Elkarte gastronomikoen eguna larunbat honetan Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 17a, 15:41

Andoainen elkarte gastronomikoen arteko harreman ona azken urteetan areagotu egin da. Larunbatean denek elkarrekin ospakizuna egingo dute. Hamar elkartek egin dute bat ekimenarekin: Peña Santa Krutz, Zumeatarra, Ontza, Batzokia, Irunberri, Kotoi, Karrika, Errekaburu, Hogar Extremeño eta Andoaindarra.

Elkarrizketa eta egitaraua:

Adiskidetasun giroan, elkarte gastronomikoen eguna ospatuko da larunbat honetan.

Nola azalduko zenuke larunbateko ospakizuna?
Joxe Manuel Oiartzabal: Elkarteek nork bere txozna edo gunea jarriko du Zumea plazan 11:00etatik eta 14:00etara. Bertan pintxoak eta edariak jarriko dira, euro eta erdiko prezioan. Elkarteetako kideok handik Ondarretako ikastetxeko abiatu gara, Aupa Kale Txiki txarangarekin kalejiran. Bertan bazkaria egingo dugu; Emilio Audikana sukaldari gazteak prestatutako menu erakargarria.
Arratsaldean, berriz, elkarteetako danborradak taula gainera igo eta euren ereserkia joko dute.

Zenbat elkarte aritu zarete elkarlanean?
J.M.O.: Hamar bildu gara antolaketa lanetarako: Zumeatarra, Errekaburu, Andoaindarra, Ontza, Batzokia, Peña Santa Krutz, Irunberri, Hogar Extremeño eta Karrika. Gainerako bik ezin izan dute parte hartu: Triana, jendez nahiko murritz dabilelako une honetan, eta Agustin Leitza beste zenbait arrazoi direla medio. Gauzak ondo bidean, ziur izan hurrengo urtean denak elkar hartuta izango garela.

Nolaz bururatu zitzaizuen larunbateko ekitaldia prestatzea?
J.M.O.: Aurreko bi urtetan Batzokian elkarteen arteko jardunaldi gastronomikoa egin ostean, konturatu ginen gauzak ezin zutela bere horretan jarraitu, eboluzionatu beharra zegoela. Zerbait desberdina asmatu behar genuela alegia, herriari eskaintzeko batez ere. Elkarteei deialdia luzatu genien, formula ugari aztertu, eta azkenean larunbatean eskainiko dena adostu genuen denen artean. Elkarteak herrira zabaltzeko formula egokia hautatu dugula iruditzen zaigu.
Hori bai, aurreko urtetatik mantendu dugun ekimena, herriko sukaldari gazte bat ezagutzera ematea izan da. Emilio Audikanari egokitu zaio aurten. Europan zehar ibilia da, kurrukulum nahiko potoloa dauka, eta Tolosako Ezeiza gozotegian dabil une honetan. 

Nolako erantzuna espero duzue herritarrengandik?
J.M.O.: Aurreneko aldia da eta ez dakigu nolako harrera izango duen gure proposamenak; baikor gara hala ere. Estimazioak aurrez egin behar eta, mila pintxo baino gehiagorako kalkuluak egin ditugu. Bazkaria 250 lagunentzat prestatu da. Batzokian 85 lagun bildu izan gara gehienez aurreko urtetan, baina Audikanak aipatu zigun bera prest zegoela 250 lagunentzat egiteko, baldin eta elkarteetatik laguntzaileak eskaintzen bagenizkion; aurrera egitea erabaki dugu, beraz.
Arratsaldeko danborraden erakustaldiak ere arrakasta izango duela iruditzen zaigu. Elkarte bakoitzetik 10 kide igoko dira, eta euren ereserkia joko dute; ia denek daukate berea. Fernando Uribesalgo eta Joxe Mari Oiartzabal musikariek eraiki edo moldatutako ereserkiak dira horiek. Ordu bete eskaseko saioa izango da, eta ikusgarria izango den tankera dauka.

Elkarte gastronomikoak zenbateraino zaudete sustraituta herrian?
J.M.O.: Nahiko indartsu gaudela esango nuke, nor bere auzoan batez ere; esaterako, jai ezberdinetan argi ikusten da hori. Noski, batzuek besteek baino eragin handiagoa dute, bazkide gehiago, dinamika biziagoa… Nik uste herritarrek erreferentzi bezala hartzen dituztela. Kontuan hartu behar da beren jarduna ez dela afaritarako txokoak izatera mugatzen, kultur ekimenak ere bultzatzen dituztela, alegia. 

Elkarte gastronomikoen jaia maiatzaren 19an

  • 11:00-14:00 Pintxo potea Zumea plazan. Elkarte bakoitzaren postuan 1,5 euroko prezioan pintxoa eta potea eskainiko dute.
  • 15:00    Herri bazkaria Ondarreta ikastetxeko jolastoki estalian. Menua 25 eurokoa da: Entsalada epela, bakailaoa pil pil erara, karrilerak, gazta tarta eta kafea.
  • 19:00    Elkarteen ereserkien aurkezpena Zumea plazan, Gora Kaletxiki txarangaren eskutik.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!