XVIII. Maiatza Saltsan ekimena bor-borka dator

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri

Gaur eguerdian, Joxe Mari Luengo alkateak, Leire Zubeldia zinegotziak eta Maider Arregi kultur teknikariak, XVIII. Maiatza Saltsan ekimena aurkeztu dute Zizurkilgo udaletxean. Azpititulu eta guzti dator aurtengo ekinaldia: '1512-2012, Erresuma zaharrari keinua', hain zuzen ere. Aurtengo edizioko ekintzak Nafarroako konkistaren urteurrenarekin lotzeak, badu arrazoi argi bat: Zizurkilgo armarrioko hamabi kanoien irudia zuzen-zuzenean lotuta dagoela gertaera haien kapitulu txiki batekin.

Adin guztietako herritarrentzako egitarau zabala prestatzen ahalegindu dira Udal ordezkariak. Eta saiakera berezia ere egin dute: Maiatza Saltsan ekimeneko ekintza guztiak doakoak izango baitira. Segidan, maiatzaren 4tik 30era luzatuko den egitaraua:

-Maiatzak 4, ostirala: Gartxot filma, aire librean. Eguraldi onarekin Aurrera plazan, txarrarekin Zizurkil goiko zimiterioan. 22:00etan.

-Maiatzak 6, igandea: Andatza eguna. Oinezko ibilaldiaren ondoren, hamaiketakoa, herri kirolak eta bazkaria. Trikitilariak eta bertsolariak.

-Maiatzak 10, osteguna: ‘1512 Nafarroaren konkista', bideo proiekzioa eta azalpena, Nabarralderen eskutik. Hizlaria: Anjel Rekalde. 19:30etan Atxulondon.

-Maiatzak 12, larunbata: Alurr dantza taldearen ‘Izanak dirau 1512' ikuskizun berria. 22:30etan Zizurkil goiko Intxaur pilotalekuan.

-Maiatzak 17, osteguna: ‘Zizurkilgo armarria' hitzaldia, Aranzadi zientzia elkartearen eskutik. Hizlaria: Juantxo Agirre Mauleon. 19:30etan Atxulondon.

-Maiatzak 19, larunbata: Kantu eguna Zizurkil goian. 12:00etatik aurrera, Kantu Jirako kideen emanaldia kalean. 14:00etan kantu bazkaria. Bazkalondoan, Amalur taldearekin kantu saioa. Ondoren, erromeria.

-Maiatzak 25, ostirala: Musika emanaldi instrumentala Loatzo musika eskolako kideen eskutik, Kantu Jirako kideek abestuta. Abestiak Nafarroako erresumarekin lotutakoak izango dira. 19:00etan Atxulondon.

-Maiatzak 30, asteazkena: Ipuin kontaketa 5-10 urte bitarteko umeentzat, Kontu Kantoi taldearen eskutik. 17:15etan Atxulondon.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!