahiz eta ilunagoak eta kaotikoagoak ere baziren.
Gehienetan enkarguz egiten zuen lana, baina ez zitzaion galeriekin lan egitea gustatzen. Ezin zuen haiek jarritako epe zorrotzen barnean lan egin; batetik, fisikoki ez zegoen ahalegin handiei aurre egiteko moduan eta bestetik, margolari-makina moduan sentiarazten zuten. Askotan esaten zuen modu horretan margotu behar izatekotan, nahiagoko lukeela ez margotu. Beste modu bateko enkarguak onartzen zituen, epe zorrotzik gabekoak.

Etxetik zetorkion margoketarekiko zaletasuna...
Bere osaba Jesus Olasagasti margolaria zen eta ama ilustrazio munduan ibili zen. Aitona, aita..., oso artezaleak ziren denak eta aitarentzat oso naturala izan zen margotzen hastea. Madrilera joan zen ikasketak egitea, baina ez zitzaion gustatu eta autodidakta gisa hezi zen.

Ez zuen gustuko bere lana estilo baten barnean sartzea...
Egunotan, berak eskainitako elkarrizketak irakurtzen aritu gara eta argi esaten zuen bera ez zela ismoen barnean sentitzen. Aitak bere mundua sortu zuen, oso mundu berezia; errealitatea eta magia lotzen zituen oso modu ederrean. Bere lan guztia gizakia eta naturaren arteko erlazioaren ingurukoa da. Bai politikoki, zein ekologikoki zituen kezkak oso argi utzi zituen bere lanean. Vicentek ez zuen asko hitz egiten, baina bere margolanetan oso argi azaltzen zituen bere kezkak eta pentsamenduak. Bestalde, oso umore berezia zuen, benetan garratza eta interesagarria.

Etxean bertan egiten zuen lan...
Bai, hantxe jarri zuen bere estudioa. Esan bezala, Jesus Olasagasti bere osaba, margolaria izan zen eta haren margoketarako tresnak erabiltzen zituen. Musika jarrita aritzen zen beti: David Bowie, Joy Division, Krafwork, The Cure, The Clash, Ramones..., eta opera ere entzuten zuen. Irakurtzea ere asko gustatzen zitzaion; literatura, pinturaren inguruko liburuak, katalogoak..., denetarik izaten genuen etxean.

Nolakoa zen Vicente etxean?
Oso lasaia, pausatua eta pazientzia handikoa. Oso pertsona intentsoa zen, baina batere presarik gabea. Bestalde, oso etxezalea zen, etxeko dekorazioaz ere bera arduratzen zen. Sukaldari ona ere bazen. Hala ere, garai ezberdinak bizitu genituen etxean. 1980ko hamarkadan etxea jendez beteta izaten genuen, festa asko egiten ziren eta estudiora ere jende asko hurbiltzen zen. Gero, garai lasaiagoa iritsi zen, nahiz eta aitak beti izaten zituen zabalik estudioko eta etxeko ateak. Aitarekin egotea oso erraza zen eta oso gutxitan haserretzen zen; bere haserre eta frustrazio guztiak margolanetan islatzen zituen.

Nolako eragina izan zuen aitak zuregan?
Handia, asko erakutsi zidan. Bere begien bitartez gauzak ikusteko aukera izatea oso aberasgarria izan da niretzat. Gomendio nagusi bat ematen zidan nire lanaren inguruan; arriskatzeko eta egiten nuena eginda ere, pasioz egiteko.

Berak ez zuen arriskatzeko beldurrik izaten...
Kamikaze bat zen zentzu horretan. Beti gauza berriak bilatzen eta sortzen aritzen zen. Bere lanarekin bizirik sentitzea bilatzen zuen.

Erremelluriko ermitarako egindako lana oso garrantzitsua izan zen.
Oso gustura egindako lana izan zen. Aita ez zen sinesduna, baina asko gustatzen zitzaizkion erlijio munduko irudiak. Umore garratzarekin nahastuz erabiltzen zituen irudi horiek, bere mundura eramanez.

Bokazioz margolaria
Vicente Ameztoy margolariak lotura berezia izan zuen Bernardo Atxaga idazle asteasuarrarekin. Zeruko Argia aldizkariaren garaian sortu zen harremanak, jarraipena izan zuen ondorengo urteetan. 2000ko apirilean, Erremelluriko Andre Mariaren ermitarako margotutako lanen inguruan, solasaldi sakona izan zuten beste hainbat kultur eragilerekin batera. “Eliztarrak Mundutarrak” katalogoan jasota dago hizketaldi hura. Hona hemen pasarte bat:

Atxagarekin solasean

Bernardo Atxaga: Vicentek beti oso patetismo sakoneko pintura egin du. Gogoa uzkurtzen dizuten musikekin bezala gertatzen da, ze laino egun batean harrapatzen bazaituzte, azkenean ohean sartu behar duzu, desolazio inpresio hori agoantatu ezinik. Eta batzuetan bere pinturak egonezin bat igortzen du, beste euskal pintore batzuen lanetan antzematen ez den egonezina. Nik hemen ikusi dut marisorginarekin jolasean, eta mundu hori beti agertzen da gero, mundu kezkagarri hori. Asaldatzen gaituen zerbait errepresentatzen da: animaliak, soin biluziak..., ez dakit honi buruzko zerbait esan nahi ote duzun.
Vicente Ameztoy: Garbi dago nik Euskadin beti pintatu izan dudala ondorio guztiak onartuz, eta horrek aipatu dituzun esparru horietara zaramatza.

B.A.: Zentzu horretan beste batzuk baino herrialde gogorragoa irizten al diozu?
V.A.: Askoz gogorragoa. Etengabeko krisialdian den gizarte batean bizi gara. Sarritan pentsatu izan dut askoz erlaxatuago biziko nintzatekeeela beste edozein herrialdetan, baina gero pentsatzen dut bizitzak, bizitasuna izan behar badu, tokirik egokienean nagoela. Sekula ez dut ihes egiteko beharrik izan, nahiz eta bai atseden hartzeko. Orduan hegoalderantz jotzen dut, Afrikarantz. Toki latz batean bizi naiz, baina horren ordaina ere jasotzen dut.
(...)

B.A.: Aipatu izan da koadro bat une altuan edo baxuan egon daitekeela, Nola definitzen da hori, ordea?
V.A.: Gerta daiteke motibatu ez zaituen prestakuntza prozesu bat izatea, eta horrek karga kentzen dio koadroari. Garrantzitsua da hori gertatzen ari dela konturatzea. Motibazioa berreskuratzen duzunean, atzera jotzen duzu lanaren muinera.

Erakusketa Gurea aretoan

Inaugurazioa: Maiatzak 25, arratsaldean. Irekiera ekitaldia Joxe Irazu “Bernardo Atxaga” asteasuarraren eskutik.

Maiatzaren 25etik  ekainaren 21a arte
  • Lanak: Bere lanaren errepasoa egingo da eta inoiz erakutsi gabeko lan asko bilduko ditu. 1970 eta 1980ko hamarkadetako bi oleo, objetu eta collage ezberdinak biltzen dituzten kutxak, kartelak, Zeruko Argia aldizkariko azalak, eskultura bat, lan grafikoak, teknika mixtoa erabiliz egindako lanak, marrazkiak, albumak..., etab. Horrez gain, Vicenteri egindako elkarrizketa bat ikusgai izango da pantaila bidez eta bere lana biltzen duten katalogoak ere ikusgai izango dira.
  • Lekua: Gureako erakusketa aretoa.
  • Ordutegia: Astelehenetik ostiralera; goizez taldeentzako eta arratsaldez guztiontzat zabalik. Larunbatetan, egun osoan zehar zabalik.

Aran-erreka
Panelak jarriko dira Aran-errekaren hasieran, Etxeondo etxetik gertu. Vicente Ameztoyren inguruko azalpenak, Etxeondo etxearen ingurukoak...
Aran-errekan eserlekuak jarriko dira Vicenteren txoko kuttunetan.
B.A.: Gezi batez diana jotzea bezala?
V.A.: Bai.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!