Jalgi plazara dantza jaialdia igandean Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 13:57

Aurrera Gure Ametsa dantza taldeak Jalgi plazara jaialdiaren hamaikagarren edizioa prest du iganderako, Udalaren eta Presentación de Maria nahiz Salesiar ikastetxearen laguntzarekin egiten duena.

Egitaraua: Apirilak 29, igandea. Urnieta, San Juan plaza  “Jalgi plazara” :

11:30 Musika saioa.
12:00 Santurtzi, Hernani eta Urnietako Aurrera Gure Ametsa taldeen saioa.
13:30 Kalejira kalez kale.

Urnietako dantza taldeak  hainbat jaialditan parte hartu izan du bere ibilbidean: Andoain, Lasarte, Zarautz, Mutriku, Durango, Lodosa,... Horrez gain garrantzia ematen dio kultur elkartrukeei. Polonian, Galizan edota Katalunian izan dira. Aurtengo edizioan Arizkuneko Sagar-dantza, Kaskarot, Otsagiko dantzak eta Arratia dantzatuko dituzte.
Aurtengo gonbidatuetako bat gertukoa da, Hernanikoa hain zuen. Ttarla dantza taldeak Brokel dantza, Uztai dantza, Zinta dantza, Fandangoa eta Arin-arina eskainiko du.
Santurtzitik dator gonbidatu duten beste taldea. Ibilbide luzea duen taldea da, Mendi Alde dantza taldea, 1961. urtean sortu baitzen.
Eguraldia oso kaskarra izanez gero emanaldia Saroben egingo dutela ohartarazi dute antolatzaileek.

Musikariak
Dantza nagusi bada ere, ezin aipatu gabe utzi jaialdian parte hartuko duten Urnietako musikariak: Asier Lizartza eta Tomas Belver dultzaineroak, Juanma Zarranz baxujolea, Angel Iriarte kitarra jolea, Alex Rodrigues perkusio jolea edota David Belver teklista eta trikitilaria. Ezin ahaztu Bosko Anitz txaranga eta Lurdes Iriondo musika eskola.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!