Andoaindarrei zuzendutako autokonpostaje ikastaroa larunbat honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 14a, 18:33

Andoaingo Udalak ikastaro honetan parte hartzera gonbidatu nahi ditu herritarrak, “beharrezkoa da herritarren artean zaborren inguruko praktika osasungarriak aurrera eramatea, hondakinak berrerabiliz, birziklatuz eta murriztuz. Herritarrek eurek ere ikusi izan dute behar hori; izan ere, Andoaingo Udalak aurrera daraman Agenda21 prozesuaren baitan emandako parte-hartze eztabaidetan, konpostajea bultzatu ahal izateko formakuntzaren beharra azpimarratu izan dute”.

Bi ikastaro antolatu ditu, zehazki: lehena, maiatzaren 19an izango da (euskaraz) eta bigarrena ekainaren 2an (gazteleraz). Ikastaroak Tolosako Laskorain Ikastolan (Usabal auzoa, 26) eskainiko dira, goizeko 10:30etan hasi eta 12:00ak bitarte.

Gaur egun, 74 bat familia daude Andoainen beraien partzelak aprobetxatzen dituztenak autokonpostajea gauzatzeko.

Ikastaroan konpostajearen inguruko nondik norakoak ezagutzeko aukera izango dute, beraz, herritarrek, eta praktikan jarri ahal izateko, konpostagailua jaso ahal izango dute San Blasko garbigunean ondoren. Izena eman ahal izateko mankomunitateko telefonora deitu (943 67 62 16) edo info@tolosaldea.org e-posta helbidean eman ahal izango da, datu-pertsonalak eta ikastaroa zein egunetan egin nahi duten azalduz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!