Harkaitz Canok Amasan jasoko du Beterriko Liburua saria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 5a, 14:53

Harkaitz Canok Amasako Kultur Etxean arratsaldeko 19:30etan ospatuko den ekitaldian jasoko du 2011ko Beterriko Liburua ohorezko literatur aipamena. Herritar guztientzat irekia izango da ekitaldia.

111 Akademiako kideek hala erabakita, Harkaitz Canok jasoko du 2011ko Beterriko Liburua ohorezko literatur aipamena, Twist eleberriagatik. Sari-emate ekitaldia maiatzaren 10ean ospatuko da, ostegunarekin, Amasako Kultur Etxean arratsaldeko 19:30etan. Idazle saritua bertan izango da, eta, ohiturari jarraituz, larruz koadernaturiko liburu sarituaren ale bat jasoko du. Ekitaldian Rafa Rueda musikari bizkaitarraren emanaldi laburraz gozatzeko aukera izango da. 111 Akademiak herritar guztiei luzatu nahi die bertaratzeko gonbidapena.

2007az geroztik 111 Akademiak bozketa txanda sistema bidez hautatzen du Beterriko Liburua saria. Orain arteko edizioetan, hiru txanda behar izan dira sariduna izendatzeko, baina aurten, Canoren liburuak bi txanda nahikoa izan ditu izendapena eskuratzeko, bigarren txandan jasotako botoen %47a bereganatu zuen Twist-ek. Orotara, 82 akademiakidek hartu dute parte bozketa prozesuan.

Jasotako zenbait iritzi
111 Akademiaren web gunean Harkaitz Canoren eleberriaren inguruko iritzi ugari jaso da azken hilabeteetan. Hemen horietako bi, Beterri-Aiztondo bailarakoak:
  

 Soto eta Zeberioren desagerpen, tortura eta heriotza ditu oinarri. Haiek salatu omen zituen kidea da kontalari eta protagonista. Bere gazte garaia eta helduaro bitarteko atzera-aurrerako jokoan saretzen du irakurlea oso modu sinesgarrian, benetan gertatu zenaren eta fikzioaren arteko katramilan korapilatua sentitzen delarik bat hau irakurtzean. Eleberri borobila dela esateko, Txejoven ipuin antzeztuaren zatia luzeegia egin zait. Baina, hala ere, asko gustatu zait. (Andoain)


    Lehenengo aldian irakurtzen hasi eta utzi egin nuen, nahastua iruditu zitzaidan. Bigarren aldiz ekin nion, horixe egiteko esan baitzidan gauza bera gertatu zitzaion lagun batek. Tira, asko-asko gustatu zait, kontu eta egoera desberdinak kontatu eta elkarrekin ezkontzeko gaitasun handia duela ikusten da. Bigarren ahaleginean erraz irakurri dut. Borobildu egiten du. (Asteasu)

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!