Udalaren gaitzespena Amasa-Villabonako bi emakumeri egindako erasoagatik
Igandea, maiatzak 6, gaueko 22:00ak. Neska gazte bat erasotua izan zen Amasa-Villabonako Arroa auzoan. Neskak aurre egin zion erasotzaileari, eta azkenik ihes egitea lortu zuen. Hortik gutxira, pertsona berberak 62 urteko emakume bat erasotu zuen, baina honek ere alde egitea lortu zuen. Azkenik, Ertzaintza bertaratu zen eta, bizilagunen kolaborazioa medio, erasotzailea atxilotua izan zen, ustez auzoan bizi den gizon portugaldar bat.
Amasa-Villabonako Udalak bi erasoak irmoki gaitzesten ditu. Halaber, Udalak bi emakumeei bere solidaritatea eta babesa luzatu nahi dizkie. Orokorrean eta, modu berezian, gure lurraldean emakumeen aurka gertatzen ari diren erasoaldiek herritarren, erakundeen eta, noski, erasotuak diren emakumeen aldetik errefusatze tinkoa eskatzen dute. Eraso fisikoa, sikologikoa edota hitzezkoa bizi edo ikusten duen edonor, jarri dadila mesedez harremanetan Ertzaintzarekin, Udaltzaingoarekin edota Amasa-Villabona Udaleko Gizarte Zerbitzu sailarekin. Gertakizun hauek salatzea ezinbestekoa da arazo honi konponbidea emateko.
Guztion artean kolaboratu behar dugu, Amasa-Villabona elkarbizitzarako herri atsegina eta lasaia izate aldera. Hori lortzeko, lerro hauen bitartez herritarren laguntza eta kolaborazioa eskatzen ditugu. Azkenik, gure eskerrik beroena igandeko erasotzailea atxilotzeko lagungarri izan ziren auzokideei eta herritarrei.
Amasa-Villabonako Udala