Urkiondo mintegiak, Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 7a, 14:15

Duela hogeita hamar urte inguru sortu zuten Andoaingo Urkiondo mintegia, mendiko landarea ekoizteko. Euren lan esparrua eta lantegia bera, asko hazi dira urteotan. Aitziber Ayerbek eman ditu azalpenak.

Mendiko landareen ekoizpenak eman zion hasiera Urkiondo enpresari: “Gure familiak beti izan du lotura handia mendiko landareekin, izan ere, nire aitaren aitona basozaina baitzen. Duela hogeitamar urte sortu zen enpresa eta buru-belarri ari gara lanean gaur egun ere”.  
Hamabost mila metro karratuko gunea hartzen du Urkiondo mintegiak. Tamaina ezberdineko zuhaitzak, landare apaingarriak, mendiko landareak..., kale ezberdinetan antolatuta dituzte zuhaitz, landare eta material ezberdinak. “Bezero partikularrak, baserritarrak, erakunde publikoak, enpresak, loradendetako arduradunak..., jende asko gerturatzen da landareak erostera. Landarea erosi nahi duenari laguntza eskaini eta gomendioak emateko prest egoten gara beti eta behar izanez gero, erositakoa etxeraino eramateko modua ere eskaintzen dugu”, azaldu du Aitziberrek.

Zerbitzu ugari
Salmenta zerbitzua egiteaz gain, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dute Urkiondoko kideek: “Etxeko hiru kide eta beste hiru langile aritzen gara lanean. Lorategien diseinu eta mantenimendu lanak, landaketak, aholkularitza..., denetarik egiten dugu”.
Teknologia berriak baliatzen dituzte lanerako garaian. “Azalera handiko azpiegitura izatean, ezinbestekoa da baliabide teknologiko aurreratuak erabiltzea, gainerantzean, izugarrizko ordu pila beharko genituzke lanerako. Ureztatze sistema, esaterako, automatizatua dugu eta negutegietan ere azken teknologia erabiltzen dugu”.

Menditik, lorategietara
Urte hauetan, aldaketa handiak nabaritu ditu Aitziber Ayerbek: “Garai batean mendiko zuhaitzekin egiten zen lanik handiena. Gaur egun, ordea, behera datorren sektorea da; diru-laguntzak asko jaitsi dira eta mendiko egurraren prezioa ere merketu egin da. Basoko egurra atera ondoren, oso gutxi dira berriz ere landaketa egitera animatzen direnak, ez duelako dirurik uzten. Mendiko landarearen salmenta jaistearekin batera, lorazaintzarako produktu eta landareen salmenta nabarmen igotzen ari dela nabaritu dugu”.
Mendiko landareen artean, bertako zuhaitzak, zein kanpokoak dituzte salgai: “Pagoak, lizarrak, bertako pinuak..., horiek guztiak baditugu, baina kanpokoak ere saltzen dira. Zenbait tokitan, kanpotik etorritako zuhaitzak landatzeko joera nagusitzen ari da, biodibertsitatea zaintze aldera. Foru Aldundiak asko zaintzen du, nolanahi ere, bertan ekoiztutako hazietatik sortutako landareen erabilpena”. Haritz amerikarraren kasua nabarmendu du Aitziberrek: “Kanpotik etorritako zuhaitza bada ere, hemengo mendietan ekoiztutako hazietatik sortua izatea eskatzen dute. Modu horretan, landareak gutxiago sufritzen du landaketa egiteko garaian, hemengo baldintzetara egokituta egoten delako”.

Insignis pinua, gaixorik
Insignis pinu ezagunaren gain-behera ere nabarmena izan da azken urteetan: “Txile eta Zeelanda Berritik ekarritako pinua da insignis pinua eta azken urteotan, gaixotasunak jota dabil. Horren ordez, beste pinu mota batzuren aldeko apustua gailentzen ari da, nahiz eta horiek ere ez diren bertakoak”.
Landare kolonizatzaileen inguruan ere aritu da Aitziber: “Kontu izan behar da zenbait landarerekin eta erosleari beti ematen dizkiogu beharrezko azalpenak. Landareek arazo asko eman ditzakete eta kanpotik etorritako zomorro eta gaixotasunak ere kontrolatzeko oso zailak dira. Gure inguruan hain ezaguna den alegria edo baltsamina landarea, esaterako, desagertzeko zorian dago gaixotasun baten eraginez. Europako ekoizle gehienek, landare hori ekoizteari utzi diote, etengabe gaixotzen direlako. Modu horretako arazoren bat sortzen denean, ez da erraza aurre egitea. Nolanahi ere, bezeroei aholku ezberdinak eskaintzen saiatzen gara”.

Hazitik, edo landaretik
Saltzeko moduan izatera iritsi arte, bide ezberdinak jarraitzen dituzte landareek Urkiondon. “Kasu batzuetan haziak ekartzen ditugu. Landarea sortu eta sustraiak indartu arte, bide luzea egiten dute hemen. Beste kasu batzuetan landare txikiak ekartzen ditugu eta hemen egiten dute hazteko prozesua. Pare bat hilabete egiten dituzte negutegian, babesean. Kanpora atera eta ongarriekin lagunduta hazten dira ondoren; bost hilabete pasatakoan, saltzeko moduan izaten dira dagoeneko. Lorezaintzako landare gehienak horrelaxe ekoizten ditugu”. Zuhaitzen kasuan, dagoeneko hazita dauden zuhaitzak erosten dituzte, ondoren bezeroei saltzeko: “Gainerantzean, urte mordoa beharko genuke hazitik sortutako landaretxoa zuhaitz bihurtu arte”, azaldu du Aitziberrek.

Berritzaileak
Sistema berritzaile baten sortzaileak dira Urkiondoko kideak. Haziak zuzenean lurrean jarri ordez, lorontzi txikietan jartzen hasi ziren lehendabizikoak izan ziren. “Lurrean dagoen landarea birlandatzeko, dagoen tokitik atera egin behar da eta prozesu horretan, oso ohikoa da sustraien bat edo beste haustea. Lorontzi txikien sistema erabiliz, sustraiek ez dute sufritzen eta landarearen bizi-iraupena errazagoa da. Uda lehorra etorrita ere, errazago egiten dio aurre lorontzi txikietan landatutako landareak”, azaldu du Aitziberrek.

Lan handiko garaia
Negua eta udaberria hasiera dira denboraldi lanpetuenak Urkiondon. “Negu aldera mendiko zuhaitzak eta fruta-arbolak saltzen dira gehienbat. Eguraldia hobetzen doan heinean lorategietarako eta balkoietarako landareen salmenta mugitzen da. Udaletxeen eskaintzen zaien aholkularitza eta mantenu zerbitzua dela, landaketak eta inauste lanak direla..., neguan eta udaberrian oso lanpetuta ibiltzen gara”.
Etengabeko ikasketa prozesuan murgilduta lan egiten dute Urkiondoko kideek: “Teknika berriak, tendentziak..., ikastaro ezberdinak egiten ditugu urtean zehar. Horrez gain, lorategietarako landare eta barietate berriak ateratzen dituzte urtero eta oso adi egon beharra izaten dugu. Landare bakoitzari eman beharreko zainketak aztertu, izan ditzaketen arazoen inguruan ikasi, jendeari ezagutarazi, pixkanaka txertatzen joan... Jendeari kosta egiten zaio berrikuntzak onartzea eta gure lanaren zati ere bada hori”.

Hondakinen kudeaketa
Lorategien mantentze lanetatik sortutako hondakinak ere bideratzen dituzte. “Hondakinak xehetu egiten dira eta zati bat konpostatu egiten da. Inausteetatik sortutako egurra, berriz, erretzera bidaltzen da. Erretze prozesu horretatik energia sortzen dute zenbait enpresek eta horietara bideratzen da egurra; Bizkaia eta Frantzia aldera gehienbat”, azaldu du Aitziberrek.
Eskoletako haur eta gazteen bisitak nahiko maiz izaten dituzte mintegian. Hala azaldu du Aitziberrek: “Landareen prozesu guztia ikusteko aukera izaten dute. Haziak sartzeko ditugun makinetatik hasi, negutegietako landareak, kanpokoak... Ikastetxe asko etortzen da ikasturtean zehar”.

Urkiondo, datu bidez
  • Hamabost mila metro karratu ditu Urkiondo mintegiak.
  • Berrehun zuhaitz eta landare mota inguru dago bertan.
  • Apaingarri gisa erabiltzen den astigar japoniarra da garestiena.
  • Zuhaitz zitrikoak dira momentu honetan eskaera handiena duten landareetakoak. Laranjek, mandarinek eta limoiek, emaitza ona ematen dute gurean.
  • Olibondoek estimazio handia izan zuten garai batean, baina gaur egun, ez da ohikoa haien salmenta. 
  • Ordutegia: Astelehenetik ostiralera 08:00-13:00 eta 15:00-18:00.
  • Larunbatetan: 08:00-13:00.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!