Urteko Udal aurrekontuen negoziazioaren balorazioa egin du Udal gobernu taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 17:44

2012rako aurrekontu onarpenerako prozesuaren inguruko balorazioa egin nahi du. Horra adierazpena:

"Andoaingo udal gobernu taldeak Udal gobernu taldeak aurrekontuen proposamena aurkeztu zuen martxoaren hasieran; aurkezpena bi eremutan gauzatu zuen, alderdi eta sindikatuei alde batetik, eta Basteron gauzatutako batzar ireki baten bidez herritarrei, beste aldetik. Lehen aurkezpen horren ondotik, negoziaziotarako bidea zabaldu zen alderdiekin aurrekontuek adosteari begira. Kasik bi hilabete pasa dira orduz geroztik, eta alderdiekin izandako kontaktuen harira, Udal gobernuak egoeraren inguruko balorazioa plazaratu nahi du.

Lehenik eta behin, aurrekontu onarpenaren prozesua behar baino gehiago luzatzen ari dela azpimarratu nahi du; zailtasun ekonomikoek proposamena ixtea konplikatu egin zuten, eta zenbait alderdiek erakutsitako arduragabekeria tarteko, are gehiago luzatzen ari da. Proposamena aurkeztu eta iritzia-ekarpenak jasotzeko lehen bilera, hain zuzen, aurkezpenetik bost astera gauzatu zen alderdi guztiekin; PPrekin salbu, non bere ordezkariak Gipuzkoako Batzar Nagusietan dituen eginkizunak tarteko, ez duen gobernu taldearekin elkartzeko betarik izan orain arte. Hori bai, aurrekontu proposamena oraindik ofiziala izan gabe, osoko zuzenketa aurkeztu du Udalean.

PSE-EEkin, berriz, ahaleginak egin badira ere, bilera bakarra gauzatu da euren proposamenak jasotzeko, eta bilera horretan erakutsitako jarrera axolagabearen ondotik, aurrekontu proposamenari inongo ekarpenik ez diotela egingo jakinarazi zioten udal gobernu taldeari.

Guztia ez da okerreko bidetik joan, ordea; EAJrekin izan da, orain arte, sintoniarik handiena, bizpahiru bilera gauzatu eta iritziak partekatu ostean, akordiorako ateak zabalik segitzen baitute. Jeltzaleek hainbat proposamen luzatu dizkiote udal gobernuari, eta begi onez hartu dira udal taldean. Horiek txertatuta eta ondo bidean, maiatzeko udalbatzako osoko bilkuran aurrekontuak onartzeko aukerak badaudela deritzo udal taldeak.

Dena dela, urtea hasi zenetik lau hilabete pasa diren honetan, Udal gobernu taldeak erabat arbuiatu nahi du zenbait alderdien jarrera; PSE-EE eta PP taldeek denbora pasatzen utzi dute, hasiera-hasieratik ezezkoaren eta blokeo nahiaren erabakia hartua zutenean. Erabat salagarria da haien jokaera, inongo argudio, azalpen edo motiborik eman gabe, aurrekontu proposamena alboratzea erabaki baitute. “Ezezkoaren blokea” osatzen ari dira PSE-EE eta PP, eta horrek asko kezkatzen du gobernu taldea, herritarren interes eta behar handikoak diren urteko aurrekontuak bezalako egitasmoak kinka larrian jartzen baitituzte; interes partidistek bultzatzen dituzte beste ezer baino gehiago, konturatu gabe, horien ondorio eta eraginak sufritzen dituztenak herritarrak direla.

Horiek horrela, EAJ taldeak egin bezala, elkarrizketaren, kontsentsuaren eta parte-hartzearen lerrora gehitu daitezela eskatu nahi die udal gobernu taldeak PSE-EE eta PP alderdiei. Ezadostasunen gainetik, akordioetarako aukerak handiak dira, eta guztiek, herritarrek, dute irabazteko bertatik. Udal gobernu taldea bidelagun izango dute horretan".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!