Baserriko lan isila, atsedenik gabea

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 5a, 14:43

San Isidro egunaren atarian, baserriko lana mintzagai hartu du Mikaela Kortajarena eta Juan Legarra senar-emazte asteasuarrak. Urteek aurrera egin ahala, beti ezagututako bizimoduari eusten diote oraindik ere eta baserriko lanetan jarraitzen dute, sasoiko.

Juan Legarra asteasuarra Zizurkilgo Iragorri baserrian jaio bazen ere, duela 72 urte, Zizurkildik Asteasuko Elizmendi auzoko Agerre Bekoa baserrira etorri ziren bizitzera hamahiru senideak: Agapito aitona, Meliton eta Saturnina gurasoak eta hamar anai-arrebak.

Asteasuko Goi bailarako Ondartza baserrian jaio zen, berriz, Mikaela Kortajarena. Bertan bizitu zen ama eta bost anaiekin batera, aharik eta Juan Legarrarekin Agerre Bekoa baserrira ezkondu zen arte.

Bi asteasuarrek ume-umetatik ezagutu zuten baserriko lana eta baserrian bertan nahiz inguruko soroetan lan ugari egindakoak dira bata zein bestea. “Beste inora atera gabe, baserritik baserrira ezkondu nintzen ni”, azaldu du Mikaelak. “Emakume edo gizon izan, denetik egitea egokitzen zitzaigun: soroan, segan, animaliak gobernatzen…”. Makinen laguntzarik gabe, eskuz lan egiten zutela gaineratu du Juan senarrak: “orduan ez zegoen lana errazten zigun makinarik. Eskuz egiten genuen lan guztia. Orain horrenbeste aurrerakuntza egonagatik, ordea, baserri huts asko dago. Krisi honekin igual hasiko dira berriz ere batzuk baserriko lanetan. Dudarik gabe, lehen bezala, lana izango da, baina dirua gutxi”.

Juan eta Mikaela, ume garaian hasita, maiz ibiltzen ziren idiak hartuta Asteasuko sailetan barrena. “Anai-arrebok, Andezarretako mendietan ibiltzen ginen gehienean, ganaduak hartu eta Eskortan bereziki. Asteasuko beheko zelaietan belar gutxi bil zitekeen, arto edo gari soroak baitziren gehienak. Ganaduentzako bazka nahi izanez gero mendira joan beste erremediorik ez zen izaten”. Juan Andezarraten bezala, gaztetxotatik aritu ziren langintza horretan, Mikaela eta bere sendia ere, Asteasuko goi bailarako terrenoetan.

Behiak eta txerriak hazi
Senar-emazteak betidanik eduki ditu animaliak etxean. Ezkondu eta gero ere, beti izan dituzte behiak, “lehen esne-behiak izaten genituen etxean, baina duela 14 urte, esnetako behiak utzi eta haragitakoak jarri genituen. Azken horiek askoz ere lan gutxiago ematen dute. Hori bai, ez dute etxerako adina esnerik ere ematen; kanpotik ekarri behar izaten dugu. Haien haragia aprobetxatzen dugu”.

Behiekin batera, txerriak, konejuak nahiz oiloak izan dituzte gehienean. “Hiru txerrama behintzat hazi ditugu eta txerrikumeak ugari. Matantza etxean bertan egiten genuen eta txerria hiltzen zenean, aspaldian galdu zen usadioa berritzen zen: auzoko bizilagunei, odolkiak, gibel puska, haragi zati nahiz hezurren batzuk ematen genizkien aza hostoetan bilduta. Haiek berdin, bueltan ekartzen ziguten euren txerria hiltzen zutenean: truke modukoa izaten zen. Ohitura hartatik etorriko da ‘odolkiak ordainetan’ esaera zaharra. Egia esan, oso ohitura polita zen”, azaldu dute.

Sagarra, babarruna, gaztaina…
Fruta-arbola ugari izan dute betidanik Agerre Bekoa baserriaren inguruan: sagarra, harana, melokotoia… “Fruta mota asko izaten zen eta orain baino hobeto kontserbatzen zen, gainera. Sagarra behintzat oso estimatua zen merkatura tratura joandakoan. Zulatua bazen ere ederki saltzen zen, oraingoaren aldean”, esan du Mikaelak. Koinatak Ondarretako kartzelara sagar ugari eramaten zuela ere gogoratu du, sagarrondoen gaia aipatu dutenean. Segidan, babarrunak ere oso harrera beroa izaten zuela gehitu du Juanek eta emazteak, Donostiako Bretxako salmentak ekarri ditu gogora, “babarrun lakaria (3 kilo), 25 pezetatan saltzen zen. Bost lakari eramaten genituen Bretxara abiatzen ginenean eta haiek saldutakoan, asterako beharrezko gaiak ekartzen genituen bueltan Donostiatik”. Egun, ordea, babarruna gero eta nekezago saltzen da Juanen ustez, garesti baitago oso. Sagarra edo babarrunarekin batera, Agerre Bekoa ondoko gaztainondoetan bildutako gaztainak ere izugarri estimatuak ziren Tolosa edota Ordiziako azokatan. “Abuztu amaieran edota irailaren hasieran hasita, mila kilo gaztaina erraz biltzen genituen etxeko gaztainondoetan. Bildu bezain erraz saltzen ziren orduan gaztainak”, aipatu du Juanek.

Baserriaren egoera iluna
Egun, baserriaren egoera gordina dela uste dute. Baserri handiek hortxe-hortxe, baina txikiek, bertatik bizi ahal izateko jai dutela dio Juanek: “haragiaren kalitatea hobetzeko eginahalak egin eta Eusko Label zigiluan sartuta ere, kosta egiten da gaur bertako txekorrak saltzea. Kanpoko haragia saltzen da hemen gehien, merkeago ekartzen dutena. Jendeak bertako haragia baloratzen ez badu, ez dago zereginik. Badirudi gehiengoari ez zaiola hemengo edo kanpoko haragia jatea axola, merkeago jatea inporta zaio”. Haragiarekin bezala, esnearekin ere gauza bera gertatu dela aipatudute: kanpokoa merkeago ekarri eta bertakoa enbasatu egiten dela.
Baserrikoa lan lotua eta neketsua izanagatik, oraindik ere ez dira nagitu Juan eta Mikaela. Gogoz eusten diote eguneroko lanari, “ahal duguna egiten dugu oraindik”, azaldu dute irribarretsu. 07:30etarako hasten da Juan ukuiluan bueltaka. Etxeko konfiantzazko haragia jateko aukera izatea gauza ederra bada, haragi behiek beste alderdi on bat ere eskaintzen diete: “etxe inguruko terrenoak garbi mantentzeko ere ederki etortzen dira”. Etxe inguruan sasirik ikusi ezin duela aipatu du Juanek, umetatik ingurua garbi ikustera ohitu baitira beti, “pentsa, mendira belarretara joaten ginenean, erratza hartuta biltzen genuen bazterretako orbela. Eskolara joan beharrean, antzeko lanetan aritzen ginen”.

Astelehenetan Tolosara hitzordua
Juanek badu aspaldiko urteotan galdu ez duen ohitura bat, hain zuzen ere, astelehenero lagunartean Tolosara joatea: “hutsik egin gabe, Tolosara joan ohi gara astelehenero zortzi bat lagun. Bertan bazkaldu, musean aritu eta 17:00etarako etxera itzultzen gara”. Orain larunbatetan soilik izaten da azoka, baina garai batean, ganadu azoka jendetsua egiten zen astelehenetan. Ohitura hari eutsiz, asteko lehen egunean hitzordua mantentzen dute oraindik ere, “orain ganadu feria beharrean, aiton feria izaten da astelehenetan Tolosan. Autobus asko joaten zen lehen, jende gutxiago orain, baina lagunartean biltzeko aukera polita da”, aitortu du.

San Isidro eguna
Maiatzaren 15ean izan ohi da San Isidro eguna; baserritarren ospakizun eguna, alegia. Juan eta Mikaelak badute egun hori ospatzeko ohitura azken urteotan, “orain ospatu egiten da San Isidro eguna, baina gu gazteak ginenean ez zen festa eguna izaten. Meza izaten zen goiz partean eta elizaren bueltan egurrezko idiak bizkarrean hartuta prozesioa egiten zen ondorenean. Gero, jende gutxi joan ohi zen bazkaltzera; lana zain egoten baitzen baserrian”, adierazi dute. Egun, ordea, lanetik etena egin eta herriko gainerako baserritarrekin biltzeko aukera paregabea izaten da maiatzaren 15ekoa, “meza eta gero, hamaiketakoa egin ohi dugu sakristian bertan, bakoitzak zer edo zer etxetik eraman eta guztion artean elkarbanatuta. Idi eta zaldi apustuak antolatzen dira eguerdian plazan; ikusmira sortzen da, bai, sagardotegira bazkaltzera joan aurretik”. Gaur egun San Isidro eguna baserritar gehienek ospatzen dutela diote Mikaelak eta Juanek, “orain, garai batean baino lan gutxiago egiten baita baserrian”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!