Andaluzia gogoan Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 13:39

“Rocio”ren inguruko ospakizunak Nafarroa plazan larunbatean, kronika eta elkarrizketak:

Urtero legez, “Rocio Giroko Jaia” ospatu zen larunbatean, Andoaingo Triana Andaluziar kultur elkarteak antolatuta. Giro bikaina eta Andaluziako folklorea nagusitu zen egun osoz, nahiz eta eguraldiak ez lagundu gehiegi.
Eguerdian San Martingo parrokian ospatu zen Rocio giroko mezak eman zion hasiera Rocio Giroko XIX. Jaiari; Andaluziako ohiko musika abestu zen mezan zehar, Lasarteko Semblante Andaluz abesbatzak lagunduta. Ondoren, ohorezko topa eta zizka-mizken txanda etorri zen; Trianako kideek, gonbidatutako elkarteek eta Udal ordezkariek hartu zuten parte, Trianak berak Nafarroa plazan daukan egoitzan. Ekitaldi protokolarioa amaiturik, Urki dantza taldeak emanaldia eskaini zuen Nafarroa plazan.
Arratsaldean, bost taldeek osatutako dantza eta musika emanaldiarekin gozatu ahal izan zuen Nafarroa plazara bertaratu ziren herritar ugarik. Honako taldeek hartu zuten parte: Andoaingo Trianako bi talde (Rocieras eta Azahara), Concha Rociera (Errenteria), Semblante Andaluz (Lasarte), Embrujo Andaluz (Irun) eta Sol y Luna (Frantzia).
Jose Mari Orbegozo eta Amaia Gonzalezek osatutako dantza bikote famatuak ere ikuskizun polita eskaini zuen.
Ikusle mordoa bildu zen plazan goizez zein arratsaldez, nahiz eta eguraldiak lagundu ez. Triana elkarteak jarritako tabernan Andaluziako produktuak dastatzeko aukera ere izan zen.

Estela Perez, Triana elkarteko lehendakaria
“Pozik gaude gaurko jaia nola gauzatu den ikusita; izan ere jende ugari azaldu da eguerdiko ekitalditara. Herriko Udal ordezkari guztiak agertu dira, eta eskertzekoa da hori. Bageneukan beldur pixka bat arratsaldeko dantza taldeen emankizun nagusiari begira; izan ere, euriak jaia itsusitu eta jendea atzera eginaraz zezakeen. Nolanahi ere, jendea hurbiltzen ari da poliki-poliki.
Xumea da gure elkartearen historia. 1994an zenbait gaztetxo dantza sebillarrak dantzatzera animatu zen, eta gurasoek horiei laguntzea erabaki genuen. Era horretan, gaur egun ezagutzen dugun Triana elkartea sortu genuen. 50 bazkidek osatzen dugu elkartea; ez gara asko, baina nahiko dinamika polita daramagu. Egun bereziak antolatu ohi ditugu, urtean zehar: Andaluziako Eguna (otsailaren 18a), gaur ospatzen ari garen Rocio Giroko Jaia (apirila), eta Herrien Eguna (urria) Hogar Extremeño elkartearekin batera.
Horiez gain, Andoainen bertan nahiz Gipuzkoan antolatzen diren ospakizunetan ere parte hartzen saiatzen gara; Andoainen (Inauteriak eta Sanjuanak), Donostian (Etxe Erregionalen Eguna), Errenterian, Durangon... Bazkide gehienok joaten gara eta Rocieras helduen taldeak eta Azahara gaztetxoen taldeak dantzatu ohi dute”.

Naroa Gomez eta Sara Jimenez dantzariak

“Rocieras taldeko dantzariak gara, Trianako helduen taldekoak, alegia. Normalean bost dantzarik osatzen dugu taldea, baina gaur laukotea oholtzaratuko gara.
Txikitatik gabiltza murgilduta folklorearen mundu honetan, beti izan ditugulako gogoko dantza andaluziarrak. Geuk emango diogu hasiera eta bukaera arratsaldeko jaiari. Sebillarrak, runbak eta bestelako doinuak dantzatzeko asmoa daukagu, ale batzuk besterik ez dira urtetan ikasi dugun errepertoriotik.
Egun handia da gaurkoa guretzat, baina ez gaude bereziki urduri oholtzara igo aurretik. Dantza saio ugari egiten dugu urtean zehar; herri bakoitzak festa ospatzen du eta nonahitik deitzen digute. Nondik deitu hara joaten gara; taula gainera igo eta dantza egiten hasi orduko gozatu egiten dugu.
Oso egun gogoangarriak izaten dira horiek guretzat”.
Bideoak: aiurri.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!