AHTk kaltetuko dituen hainbat zizurkildarren lekukotza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 5a, 14:46

Dirudienez, uda aurretik has daitezke AHT eraikitzeko lanak Zizurkilen. Besteak beste, baserri eta terreno ugaritan eragingo du tren azkarraren pasaerak. Bizilagunak kezkatuta eta arduratuta ageri dira egoera horren aurrean. AHTko arduradunen aldetik inolako erantzunik jasotzen ez dutela eta, babesgabe eta baztertuta ere sentitzen dira.

Martin Legarra: “AHT pasatzen soilik ikusiko dugu, guri ez digu ezertxo ere emango; kendu, ordea, izugarri”
Ugarte baserria Asteasuko lurretan kokatuta egonagatik, terreno gehien Zizurkilen harrapatuko dizkie AHTk bertako familiako kideei. Martin Legarrak hartu du hitza.

Zer nola eragingo dizue zuei AHTk Ugarte baserriaren inguruan?
Etxaurrean izugarri eragingo digu. Gertu-gertutik igaroko dira kamioiak eta anaia eta biok lanean aritzen garen Danobat txekortegian ere zuzen-zuzenean eragingo du, goitik behera bidea zabaldu beharko baitute bertara edota Burrustidi baserri aldera. Hori guztia itxura denez, izan ere, azken hilabeteotan udaletxeak eman digun informazioa besterik ez daukagu. Gainerakoan ez da inortxo ere gurekin harremanetan jarri.
Beldurrez bizi dugu egoera: lanek irauten duten bitartean, bizpahiru urtean behinik behin, trafikoa, hotsa, lokatza, hautsa…, obrek sortzen dituzten oztopo guztiak agoantatu beharko ditugulako. AHTrena, gainera, ohiko obra bat baino gehiago da. Bidegorria berritu dutenean kexatu egiten baginen, ezin dugu imajinatu ere egin zer etorriko zaigun AHTko lanekin hasten direnean. Guri, batez ere, etxe inguruko bakea hautsiko digu. Dirudienez, beste lekuetan gertatutakoa erreparatuta, tunelak zulatzeko dinamita gaueko ordu txikietan ere berdin-berdin lehertarazten dute. Kasu bakoitza apartekoa izango da. Gure kasuan, ardiak nahiz larre behiak ditugu. Danobat txekortegiaren parean, tunel baten sarrera egongo da. Han itxiturak eta sarbideak daude. Hori guztia ukitzen badute, ez dakigu terrenoak aprobetxatzeko moduan geratuko ote zaizkigun. Terreno horien inguruan ur depositua eta iturburua ere baditugu. Erdi-erdian daudenez, ez dakigu zer gertatuko den haiekin ere. Hori guztiarekin batera, txekortegiko lanpostuak ere kolokan egon daitezke. Zalantza batean bizi gara. Badirudi etxea parez pare botatzen ez badizute ez zarela kaltetua, baina hantxe geratzen zara izugarrizko egoeraren aurrean, inolako erantzunik gabe.
Era berean, baserriaren osagarri bezala, nekazal etxea dugu. Bezeroak lasai egoteko ideiarekin etortzen dira bertara. Aurrerantzean zein lasaitasun eskaini behar diegu? Alde horretatik ere eragin egingo digu, zalantzarik gabe.
Ez da giro izango inguru honetan, tunel asko altxatzea egokitu baita. Eta jakina, bakoitzak bere etxe pareko egoera ikusten du.

Zubi altua izango duzue etxearen gainaldean…
Ibarrako zubia nola, gutxi gorabehera antzeko ikuspegia izango dugu gora begiratutakoan. Horixe iruditzen zait konparaziorik gertukoena. Txekortegiaren parean ere bistan pasako litzateke zubia, 80 bat metroan, ukuilutik 20 metrora. Bere txar-txarrean hori behintzat ezkutatuko balute… Baina kaltetu zuzenenak etxea harrapatzen dietenak hartzen dituzte itxuraz, gainerakoak ez gaituzte kontuan hartzen.

Proposamenik egin al duzue trenaren ibilbidea aldatu eta kalte gutxiago sor dezakeen lekuren batetik pasa arazteko?

Gaur bertan ordubetez telefonoz hizketan aritu naiz Eusko Trenbideen Sarea (ETS)ko arduradun batekin. Kaltetuen zerrenda argitaratu orduko, gugana gerturatuko direla esan dit, hizketan hasteko. Maiatzaren 28tik ekainaren 14ra akta prestatzeko asmoa dutela ere aipatu dit. Kaltetuen zerrenda ateratzetik akta idaztera tarte handirik ez dagoela bururatu zait niri. Badirudi aktak sinatzen direnetik aurrera, sar daitezkeela terrenora lanera.
Gainerakoan, orain urtebete hasi ginen ETSkoekin hizketan, guk deituta beti. Ez dugu inolako erantzunik jaso. Gure nahia inguru hau guztia baretu eta trena mendi aldetik bideratzea litzateke. Baina trenaren bultzatzaileek ez dute guk ikusten duguna ikusten.
Ezertxo ere ez dakigu kalte-ordainen nahiz baldintzen inguruan.

Auzoen artean bildu al zarete gaia eztabaidatzeko?
Hasiera batean hasi ginen, bai. AHTko ordezkariekin ere elkartu izan ginen orduan. Denborarekin, ordea, jendeak etsi eta biltzeari utzi egin diogu. Etsipena nagusitu da.

Zein etorkizun ikusten diozu AHTri?
Noizbait ibiliko al gara, bada, gu bertan? Oraingo egoeran, gainera, beste ezertarako dirurik ez dagoenean, zaila  da trena egingo dutela sinestea ere. 2016rako bukatu nahi dute eta kiebra totala jotzen ez badute behintzat, aurrera egingo dute. Garbi dugu AHTk guretzat ez duela batere balio. Guk bertako, eguneroko zerbitzuak erabiltzen ditugu. AHT pasatzen soilik ikusiko dugu, guri ez digu ezertxo ere emango; kendu, ordea, izugarri.


Adunibarko familia: “Norberari tokatzen ez zaion bitartean, ez da jakiten halako egoera batek zer nolako kezka sortzen duen”
Iñaki Mendizabal eta Pepi Jauregirekin batera, Adunibar baserrian bizi dira Gorka eta Unai semeak. Arduratuta ageri dira baserriaren ondoan eraikiko dieten biaduktoa dela eta.
“Ez dakigu gauza handirik. Zortzi urte daramatzagu badatozela esaten eta hainbeste urte zain egon eta gero, lanean hasten diren arte ezertxo ere jakingo ez dugula konturatu gara”, azaldu dute etsipenez. Gauza bakarra dute argi: Adunibar baserriaren fatxadatik 30 metrora, 200 metro luzeko biaduktoa igaroko dela, 25 metroko altueran. “Baserritik oso gertu igaroko da zubi hori eta izugarrizko burrunba eragingo du, bi tunelen sarrera etxe ondoan izango baitugu. Kezka handia sortzen digu mendiak nola zulatuko dituzten jakiteak, baserritik hain gertu egonda eragin zuzena izan baitezake horrek ere. Bizi kalitatea galduko dugu eta etxeak ere kalte nabarmenak jasoko ditu”, azaldu du Pepik. Lanek lau urte iraungo dutela jakin dute eta arduratuta daude obrek sortuko dituzten ondorioengandik, bai hotsei nola kamioien joan-etorriei dagokionez, besteak beste.

Babesgabe eta kezkatuta
Azken zazpi urte hauetan AHTko arduradunekin hitz egiten saiatu dira, “ezer ere ez zekitela erantzuten ziguten beti. Prentsan proiektua onartuta zegoela jakin genuenean, serio jo genuen berriz ere haiengana. Gaur arte”, azaldu du senar-emazteak. Diotenez, baserria botatzen ez badute, bizitza normala egiteko eragozpenik ez dagoela erantzun izan diete, “jendea lasaitzeko erantzuna besterik ez da hori. Gu planoen zain gaude oraindik ere”. Duten informazio guztia azken legealdiko udaletxeak eskainitakoa dela argitu dute, “guretzat garrantzitsua izan da norbaitek entzuten digula eta egoerak kezka sortzen duela ikustea. Orain artean batere babesik gabe sentitu gara. Apururen baten aurrean udaletxeak erantzungo duen esperantza badugu”, diote.
Hasiera batean botatzekoa bazuten ere, itxura guztien arabera, Adunibar baserria zutik mantenduko da, eta ondorioz, bertako biztanleen izena ez da kaltetuen zerrendan ageri, “kaltetuen zerrendan ez, izorratuen zerrendan gaude gu”, uste dute. “Baina etxe ondoan halako biaduktoa egiten duten bitartean, etxera pasatzerik izango al dugu? Beste norabaitera joan beharko ote dugu?”, zalantza eta kezkaz beteta daudela aitortu dute, informaziorik ez daukatelako”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!