Gorostidi Harria txapelketa Adunan,Aimar Irigoien txapeldun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mai. 5a, 14:37

Igandean jokatu zen Gorostidi Harria txapelketaren seigarren edizioa. Inoz baino parte hartzaile gehiagorekin; hamabi guztira.  Arratsaldeko 18:00etan hasi zen lehia Adunako pilotalekuan. Hamabi harri-jasotzaile aritu ziren 160 kiloko zilindro zaharrarekin.

Argazki-bilduma

Iñaki Gorostidi Aiurri hamaboskarian:

“160 kiloko zilindro zaharrarekin, bost minutuko txanda bakarrean bi eskuz ahalik eta jasoaldi gehien egitea izango da lehen txapelketa. Denbora berean, esku bakarrez ahalik eta altxaldi gehien egitea izango da bigarren lehia. Ostolaza eta Irigoienek saiakera hori egingo dutela iruditzen zait”.
Joseba Ostolaza, Josetxo Urrutia, Landarbide, Iban Ugartemendia, Aimar Irigoien, Unai Belloso, Unai Lertxundi, Aimar Galarraga, Urtzi Telleria, Izeta III, Urpe eta Jokin Aizmendi izango dira lehiatuko diren harri-jasotzaileak.

Erronka berezia,
esku batez
Beste erronka berezi bat ere izango dute Adunara hurbilduko diren kirolariek: “185 kiloko zilindro zaharra bertan egongo da. Esku bakarrez altxatzea lortzen duenak sari berezia etxeratuko du”. Azken bost urteotan, Ostolaza izan da saiakera egin duen bakarra. “Azkenekoan, harriari heldu eta altxatzen ari zela, alde batera erori zitzaion eta puskatu egin zen. Harria konpondu eta aurten berriz ere plazara eramango dugu. Irigoienek edo Ostolazak saiakera egingo dutela aurreratuko nuke”, gaineratu du Iñakik.
Gorostidiren marka
160 kiloko harria esku bakarrez altxatutakoa da Iñaki Gorostidi adunarra: “Aurretik badu heldulekua, baina atzealdetik ez. Zuzenean atzetik helduz altxatzen nuen harri hori. Pisu txikiko kirolaria nintzen eta marka politak lortu nituen nire garaian. 185 kiloko zilindro zaharrari bi altxaldi eman nizkion, esku bakarrez. Saio hartan bertan, 208 kiloko zilindro zaharrari lau altxaldi eman nizkion”.
Urrutia eta Telleriaren arteko lehiak ere ikusmina sortuko duela deritzo Iñaki Gorostidik: “Pisu txikiko jasotzaileak dira eta iaz pisu bikoitzean apustu bat egiteko asmotan ibili ziren. Bien arteko lehia polita aurreikusten da”.
Landarbideren azken denboraldia
Landarbidek ere protagonismo berezia izango du aurtengo ekitaldian. “Bera izango da parte-hartzailerik beteranoena. Berrogeita hamairu urte ditu eta aurtengoa izango da bere azken denboraldia. Mutil gogorra da. Korrikalari izan zen bere gazte garaian eta geroago erabaki zuen harriari heltzea. Marka polita jarri zuen: ehun kiloko kubikoa ehun eta hirurogeita hamabost aldiz altxa zuen ordubeteko lan saioan”, azaldu du Iñakik.  
Jendetza handia hurbiltzen da urtero Gorostidi Harria txapelketara. “Muxkil elkarteak antolatzen du eta jendaren erantzuna oso ona izaten da.  Ez da sarrerarik ordaindu behar izaten eta jendeari borondatea eskatzen zaio, gastuei aurre egiteko. Aurtengo saioa ETBk grabatu eta eskainiko duela esan digute”.
Uztartza tabernan jartzen dituzte altxa beharreko harriak: “Saioa baino hogei bat egun lehenago eramaten ditugu tabernara. Modu horretan, inork ez du harri horiekin frogarik egiteko aukerarik izaten”.

Gazteak prestatzeko gogoz
Harri-jasotzen erakusteko prest azaldu da Iñaki Gorostidi. “Gustura erakutsiko nioke ikasteko gogoa duen gazteren bati. Momentu honetan nahikoa geldirik dago harri-jasotzea eta pozik hartuko nuke gazteren bat. Indarra eta teknika behar dira kirol honetan aritzeko eta horretan trebatu ahal izateko, gogoa izan behar da. Gu gazteak ginenean, oilo-ipurdia jartzen zitzaigun harria ikusi orduko. Hori sentitu behar da kirol honetan aurrera egin ahal izateko”, amaitu du Iñaki Gorostidik.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!