Santakrutzak, aldaketak Ezpata-dantzan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 14:05

Ezpata Dantza hobetze aldera, berrikuntzak erantsi izan dizkiote bultzatzaileek urtez urte, berreskuratu zutenez geroztik. Hain zuzen, bi berrikuntza iragarri dituzte Urki taldeko ordezkariek aurtengorako.

Nagusiena, Santa Krutz ermitaren barruan ere dantzatu egingo dela izango da. Orain arte, bi txandatan egin ohi zen Ezpata-dantza, kalean biak ere. Aurten, ordea, hirugarren saioa erantsiko da; meza santuan izango da hori, eta dantzari gonbidatuek buruzagiarekin (Asier Garmendia) egingo dute.
Bigarren berrikuntza, lehena baino txikiagoa izango da, eta brokel-dantzaren zikloaren barruan kokatuko da. Guztira, bederatzi dantzek osatzen dute zikloa, baina Andoainen lau egingo dituzte, dantza saioa gehiegi ez luzatzearren. Horiek izango dira: boastitzea (honekin sartuko dira "plazara", hots, Zubiaurre etxearen parera), eta bertan, Brokel-makilena, uztai-txiki eta makil-handien dantzak dantzatuko dituzte. Hurrengo urteetan aldaketa gehiago izango direla ziurtatu dute Urkiko kideek.
Azkenik, gogoratu behar da herritik kanpoko dantzariei gonbitea luzatzeko usadioari eutsiko zaiola. Era horretan, Elgoibarko Haritz dantza taldeko kideak etorriko dira: Jon Lizarralde "Indio", Eire Vila, Jael Lizundia eta Maialen Garate.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!