Andoaingo kultur taldeen erakusleihoa ESCIVIren kultur astean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 17a, 15:36

Andoaingo ESCIVI zine eta bideo eskolak Andoaingo kultur taldeei ahotsa emango die hurrengo astean. Unai Cuadrado, Carol Marin eta Liher Ruiz antolatzaileak gogor aritu dira prestaketa lanetan.

Elkarrizketa eta egitaraua:

Zein da antolatu duzuen egitaraua?
Carol Marin: Denen gustura eta adinetara moldatu direla iruditzen zaigu. Astelehenean, Esciviren eguna izango da, eta mahai inguru bat prestatu da irudiaren eta soinuaren sektoreko ordezkariekin; halaber, ikasleek egindako zenbait lan ikusi ahal izango dira. Asteartetik aurrera herriko taldeei ahotsa emango diegu eta, azkenik, Katramila antzerki taldeak asteari amaiera emango dio.

Nolaz animatu zineten horrelako astea antolatzera?
Liher Ruiz: Bati baino gehiagori harrigarria egin zaio Esciviko ikasleak horrelako ekimen batean ikusteak, baina azalpen bat badago.
Escivi ikastetxeak bost ziklo ditu: ekoizpena, errealizazioa, irudia, laborategia eta soinua. Ekoizpenean gabiltza eta ikasketaren jarduera praktiko gisa kultur ekitaldiak antolatzeko proiektua egitea egokitu zaigu. Esciviren kultur astea beti eskola barrukoei zuzendu izan bada ere,  aurten Andoaingo herriari begira aritzea pentsatu dugu.

Herriko kultur taldeengana jo duzue, beraz…
Unai Cuadrado: Hori da. Gu ez gara Andoaingoak -Errenteria, Donostia eta Gasteizkoak gara- ez dugu bertako kultur errealitatea ezagutzen. Andoaingo web orriran zenbait talde agertzen dira, beste asko ez, eta batzuekin nahiz besteekin kontaktuan jarri, eta bidea eginez, zerrenda handitzen joan gara. Badakigu denengana ezin izan dugula iritsi, eta barkamena eskatzen diegu kanpoan geratu direnei.  

C.M.: Esan behar dugu lan horretarako izugarrizko laguntza eduki dugula Ainhoa Aiertza eta Asun Blanco irakasleen aldetik; Aiertzak, esaterako, ezin hobeto ezagutzen du Andoain eta Andoaingo jendea, eta egundoko abantaila izan da guretzat.

Nolako errealitatearekin egin duzue topo?
C.M.: Harrera ezin hobea egin digute talde guzti-guztiek. Ezusteko ezin atseginagoa izan da guretzat; jende atsegina, oso jarrera onekoa. Oso giro ona dago euren artean, eta horrek dena erraztu digu. Gauzak elkarrekin egiteko gogoa dutela transmititu digute taldeek.

U.C.: Erabat harrituta utzi gaitu Andoainen dagoen mugimenduak; gizarte eta kultur arlo guztiak ukitzen dituzten makina bat talde dago herrian!

Datorren astera begira, urduri egingo zarete…
C.M.: Nolaz ez, desiatzen gaude astelehena etorri eta dena ondo irten dadin.

L.R.: Antolaketarekin izugarri ari gara ikasten, kultur ekoizpena praktikara eramatea baita: administrazioarekin eta eragileekin harreman zuzena, sor daitezkeen trabak kudeatzea…

Andoain
Maiatzak 21, astelehena

  • 18:30     Ikastetxearen eguna: Ikus entzunezkoen ekoizle eta zine zuzendarien arteko mahai ingurua. Ikasleen lanen proiekzioak.

Maiatzak 22, asteartea

  • 18:30     Herri mugimenduen eguna: Jon Beloki eta Jon Eskuderok aurkeztuta: Trentxiki tailerra, Caritas, Larramendi Bazkuna, Oroituz, AHTren aurkako asanblada, Gaztetxea, Axeri dantza eta Burdina.

Maiatzak 23, asteazkena

  • 18:30    Musikaren Eguna: Soinuak,dultzaineroak, Xingola, Trikitilariak, musika eskola, Olagain txistulariak eta Alberto Agirre abesbatza.

Maiatzak 24, osteguna

  • 18:30    Dantzaren Eguna: Urki, Azelain, Axeri Dantza, Joseba eta Bakartxo, Triana,...

Maiatzak 25, ostirala

  • 17:00    Gazteen Eguna: Karrika ludoteka, Txalaparta eskola, Aupa Kale Txiki.

Katramila antzerki taldeak amaiera emango dio kultur asteari.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!