Dantzak ahotsa altxa du

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 13:54

Euskal dantzan mugarritzat jo daiteke Eibarren deitu zuten bilkura. Euskal Herriko lurralde guztietatik ehunka dantza eragile bildu zen, “Euskal dantzaren adierazpena” agiria sinatzeko. Euskal dantzari ondare izaera aitortu eta sustatzeko neurriak eskatzea da agiriaren helburua. Andoaingo Urki eta Axeri Dantza elkarteen ordezkariak ere bertan izan ziren; tartean Izaskun Beraza Urkiko zuzendaria. 

Egingo al zeniguke Eibarren larunbatean gertatutakoaren kronika laburra?
Izaskun Beraza:
Ekitaldiaren  bultzatzaileek euskal dantzaren inguruko adierazpen bat proposatu zuten. Ekarpen piloa jaso ostean, Euskal Herriko bazter guztietatik etorritako ehunka dantzarik, dantzazalek, dantza erakuslek, partitura egilek, trikitilarik, txistularik eta folkloristak  sinatu genuen.
Hunkigarria eta polita, ahaztu ezin den egun horietakoa izan zen. Egunerokoan gabiltzan makina bat dantza eragilez gain, ospetsuagoak ere bertan izan ziren: Edu Murumendiaraz, Kepa Junkera, Jose Inazio Ansorena, Oier Arabaolaza, Urbeltz, Philippe Oianburu, Jon Maia…

Nolako diagnostikoa egiten duzue zuek, euskal dantzaren egungo egoeraz?
I.B.:
Krisia dela eta, kultur programazioetako lehen sakrifikatua dantza izaten ari dela ohatuta gaude. Badirudi Euskal Herriko paisajean dagoen gauza natural bat dela, arbasoengandik datorkiguna, zaintzarik behar ez duena, eta berez mantenduko dena betiko.

Euskal dantza behar beste ez dela baloratzen diozu, beraz…
I.B.:
Folkloretzat jotzen da oraindik, modu peioratiboan. Maiz ematen du gehiago baloratzen dela kanpoan, etxean baino. Geurea dena geuk ez badugu baloratzen eta zaintzen, ziur egon kanpokoek ez dutela egingo.  

Hemendik aurrera zer? Adierazpenak, zer nolako ibilbidea eduki dezake?
I.B.:
Ezingo genuke ziurtatu ezer, baina Eibarren bildutako guztiek argi daukagu urrats gehiago eman behar direla eta emango ditugula. Hura hasiera besterik ez dela izan. Izan ere, handik harrotasun puntu batekin irten ginen, buru estima moduko batekin; alegia, asko garela berdin pentsatzen dugunak euskal dantzaren inguruan, eta urratsak emateko gogoz gaudela.

EUSKAL DANTZAREN ADIERAZPENA
“Euskal dantza tradizionala babestu beharreko ondare, komunikazio lengoaia, gozamen iturri, sozializaziorako eta erritualerako tresna eta nortasun ikurra da. Altxor hau transmititzen jarraitzeko, ezinbestekoa dugu gure kulturaren jarduera oparo hau guztion artean zaindu eta hedatzea, eta horretarako, dantzari buruzko ezagutzan eta trebaketan sakontzea.

Kultura koreografiko tradizionala gorde eta zabaltzeko jardueren bidez, ondarea babesteaz gain, balio estetiko eta kulturalak transmititzen dira, eta kulturen arteko elkarrizketa bideratzen da. Hiri, herri eta auzoak kulturalki eta sozialki artikulatu eta dinamizatzen dira, turismorako eskaintza erakargarriak ekoizten dira eta eremu horien aktibitate ekonomikoan eragiten da.

Dantzari, dantzazale, ikertzaile, musikari, artisau, komunikabide eta erakundeek, banaka ala komunitatean, guztiok dugu erantzukizuna:

  1. Euskal dantza tradizionalaren ondare izaera aitortzen dugu eta hori zaintzeko ardura, dantzari eta dantzazaleokin batera, gizarte, komunikabide eta erakundeekin partekatu nahi dugu.
  2. Tradiziozko musika, kantu eta dantzak, eta horien aldeko ikasketa, transmisioa, zabalkundea, ikerketa, artapena, babesa eta sustapenean lan egiten duten dantza talde, elkarte, erakunde eta norbanakoak balioetsi nahi ditugu. Egin duten eta egiten duten lan eskerga aitortu eta eskertu, eta bide horretan laguntzeko kultur politikak beharrezkoak direla adierazi nahi dugu.
  3. Premiazkoa da dantza tradizionalaren ezagutza, transmisioa eta hedapena sustatzeko neurriak hartzea, besteak beste:

 

  • a. Dantzaren dokumentazio zentro publikoa behar dugu, etengabe galtzen eta desagertzen ari den ondare koreografikoa gorde eta hurrengo belaunaldiei ezagutzeko aukera eman ahal izateko. 
  • b. Dantza tradizionalaren formazioa egituratu eta sendotzeko beharra dugu. Euskal dantza tradizionala, ahalik eta mailarik sakonenean ikasteko aukera eskainiko duen ikastegia behar dugu.
  • c. Dantza tradizionalaren ikerketa sistematizatu eta ikertzaile sarea berrantolatuta,  jakintza alorrean diharduten elkarte, erakunde eta unibertsitateen parte hartze aktiboaren premia dugu.

Azken batean, dantzak, euskal kulturaren egunerokoan jokatzen duen ikur eta sinbolo izaera aintzat hartu, proportzio horretan dagokion errekonozimendua aitortu eta behar duen babesa eman behar zaiola adierazi nahi dugu”.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!