Martin Garitano Ahaldun Nagusia Larraulen izan da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 16a, 18:56

Larraulgo eskola bertatik-bertara ezagutzeko aukera izan du gaur Martin Garitano Ahaldun Nagusiak. Udal ordezkariek plazan egindako harreraren ondoren, eskolara bisitaldia egin dute guztiek elkarrekin. Prentsari egindako adierazpenetan, hala jakinarazi du: “Hezkuntza ez da gure eskuduntzen artean sartzen, baina Eusko Jaurlaritzari eskatuko genioke hamabi urte arte haurrek euren herrian ikasteko aukera izan dezatela. Bidelagun izango gara bide honetan”.

Argazkiak ikusi

Bideoa ikusi | Kronika:

Larraulgo Udal ordezkariak, Eskola Txikietako koordinakundeko ordezkariak eta guraso elkarteko kideak bildu dira Martin Garitano Ahaldun Nagusiarekin eta Zigor Etxaburua Euskara zuzendariarekin. Eskola Txikien jaia ospatzeko hiru aste besterik ez dira geratzen eta garratzia handiko bilera izan da larrauldarrentzat. Larraulgo eskolako eraikina bisitatu dute lehenik, eta bertan eskaintzen dituzten zerbitzuen berri eman diete bisitariei. Eskolako irakasleek ere Eskola Txikien ezaugarri pedagokikoak azaldu dizkiete.

Herri txikien garapena  hartu du ahotan Ahaldun Nagusiak: “Garapen horretarako, erabat ezinbestekoa da Eskola Txikiak garatzea. Herriaren bihotza dira eta Larraul bezalako herriek merezi dute eta beharrezkoa dute eskola txikia garatzea. Hezkuntza ez da gure eskuduntzen artean sartzen, baina Eusko Jaurlaritzari eskatuko genioke hamabi urte arte haurrek euren herrian ikasteko aukera izan dezatela. Bidelagun izango gara bide honetan”.

 

Eskola Txikiaren beharra

Xabier Mujika alkateak ere hartu zuen hitza udaletxean egindako prentsa agerraldian: “Hamabi urte arteko hezkuntza zerbitzua nahi dugu Larraulen. Herritarren eta Udalaren indarrarekin gure ekimenarekin aurrera jarraituko dugu. Legeak agintzen duena betetzen dugu eta lanean jarraituko dugu herrian eskola txikia izateko. Horrez gain, guztiak gonbidatzen zaituztegu ekainaren 3ko jaiera etortzera”.

Estitxu Eizagirrek eskerrak eman dizkie, Guraso Elkarteko kideen ordezkari gisa: “Guretzat oso garantzitsua izan da Foru Aldundiak emandako babesa. Ekainaren 3ko jaia antolaten hasi ginenean, Eusko Jaurlaritzak ukatu egin zigun urtero ematen duen dirulaguntza. Kolokan geratu ziren gure asmoak. Foru Aldundiak, ordea, bere dirulaguntzari eutsi egin zion, baita beste zenbait erakundek ere. Horri esker lortu dugu amesten genuen jaia antolatu ahal izatea”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!