2008an lortu zuten Larraulen hezkuntza zerbitzua martxan jartzea. 1977an aurreko eskola itxi zenetik, herritik kanpora joan behar izaten zuten Larraulgo haurrek. Etxebizitza berriak egin eta populazioa igotzearekin batera sortu zen eskola irekitzeko beharra. Pello Errota ikastetxearen ikasgela izaeraz jarri zen martxan hezkuntza zerbitzua eta gaur egun, zortzi urte arteko hogeita bost ikasle ditu. Hamabi urtera arteko zerbitzua eta eskola izaera lortzea dira etorkizunerako helburuak.
Egindakoa ospatzeko garaia
Orain arte egindako lana eta ahalegina ospatuko dute ekainaren 3ko jaian. Hala azaldu du guraso elkarteko kide den Ixiar Eizagirrek: “Poz handia eman zigun Eskola Txikien festa antolatzeko proposamenak. Batetik, festaren XXV. urteurrena Larraulen izatea, guretzat ohore handia zelako eta bestetik, gure herriko eskolaren ibilbidean, momentu honetan esanahi berezia hartzen duelako festak: ospatu egin nahi dugu azken urteotan Larraulen egin dugun lana, eta lortu dugun guztia. Larraulentzat oinarrizkoa den proiektua eraikitzen ari gara”.
2009an, Hezkuntza sailaren jakinarazpena jaso zuten Larraulen. “Urtez urte hezkuntza zerbitzua zabaltzeko konpromisoa idatziz azaldu zuten jakinarazpen hartan. Hamabi urte arteko zerbitzua eta eskola izaera aipatzen ziren agiri hartan, baina momentuz, ez da gauzatu. Helburu hori lortzeko lanean jarraituko dugu, bai guraso elkarteko kideok, baita Larraulgo Udalak ere. Izan ere, gure bidea proiektu baten aldeko apustua da; eraikitze bat, herritarrak batzeko proiektu bat”.
Hogeita bost urteko bidea
Urte asko daramate lanean Eskola Txikietako ordezkariek. Mikel Olano Gipuzkoako Eskola Txikien koordinakundeko lehendakaria da eta jaiaren helburu nagusiak laburbidu ditu: “1988an antolatu zen herri eta auzo txikietako eskolen lehen festa, Bidegoianen, ‘Eskola Txikiak Bizirik’ lelopean. Harrezkero, urtero, ekainean, Gipuzkoako herri txiki edo auzoren batean antolatu da jai hau. Eskola Txikien komunitatea eta herri-auzokideak elkartu eta, festa giroan, eskola herria edota auzoan izatea zein garrantzitsua den gogoratzeko elkartzen gara; bai herri eta auzo txikien biziraupenerako, baita herritarrak hezi eta errotzeko ere”.
1993an sortu zuten Eskola Txikien koordinakundea: “Eskola Txikien mugimendua indartu eta sendotu asmoz sortu zen koordinakundea eta bere helburuen artean, urteroko festa antolatzea ere badago. Aurtengo festa berezia da XXV. urteurrena ospatzen dugulako; hogeitabost urte eskola txiki hauen garrantzia aldarrikatuz, bada zerbait. Denok bat eginda egoteak egiten ditu eskola txiki hauek handi. Proiektu hau aurrera eramateko ezinbestekoa da guraso, irakasle eta Udalen elkarlana. Herri bakoitzean hiru eragile hauek batera lan egin behar dute eskola aurrera atera dadin”.
Jai berezia
XXV. urteurren hori gogoan izango dute Larraulgo jaian. Hala azaldu du Ixiar Eizagirre larrauldarrak: “Eskola Txiki guztien parte hartzea bilatuko dugu ekitaldi nagusian. Ikasle, irakasle, guraso eta Udalek euren tartea izango dute. Egitasmo berezi bat ere badugu ekitaldi horretarako, izan ere, eskola txiki horietan ikasi zuten herritar zaharrenak bildu nahi baititugu Larraulen”. Horrez gain, kaxa ibiltaria ekimena ere martxan dute dagoeneko: “Eskolaz eskola dabilen kaxa horretan, ikasle, irakasle eta Udalek euren mezuak sartuko dituzte eta kaxan bildutako guztiarekin erakusketa jarriko da ekainaren 3an”, gaineratu du Ixiarrek.
Gurasoen partaidetza
Lourdez Imaz, Euskal Herriko Ikasleen Guraso Elkarteko koordinatzailea da. Eskola txikietako ikasleen gurasoek duten partaidetza hartu du ahotan: “Eskola Txikiak eredu zarete Euskal Eskola Publikoko gurasoentzat, ongi baitakigu eskola-komunitatearen erlazio estu hori ezinbestekoa dela gure seme-alabek arrakasta lortzeko. Enbidia dizuegu, enbidia sanoa. Horrelako partaidetza eta erlazio estuak eta onak nahi genituzke ikastetxe publiko guztietan. Zabal ditzagun beraz zuen esperientziak Euskal Eskola Publikoko gurasoen artean, aurtengo Eskola Txikien festaren bidez”.
Eskola, herriaren bihotza
Eudeleko kide den Igor Iturainek Eskola Txikien garrantzia azpimarratu du: “Gure herrietako Eskola Txikiak ez dira soilik irakasten den leku bat. Herriaren bihotza dira. Eskolen inguruan antolatzen diren ekintzek, bizi mantentzen dute herria eta beste ekintza batzuekin batera, arnasa ematen diete. Gure umeak bertan hezitzeaz gain, herriarekiko lotura sortu eta finkatzeko tresna dira eskolak eta herri txikiak ezin dira ulertu lotura hori gabe. Horregatik, Eskola Txikien aldeko apustua, etorkizunaren aldeko apustua da”.
Erakunde ezberdinen laguntza ere eskatu zuen Igor Iturainek. “Udalen egiteko nagusia, eskolak zabalik mantentzea da eta batik bat, elkarlana sortzea. Eskola txikiei guk egiten diegun ekarpena bezain garrantzitsua da, ordea, beste erakundeek egin behar dutena. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak du, hezkuntzaren gaineko ardura duen aldetik, Eskola Txikien aldeko apustua berretsi behar duela iruditzen zaigu. Gure herrietan haiek duten garrantziaz jabetu eta gure eskolen aldeko apustu sendoa mantendu behar dute”, adierazi zuen.
Ixiar Eizagirre
Larraulgo guraso elkarteko kide
“Aurreko urteetan hiru mila pertsona bildu izan da eta aurten ere, kopuru bertsua izango dela uste dugu”
Zer moduz doaz jaiaren antolaketa lanak?
Puntu garrantzitsuenak lotuta ditugu, baina oraindik ere badago zer eginik. Lantalde ezberdinetan banatuta aritu gara urte guztian zehar: Ikuskizunak, komunikazioa, azpiegiturak, zerbitzuak, trafikoa, salmenta, koordinaketa; guztira hamabost pertsona inguru aritu gara. Hemendik aurrera, ordea, jende gehiagoren beharra izango dugu eta jai egunerako, ehun pertsona beharko ditugula uste dugu.
Zein berezitasun izango du aurtengo jaiak?
XXV. urteurrena izanik, Eskola Txiki guztiak gogoan izango ditugu. Pirritx eta Porrotxen emanaldian, esaterako, eskola guztietako ordezkariek igo ahal izango dute pailazoekin dantza egitera. Eguerdiko ekitaldi nagusian ere, eskola guztiek parte hartuko dute. Ikasle, irakasle, guraso, Udal ordezkari..., orain arte egindako bidea eta etorkizuna izan nahi ditugu gogoan, eskola bakoitzari bere protagonismoa emanez. Jaia amaitzeko, gainera, Kupela taldearen erromeria izango da, guztiok elkarrekin gozatu ahal izateko. Festa polita izango dela iruditzen zaigu. Gure eskolaren historia biltzen duen erakusketa, kaxa ibiltarian sartutako mezuena, haurrentzako jolasak..., denetarik izango da.
Zenbat jende espero duzue?
Aurreko urteetan hiru mila pertsona bildu izan da eta aurten ere, kopuru bertsua izango dela uste dugu. Larraulek ez du autoak aparkatzeko toki handiegirik eta arazoari irtenbidea emateko, Asteasuko industrigunean prestatuko dugu aparkalekua. Hortik Larraulera gerturatzeko, autobusak ibiliko dira egunean zehar.
Egitaraua
10:00. Txupinazoa plazan.
10:00-12:00. Eskulanak eta tailerrak Hezkide eskolan, zortzi eta hamabi urte arteko gazteentzat.
11:00. Eskola Txikiei buruzko dokumentalaren emanaldia, eskolan.
11:30. Pirritx eta Porrotxen emanaldi berezia, plazan. Haiek ere hogeita bost urte betetze dituzte aurten.
13:30. Ekitaldi nagusia eta lekuko aldaketa, eskolako eraikinaren aurrean. Olaberriako eskolako kideek hartuko dute 2013ko jaiaren lekukoa.
14:00. Eusko Label bazkaria pilotalekuan.
15:00-16:30. Gorritiren zezenak eta pottokak Otsozabal gunean.
16:00. Eskola txikiei buruzko dokumentalaren emanaldia, eskolan.
18:00. Kupela taldearekin erromeria, plazan.
Egun osoan zehar
Puzgarriak.
Idiak gurdiekin.
Larraulgo eskola zaharraren inguruko erakusketa museoan.
Bolatokia.