Emaitza ikusgarriak lortu ditu Ontzerrik kopan: 15 partidatatik 11 irabazi, 2 berdindu eta 2 galdu. Golak, berriz, 48 alde eta 23 aurka.
Ontzerri denboraldiko azken jardunaldietara indartsu iritsi den arren, bidean hainbat eragozpen izan dituela aitortu du Xabier Arantzeta Toxak entrenatzaileak: “lesioak bata bestearen atzetik iritsi zaizkigu. Lau jokalarik belaunetatik min larriak jasan dituzte, eta horietatik hiruri ebakuntza egin behar izan diete. Esan dezakegu 25 jokalarietatik 3-4 soilik libratu direla lesioetatik. Egoera horrek denboraldi osoa baldintzatu du, eta batez ere ligan bosgarren sailkatu izana”.
Larunbatean etxean dute partida eta kopako finala maiatzaren 26an jokatuko da. Eguna noiz iritsiko, egundoko ilusioarekin daude, “Futbolean jokatuz, elkarrekin gozatzea zen gure asmoa Ontzerri sortu genuenean, eta horri eusten diogu. Denok ere irabaztea gogoko dugu, eta kopa herrira ekartzeak egundoko poza eragingo liguke”.
Finalari begira, zaletuen bultzada ezinbestekotzat jotzen du Arantzetak: “jarraitzaleak oso leialak izan dira gurekin beti, bai etxeko partidatan baita etxetik kanpo ere. Izugarri animatu digute beti, ziur gaude makina bat pertsonak babestuko gaituela finalean ere”. Finalerako autobusa antolatzekotan dira.
Lehen Erregional maila, Kopa:
Soraluze 1–3 Ontzerri
Sailkapena | 15. jardunaldia
1 Ontzerri 35
2 Irauli 30
3 Soraluze 24
16. jardunaldia
ONTZERRI–TRINTXERPE
Larunbata, 19. 18:15. Ubitarte.