Galder Azkue Villabonako alkateak, prentsa aurrean azaldu du egoeraren berri: "iritsi berri den epaiak dionez, Villabona Lantzenek ia millioi bat euro ordaindu behar dizkio Eguzki eraikuntza enpresari. Villabona Lantzenek, ordea, ez du likideziarik. Egoerari nola aurre egin erabakitzeko, negoziazio bidea zabaldu dugu, Eguzki enpresako ordezkariekin eta epaitegiarekin. Villabona Lantzenek badu aktibo edo higiezin multzo bat; zenbait garaje eta lokal komertzial. Higiezin horien balioa, 1,5 milioi eurotan finkatu dute. Lokal eta garaje horien salmentak ekarriko luke ordainketari aurre egin ahal izateko diru iturria. Eguzki enpresako ordezkariek onartu egin dute plan hori eta orain, epaitegiaren erantzunaren zain dago Villabona Lantzen".
2012ko abendura arteko epea dute higiezinak saldu eta ordainketa egiteko: "Likideziarik lortuko ez bagenu, berriz ere negoziazio prozesua ireki beharko genuke".
Epaiaren inguruko iritzia ere eman du Galder Azkuek: "Gure ustez, ez da batere ulergarria epaitegiak Eguzkiri arrazoia ematea, baina onartu egin beharra dago eta egoerari aurre egitea egokitu zaigu".
Malkar plazako eraikuntzak amaituta, Eguzki enpresak, esleipen prezioaren gaindiko ia %50eko igoera aurkeztu zuen likidazioan: "Epaileak justifikazioa ikusten dio igoera horri. Guk aldiz, ez diogu batere justifikaziorik ikusten eta hala frogatzen saiatu gara hainbat informa perizialen bidez. Guretzat hain nabarmena dena, ordea, epailean ez du hala ikusi eta arrazoia eman dio Eguzki enpresari".