Abiatu da Maiatza Saltsan Zizurkilen, igande honetan Andatzara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 5a, 14:41

Gartxot filma eskaini ondoren igande honetan Andatza Egunara joateko dei egin dute.  Oinezko ibilaldiaren ondoren, hamaiketakoa, herri kirolak eta bazkaria izango dira. Aurtengo ekitaldi guztiak 1512 Nafarroako konkistara lotuta daude. Hortik dator aurtengo ekinaldiaren azpititulua: ‘1512-2012, Erresuma zaharrari keinua’.

Azalpenak eta egitaraua, jarraian:

Maider Agirre kultur teknikariak adierazi duenez, lehen begiratuan ez dirudien arren, Zizurkil oso lotuta dago gertaera haiekin: “Teodoro Hernandorena kultur elkarteak, –gerora Udala batu egin zaio proposamen horri–, Zizurkilgo armarria aldatzeko nahia erakutsi zuen hilabeteak atzera. Jakina denez, egun Zizurkilek duen armarria oso lotuta dago Nafarroako konkistaren kapitulu txiki batekin: Gaztelaren erresumaren alde borrokan aritu ziren gipuzkoarrekin, alegia. Gertaera haien harira, euren armarriko irudi modura, borroka hura islatzen zuten hamabi kanoiak hartu zituzten Gipuzkoako Foru Aldundian nahiz hainbat herritan. Bada, Zizurkilen ez gainerako herrietan nahiz Foru Aldundian armarritik kanoi horiek kentzeko autua egin dute dagoeneko. Konkistaren urteurrena kontuan hartuta, beraz, Zizurkilgo armarria aldatzeko une egokia da oraingoa”. Martxan da dagoeneko armarria aldatzeko prozesua, Udalak parte hartzearen bidetik bultzatu duena, “urrats administratiboak tarteko, prozesu luzea izango da, baina Udalaren asmoa, urte amaierarako armarri berria martxan izatea da eta guztion artean aukeratutako logotipo berria ofizialak ez diren agirietan behintzat erabiltzen hasteko aukera izatea”, argitu du kultur teknikariak.

  • Maiatzak 6, igandea: Andatza eguna. Oinezko ibilaldiaren ondoren, hamaiketakoa, herri kirolak eta bazkaria. Trikitilariak eta bertsolariak.
  • Maiatzak 10, osteguna: ‘1512 Nafarroaren konkista’, bideo proiekzioa eta azalpena, Nabarralderen eskutik. Hizlaria: Anjel Rekalde. 19:30etan Atxulondon.
  • Maiatzak 12, larunbata: Alurr dantza taldearen ‘Izanak dirau 1512’ ikuskizun berria. 22:30etan Zizurkil goiko Intxaur pilotalekuan.
  • Maiatzak 17, osteguna: ‘Zizurkilgo armarria’ hitzaldia, Aranzadi zientzia elkartearen eskutik. Hizlaria: Juantxo Agirre Mauleon. 19:30etan Atxulondon.
  • Maiatzak 19, larunbata: Kantu eguna Zizurkil goian. 12:00etatik aurrera, Kantu Jirako kideen emanaldia kalean. 14:00etan kantu bazkaria. Bazkalondoan, Amalur taldearekin kantu saioa. Ondoren, erromeria.
  • Maiatzak 25, ostirala: Musika emanaldi instrumentala Loatzo musika eskolako kideen eskutik. Ondoren, Kantu Jirako kideen emanaldia. Abestiak Nafarroako erresumarekin lotutakoak izango dira. 19:00etan Atxulondon.
  • Maiatzak 30, asteazkena: Ipuin kontaketa 5-10 urte bitarteko umeentzat, Kontu Kantoi taldearen eskutik. 17:15etan Atxulondon.


Egitaraua osatzerakoan, euren helburua herritar guztiengana iristea izan dela adierazi du Agirrek eta ekintzak bideratuta, gustura daudela, egitaraua Nafarroako konkistaren gaiarekin lotzea lortu dutelako. “Hasieran beldur ginen, umeentzat bereziki, gaia oso eskuragarria ez ote zen iruditzen zitzaigulako. Baina haientzat ere ekintza erakargarriak antolatu ditugu”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!