Liburuari eta irakurketari gorazarre Kontzejupean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 27a, 13:35

Liburuaren Egunaren ospakizunak aurreko larunbatean egin zituzten Urnietan. Kontzejupean Eder liburu-dendak eta Iñistorra elkateak liburuen salmentarako postu bana ipini zuten.  Liburuak gertu zituztela Iñistorrak “Oilarraren promesa” liburuaren irakurketa publikoa egin zuen. Lehendabiziko aldia izateko herritar ugarik parte hartu zuen ekimenean.

Bideoak | Kronika, jarraian

Euria gogor egin zuen aurreko asteko egun gehienetan. Larunbat goizean giroa ez zen batere atsegina, eta hala eta guztiz urnietar asko gerturatu zen Iñistorrak antolatu zuen liburuaren jendaurreko irakurtaldira. Lehenbizikoz egin zen irakurtaldirako antolatzaileek Juan Mari Irigoienen “Oilarraren promesa” liburuaren irakurketa proposatu zuten. Irakurketara propio joandako ikasleek nahiz helduek, eta liburuak nahiz pailazoen sarrerak erostera hurbildutako ia denak liburuaren irakurtaldian parte hartzeko mikrofonoaren aurrean aritu ziren.
Denen parte hartzea eskertzekoa izan zen. Batez ere aipamena merezi du jendaurrean irakurtzeko batere ohiturarik ez duen hainbat herritarren ahaleginak.

Bertsoak entzuteko aukera
Irakurtaldia ez zen ahozko kontakizun hutsa izan. Bertsoak gozo entzuteko aukera ere izan zen, liburuaren hasieran bertso sorta aurki daitekeelako. Bertso horiek maisuki abestu zituen Fermin Argiñarenak.
Ezin ahaztu ere Julen, Maria, Olaia edota Ane Egapeko ikasle gazteen parte hartzea. Txalogarria.
Ia bi orduz luzatu zen irakurtaldiari amaiera eman eta minutu gutxira, toki berean, sagardo dastaketari hasiera eman zitzaion.

Iñistorrak eskerrak eman nahi dizkie argazkietan agertzen direnez gain, irakurketan parte hartu zuten guztiei, Urnietako Udalari, Eder liburu-dendari, Egape ikastolari, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteari, goiz osoan zehar bertaratu ziren herritarrei.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!