Beterriko Liburua saria Harkaitz Canorentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 17a, 16:23

Manuel Larramendi Kultur Bazkunaren eta 111 Akademia literaturzaleen taldearen eskutik, Beterriko Liburua sariaren XVI. edizioa izan zen maiatzaren 10ean Amasako kultur etxean.

Areto ederra jendez beteta zegoela Amaia Goikoetxea Beterriko Liburua aldizkariko arduradunak ekitaldia aurkezteari ekin zion, “111 akademiako irakurleek 2011. urteko libururik gogokoena izendatu dutena saritzeko bildu gara gaur”.
Ekitaldian mahaiburu izan ziren 111 Akademiako buru Eloi Egibar billabonatarra, Nora Urbizu Amasa-Villabonako Udaleko euskara eta kultur zinegotzia,  Gipuzkoako Foru Aldundiko euskara zuzendari Zigor Etxeburua eta Eusko Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendari Begoña Muruaga.
Ikusleen artean Beterriko Liburua sariketan parte hartu zuten akademiakide ugari, baita idazleak eta eskualdeko Udal ordezkariak ere. Idazleen artean, Juan Krutz Igerabide edota Xabier Mendiguren Elizegi eta Udal ordezkarien artean Pili Legarra Asteasuko alkatea edota Ainara Rodriguez Andoaingo alkate-ordea.
Kantuaren eta hitzaren ospakizun bilakatu zen Amasan ipinitako hitzordua. Hizlariek Harkaitz Canoren “Twist” eleberria hizpide izan zuten, eta Rafa Rueda kantariak hurbil eta gozo hiru kantu eskaini zituen.
Hizlarien artean Aldundiko euskara zuzendari Zigor Etxeburuak zera adierazi zuen, “irakurle naizen aldetik ausartuko naiz esatera gure literaturak sendabide izateko erantzukizuna ere baduela. Gizarte bizitzak sortzen dituen urratuak hobeki ulertzen lagundu behar digula, nolakoak garen eta zergatik garen halakoak zentzuz eta sentimenduz interpretatzeko egiak eraikitzen eta narratzen laguntzeko. Alde horretatik ere zorionak ez ezik, eskerrak ere eman nahi dizkiot Harkaitz Canori bere lanagatik”.
Jon Unanue Larramendi Bazkuneko lehendakariak azken epaia irakurri zuen, “111 akademia formalki orain bost urte sortu zen. Gaur egun 182 akademiakide ditu Euskal Herria osoan barreiatuta”. Kopuruan gipuzkoarren artean askotxo dira Beterri-Aiztondokoak. 182 akademiakide horiek urte osoan zehar irakurritakoaren arabera urteko liburu gogokoena erabakitzen dute. Unanuek ekitaldian hainbat irakurleen iritziak irakurri zituen, eta bere iritzia ematera ausartu zen: “Akademiakide batek gomendatu zidan, irakur ezak oso ona delako. Eta egia esan, nire esperientzia liburua irakurri eta gero oso ona izan da. Barrua benetan irauli egin zidan, eta nik horretan neurtzen dut literatur lan baten balioa”.
Eusko Jaurlaritzako euskara sustatzeko zuzendari Begoña Muruagak antolatzaileak eta saritua bera zoriondu zituen, “ez dut uste akademiakideen erabakia inork ezbaian jarriko duenik. Izan ere, saritutako idazleak eta bai irakurleak merezitako arrakasta lortu dute Euskal Herrian. Beraz, atsegin handia da niretzat arrakasta horren lekuko izatea”. Eleberrian aipatzen diren garai latzak gogoan hartu, itxaropenerako leihoa zabalik dagoela adierazi zuen Muruagak, “leiho hori ate bihurtzea espero dut. Eta denok atearen bestaldean elkartzea, indarkeriarik gabeko gizarte batean. Twist Euskal Herriko kronika beltza da, inoiz itzuliko ez den eta behin betiko amaitu den kronika beltza. Hurrengo belaunaldiek bizitzea tokatu zitzaigun garaia ulertu nahi dutenean Twist eleberria irakurri beharko dute, nahitaez. Harkaitz Canoren lan hau geroaldirako opari bat da”.
Akademiakide diren irakurleek Harkaitz Cano bihurtu zuten ekitaldiko protagonista nagusia. Saria jaso ondoren, eskerrona adierazi zien akademiakideei. Edo hobeki esanda, idazkurleei: “sari bat jasotzea da liburu bat idaztetik gehien urruntzen den gertaeretako bat, istripu arraroa. Gozoa, hala ere”.
“Ez gaitezen engaina, denok gara idazle noizbait kontrakoa sinesterazi baziguten ere. Arraroa delako idazten ez duen jendea, eta batez ere irakurtzen ez duen jendea. Irakurlea idazlea baita, batzuetan jakin ez dakien arren. Eskerrak emateaz batera, irakurleaz hitz egin nahi nuke. Irakurle kritikoaz, irakurtzen duenean mentalki azpimarratzen doan irakurle mota horretaz. Ez naiz horren apala ere, ez pentsa. Irakurleari gorazarre eginez nire buruari egiten ari natzaio gorazarre. Idazle baino lehen naizelako irakurle, eta idazle baino irakurleago naizelako”.
Idazlea eta irakurlea jada ez direla gauza bereizia defendatu zuen, “ez writter, eta ez rider. Ingelesek wrider esaten diote, idazlea eta irakurlea biak batzen dituen mutazio eder horri. Gorka Bereziartua Argiako kazetariari irakurri nion euskarazko baliokidea: idazkurlea”.
Irakurlea, idazlea... literaturaren aldarria egin nahi izan zuen ama kaletxikitarra duen idazle sarituak: “kultura eta aisialdia gehiegitan nahastu eta berdindu egiten diren garaiotan literatutaren aldeko aldarria egin nahi dut gaur. 111 idazkurle eta bat gehiago, mila esker eta bat gehiago”.
 Hamasei urteko ibilbidean euskal literaturaren erreferentzia bilakatu da Beterriko Liburua sariketa. Harkaitz Canoren aurretik euskal literatura garaikidean izen handiko idazle hauek jaso dute, besteak beste, Beterriko Liburua saria: Joxean Agirre, Ur Apalategi, Lourdes Oñederra, Koldo Izagirre, Pako Aristi, Anjel Lertxundi edota Bernardo Atxaga.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!