Burdina taldearen bilkura Joxe Paulo oroituz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 13:45

Esku bete lan datorkigu Burdina elkartera aurten ere”, bere kideek larunbatean adierazi zutenez. Ortzaikako karobia pizteko ohiko ekitaldian, aurtengorako prestatuta dauzkaten egitasmoak jakitera ematearekin batera, iaz hil zen Joxe Paulo Usandizaga taldekidea omendu zuten.   


Aurkezpen lanak egin zituen Joxe Ramon Berrondoren lehen adierazpenak Joxe Paulo Usandizagari eskaintzeko izan ziren: “Joxe Paulo izango dugu gogoan Ortzaikako karobia pizteko elkartzen garen aldiro”. Usandizaga Burdina taldearen sortzaileetako eta ekintzaileetako bat izan zen, eta 2011n hil zenean, handik gutxira, taldekide zein lagunek omenaldi hunkigarria eskaini zioten. Egun hartan bertan, Ortzaikako karobiaren ondoan Usandizaga gogoratzen zuen plaka oroigarria ipini zuten, bertsoa idatzita daramana. Usandizagaren familiako hainbat kide ekitaldian bertan izan ziren.
Garazi Lopez Etxezarreta Diputazioko kultura zuzendariarekin bildu ziren aurreko astean Andoainen. Leitzaran bailaran barrena ibili ziren, eta han Burdina taldeak egindako berreskurapen lanak erakutsi zizkioten. Lopez txundituta geratu zen bai egindako lanagatik, baita lan hori auzolanean egin izanagatik. Andoaingo Udalarekin ere harramanak izan dituztela jakinarazi zuen Berrondok. Bilerak bilera, Burdina baikor agertu zen instituzioek erakutsi duten jarrerarekin.
Berrondoren ondoren, Gotzon Manzisidorrek hartu zuen hitza, taldeak aurten egitekoak dituen ekimenak zerrendatzeko. Hiru eremu banatu zituen: Leitzaran bailara, Andoaingo herria eta Andrazarrate auzoa (Asteasu).
Leitzaranen, “aurrez berreskuratutako ondasunekin urtero egin ohi dugun mantenimendu lanak burutuko ditugu. Bestalde, Ollokiko parajean, iaz heldutako burdinolarekin eta zubiarekin jarraituko dugu”.
Andoain herriko eremuari dagokionez, honako eraikuntzak zerrendatu zituen: “Leitzarango erreka bazterrean dagoen garbitoki bat garbitu eta bistaratuko dugu. Buruntza auzoan, karobi bat txukunduko dugu. Eta azkenik, Goiburuko bailarara joango gara; garai batean, plaza inguruan zeuden hiru mahai eta iturri ondoko lixibategia ere berreskuratzekoak gara. Aldi berean, pilotalekuaren atzealdean eta Donotxola baserrian dauden harri bana txukundu eta auzoko plazara eramango ditugu”.
Harri horiek, iraganean funtzio bikoitza bete zutela adierazi zuen Manzisidorrek. Lehenbizikoa, auzoko abeltzainen kofradiako kide izateko froga gisa erabili ohi zen; hots, hautagaiak bere idiekin harria arrastaka eramateko gaitasuna zuela erakutsi behar izaten zuen. Bestetik, apusturarako ere erabiltzen zen harria.   
Azkenik, Andrazarrateko inguruan dagoen Urtzuriaga baserrian (Asteasu) jardungo dute Burdinako bolondresak. Lur azpian dauden karobi, garbitoki eta terraza bana berreskuratzen saiatuko dira. Zenbait datu historiko jakingarri eman zituen Manzisidorrek aipatu ondare horiekin lotutakoak.

Bertsoak
Jon Belokik ekitaldian zehar bi bertso abestu zituen:
[Doinua: Aita izena kanta beharrak]
Gogoratzen naiz Leitza aldean
talde honetxen sorrera.
Isladatzen da beti lanean
eta daukan izaeran
hemen guztiok elkartu gera
benetako den aukeran,
txalaparta ta bertsolaria,
ondo ikusten den eran.
Ea datorren urtean berriz
Horrela elkartzen geran.

Horrelakotan nik kantatzeko
beti baditut gogoak.
Andoaindarrok lanen gabiltza
elkar harturik hurkoak.
Lagun kuadrila juntatu gera
eta ez gera nahikoak.
Len izan ziren eta ia orain
badatozen hurrengoak.
Nahiz ta egualdi txarra daukagun,
altxa gure animoak.

Bideoa: www.aiurri.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!