Kilometroak gunea Zumea plazan, Santa Krutz jaietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 14:01

Kilometroak jaiaren lekukoa Andoainera ekarri zutenetik sei hilabete pasa dira. Horrek esan nahi du sei hilabete barru iritsiko dela egun handia. Gutxi asko, beraz, antolatzaileak bide erdian daude. Arkaitz Lasa Andoaingo Kilometroak jaiaren koordinatzaileak egindakoaz eta egitear dagoenaz hausnarketa egin du Aiurri astekariarentzat.

Egitaraua eta elkarrizketa jarraian:

KMK 12 GUNEA
Apirilak 27, ostirala

  • 19:30 Irekiera ekitaldia.

Apirilak 28, larunbata

  • Egunean zehar Kilometroak karpan garagardo festa. Eguerdian eta gauean ohiko menua jateko aukera eskainiko da: Garagardo bereziak, ukondoa, saltxitxa bereziak eta patata purea.

Apirilak 29, igandea

  • 22:00 Kilometroak karpan bakarrizketa saioak.
  • Maiatzak 1, asteartea
  • 16:00 Kilometroak karpan margoketa eta eskulan tailerrak.  (9-12 urte bitartekoek kamiseta zahar bat eraman).

Apirilak 28 eta Maiatzak 1    

  • 16:00-20:00 Tonbola Zumea plazan.

 

ARKAITZ LASARI ELKARRIZKETA

Kilometroak jaiari dagokionez, Azpetitik Andoainerako bidea urtebetekoa da. Erdibidera iritsi zarete, zein da egiten duzuen analisia?
Arkaitz Lasa. Kanpora begira, gizartearen aurrean, hori da ikusten dena. Baina urtebete luze daramagu batzuk lanean. Lan asko egin dugu eta hainbeste geratzen zaigu! Kar, kar...
Bidea eginez ikasten ari gara. Urtean zehar egiten ari garen ekimenetan ahalegin handia egiten ari gara. Urriaren 7a, bestalde, urruti samar ikusten da. Baina piskanaka egutegiari begira jarri eta eguna gerturatzen ari da. Eta horri begira oraindik ere lan asko dago egiteko.

Ezin uka Kilometroak mezua gizarteratzeko lana ondo betetzen ari zaretela, Andoainen bereziki.
A.L. Hori espero dugu. Ikastolaren eta euskaltzaleen inguruko gizarte sareetan bai, beharbada oraindik orain ez gara gizarte sare osora iritsi. Ez da hori gure helburu bakarra. Eskualdean eragiteko asmoa badugu. Eskualdean eta Gipuzkoan.

Udazkenerako galdera litzateke, baina euskararen erabilera areagotzeko baliagarria izango da Kilometroak.
A.L. Bai, hori bermatzea hala ere zaila izango da. Baina eragin dezake euskararen aldeko sentimendua areagotzeko. Eta euskararekiko edota ikastolarekiko loturak estutzeko.

Ibilbidea, segurtasuna, guneak,.. sei hilabeteren faltan nola doaz Kilometroak jaiaren atal garrantzitsu horiek?
A.L: Ibilbidea zehaztuta dago. Ibilbideari lotutako segurtasun plana eta arriskuen analisia egina dago. Gune bakoitza nola osatuta egongo den definitzen ari gara egun hauetan. Sorospen postuak non kokatu ere zehazten ari gara.
Irisgarritasunari lotutako xehetasunak ere antolatzen gabiltza. Aparkalekuak ere nahizko zehaztuta dauzkagu, bakoitzean sartuko den ibilgailu kopuru zehatza neurtu behar dugu.
Protokoloa eta harrera ekitaldia definitzen ari gara, baita egunean bertan egingo dugun omenaldia ere.

Santakrutzetan gunea ipiniko duzue, zein helbururekin?
A.L. Kilometroak jaiaren helburuetakoa ekonomikoa da, baina baita herria girotzea ere. Jaiarekin bat egin eta herritar guztiei zuzendutako ekitaldiak antolatu nahi ditugu.
Goizeko 11:00etan ireki eta goizaldeko 01:00ak arte irekiko dugu. Janaria eta edaria eskainiko dugu baina ekitaldiak ere antolatuko ditugu. Besteak beste, garagardo azoka, haur jolasak edota bakarrizketa saioak. Karparen ondoan, tonbola jartzeko asmoa dugu.

Herriko dendari edota tabernari batek zuen ekimenak konpententziatzat hartuko balitu, zer erantzungo zenioke?
A.L. Gaur egun bizi dugun egoera ekonomiko zailean, ulertuko nuke horrelako erreakzioren bat.
Kilometroak proiektua sustengatzeko hainbat ekimen burutuko ditugu aurten. Eraikuntza berriaren gastuaren zati bat finantziatu beharra daukagu lortutako diruarekin. Dirua lortu behar dugu, eta gure ekimenaren iraupena urtebetera mugatuko da.
Zera gaineratu nahiko nuke ere, ikastolak heziketarekin loturiko zerbitzu bat eskaintzen diola herriari. Beraz, lortuko duguna herriarentzat izango den zerbitzu batean isladatuko da.

ETENIK GABE LANEAN
Santakrutzak amaitu eta Kilometroak jaiaren lan batzordeak lanean jarraituko du etenik gabe: maiatzaren 11n dantza ikuskizuna Basteron, teknologiari buruzko jardunaldiak maiatzaren 12an, kantuaren bideo kliparen grabaketa maiatzaren 19an, gastronomia jardunaldiak maiatzean ere...

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!