Postontzia: Andoaingo Udal aurrekontuak, Hamaikabat alderdiaren ikuspegitik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 13:38

Andoaingo Hamaikabat! alderdiak gutuna igorri du hedabideetara:

Krisi garai hauetan ez omen da erraza aurrekontu aurrerakoi eta imajinatiboak egitea. Benetan uste dugu, bitasun horiek Andoaingo Udaletik urrun egon direla legealdi honetan ez-ezik, beste askotan ere.

Izan ere, gure ustez, Andoainek, herri bezala ez ezik, inguruko herriekiko eraiki nahi eta ahal dituen harremanak azterketa sakon eta premiazkoa behar du. Andoainek Tolosaldea, Donostialdea edota Buruntzaldea osatu nahi/behar du?

Eztabaida eta behin-betiko erabaki horrek aukera emango liguke, besteak beste, hainbat zerbitzu komun izan eta hainbat diru aurrezteko, udalerriaren gaindi izan daitezkeen azpiegituratan besterik ez bada ere.

Bestetik, krisiak mehatxuak eta oztopoak sortzen baditu ere, epe ertain eta luzerako baliagarri izan daitezkeen politikak martxan jartzea suposatzen du.

Lau atal sumatzen ditugu lehentasunezko:

  1. Andoain eta andoaindarrak herriaren sena eta izaeraren inguruan elkartuko dituena. Andoaindar izateaz harro dagoenak erraz egin dezake Andoainen eta Andoaingo interesen aldeko jarduerarik. Jarduera hori elkarlanean, auzolanean eta boluntario gisara gustura egin gainera, eta ez beti, Udal dirutzaren zain egonik.
  2. Andoaindar izateaz harro egoteak esan nahi du, andoaindar guztien onginahi eta ongizatea bultzatu eta sustatzen ditugula eta, beraz, inor gure gizartetik kanpo geratzerik ez dugula nahi, Udalak eta gainerako erakundeek bide horretan hartutako gizarte politikaren inguruko erabakiak ulertuz eta babestuz.
  3.  Andoaindar gazteek lana aurkituko badute, lan-merkatuan lehiatuko badira, beren formazioari esker izango da. Heziketa da herri batek izan dezakeen aktiborik nagusiena, gorde dezakeen altxorrik preziatuena. Beraz, Andoaingo Udalak, behingoz, Andoaingo ikastegi guztiei laguntza eta babesa eskaini behar die sinesturik eta jakinik gaurko ikastegietan egindako inbertsioak, ikastegien alde egindako lana eta emandako babesa izango direla etorkizunerako ongizatearen bermea, ez besterik.
  4. Azkenik -eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa- Andoaingo Udalak, gaur bihar baino hobeto, martxan jarri beharko lituzke Planeamenduan aurreikusi diren lantegi esparruak, batez ere eta, lehentasunez, ikerketari eta berrikuntzari lotuak leudekeenak eta, horrela, leku duin eta esanguratsua bete Gipuzkoa eta Euskal Herriko leku aurreratuenen artean. Horrek, besteak beste, teknologia berritzaile eta sormen nahiz ikerkuntzarako diren zentro eta Andoaingo ikastegien artean gertutasuna eta elkarlana eragingo lituzkeelarik.


Esan bezala, ez dira garai errazak baina imajinazio eta ausardiarik gabe, epe luzerako gerta daiteke iluntasun hau. Andoaingo Udalak aitzindari ez-ezik, bultzagile izan behar du eta ohiko finantziazio bideak baztertu gabe, bide eta formula berriak bilatu eta aurkitu ezean, amaigabea izan daiteke kexa eta negarra, baina ez dago gupidarik inon: andoaindarrok eta Andoain inguruko herriekin elkartu ezean, nork bere bidetik jotzen badu, ez dago nahiko indarrik erronka berriei behar bezalako irtenbidea aurkitzeko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!