Aurten hirugarren aldiz ospatuko dute Asteasun Dantzari Txiki eguna. Egun berezi hau sortzearen ideia Gari Otamendik izan omen zuen, gaur egun, Asteasun dantza irakasle denak. Aurrez beste herri batzuetan ikusita, Asteasun egitea bideragarria zela pentsatu zuen. Azken finean, “haurrentzat motibazio iturri da eta honek aurrera jarraitzeko indarra ematen die, nolabait urte osoan zehar landutakoa erakusteko unea izaten da”, azaldu dute antolakuntzakoek.
Aurten, guztira sei dantza taldek hartuko dute parte. Bertan izango dira Billabonako Oinkari dantza taldea, Tolosako Udaberri, Andoaingo dantza taldea, Larraul eta Adunako dantzariak, Anoetakoak eta nola ez, herriko dantzariak. Gehienak sei eta hamabi urte bitartekoak izan ohi diren arren, antolakuntzatik esan digutenez, eurak ez dute adin tarte jakin bat markatzen; hainbat dantza taldetara gonbita luzatzen dute eta nahi dutenek bertan parte hartzen dute.
Egun osoan zehar izango da zer ikusi eta dantzatua Asteasun. Goizeko hamaiketan hasita dantza talde bakoitza herriko auzo desberdinetara joango da, bakoitza bere musikariekin, euren emanalditxoa eskaintzera. Era honetara, herriko txoko ia guztiek dantzez gozatu ahal izango dute. Ondoren dantzariek hamaiketako eder bat egingo dute frontoian, segidan eskainiko duten emanaldirako indarrak hartzeko. Eguerdian bazkaltzera joango dira Asteasuko etxe desberdinetara eta arratsaldean, nahi duenak erromeriaz gozatzeko aukera izango du Asteasuko plazan.
Egitarau zehatza
11:00 Plazan dantzari guztiak elkartu.
11:15-12:15 Kalejira herrian zehar.
12:30 Hamaiketakoa plazan.
13:00 Dantza emanaldia frontoian.
14:00 Bazkaria.
17:00-19:00 Erromeria plazan DJ Aitorren eskutik.
Otamendi, dantzari eta irakasle
Jada sei ikasturte daramatza Gari Otamendik Asteasun dantza irakasten. Izatez, ordea, añorgatarra da. Horrez gain, Arrabots erromeri taldeko kide ere bada.
Noiz eta nola sortu zen dantza taldea Asteasun?
Dantza taldearen ekimena gurasoena izan zen, hasieran talde bakarrarekin hasi nintzen eta oso ondo joan zen. Orain pixka bat egonkortu den arren, lehenengo hiru urteetan taldea hazten joan zen eta gaur egun Udaletxea arduratzen da ikastaro hauetaz. Entseatzen ere hasiera batean udaletxeko ganbaran hasi ginen, baina gaur egun Elizmendiko eskolan entseatzen dugu. Era honetara, bi klase ordu berean eman ditzakegu.
Sorrerari dagokionez, uste dut nirekin batera hasi zela, hau da, orain dela sei urte gutxi gora behera. Hala ere, badakit lehenago Asteasun Dantzariak izan zirela. Adineko pertsona batzuek esan digutenez, garai batean San Pedro egunean dantza-soka egiten omen zen.
Izenak izana ematen omen du…
Bai, halaxe da, eta Asteasuko taldeak oraindik ez du izenik. Asteasuko dantzariak oso izen duina eta erabilgarria dela iruditzen zait. Halere, momentuz ikastaroak direnez, ez zaio izenik jarri.
Gaur egun Asteasun zenbat ikasle daude?
Momentu honetan bost talde dauzkagu. Jon Iraola Urki dantza taldeko kidea eta biok ibiltzen gara irakasle, Jonek hirutan eta ni bitan. Ikasle guztiak 6-12 urte bitartekoak dira eta guztira berrogeita hamar izango dira momentu honetan. Neskak gailentzen dira; hamarretik bat edo gehienez bi izango dira mutilak.
Salbuespen modura, sei urtekoen taldean, adibidez, lau mutil daude.
Euskal dantza tradizionalaz gain, garaikidea den dantzarik erakusten al duzue?
Oinarri moduan Euskal Herriko dantzak hartzen ditugu. Batzuetan Europatik datozen polkekin “koreografia” txikiak egiten ditugu, baina ez da gure ekimenaren barruan sartzen, ez nire aldetik eta ezta gurasoen aldetik ere. Gehienbat euskal dantzak erakustea dugu helburu, besteak beste, zinta dantza, dantzari dantza, esku dantzak, txulalai, eta abar.
Musikaririk ba al duzue?
Herrian badaude txistulari onak. Egia esan, gurekin pazientzia handia hartzen dute, beti azken momentuan ibiltzen baikara. Gurekin ari dira Leire Usandizaga, Xabin Mujika, Nerea Goikoetxea eta Floren Mayoz. Laguntzera datozela esaten dugun arren, guretzat ezinbesteko dira. Gainerakoan, entseguetan neronek jotzen dut biolina.
Haurrek zein dantza ikasi nahi izaten dituzte?
Asteasun fandango eta arin-arina ikasi nahi izaten dut. Izan ere, Asteasu eta inguru hau da fandango eta arin-arina modu natural batean mantendu dituen eskualdea eta nire iritziz gauza ederra izango litzateke plazan ikasiko balute, hau da, norberak bere estilo partikularrarekin. Hori baino gauza politagorik ez dago, izugarrizko aberastasuna da. Estilo hori ez dezatela galdu, hori baita benetako ondare kulturala.
Hamabi urte dituen neska-mutilak dantza ikasten jarraitu nahi badu, zer gertatzen da?
Galdera ona da. Lehenik dantzariek aurrera jarraitzeko zein gogo daukaten ikusi beharko litzateke eta taldea osatuko balitz, dedikazio gehixeagorekin ikusiko genuke zer atera genezakeen. Asteasun gainera, talde majoa osatzeko moduko haurrak daude eta gauza politak egin daitezke, garrantzitsuena gustatzea da. Nik gustura hartuko nuke horrelako talde bat, azken finean, jolas moduan hasten den irakaskuntzari erronka berriak gehitzea izango litzateke. Urrats berriak ikasi…
Merezi du taldetxo bat osatzea herriko dantzariekin. Gutxienez, herriko ekitaldietan presentzia izango duen taldetxo bat; herriak berezkoak dituen ohiturak mantenduko dituena.