Herrira eguna larunbatean, Asteasun

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 24a, 12:37

Aiztondo bailarako Herrira bilguneek antolatuta, Herrira eguna izango da datorren larunbatean, -apirilak 28-, Asteasun. Adin ezberdineko herritarrei zuzenduta, egun osoko egitaraua osatu dute. Ekitaldiekin hasteko, bailarako alkate eta hautetsiek preso eta iheslarien inguruko deklarazio instituzionala irakurriko dute.

Bazkarirako txartelak ohiko lekuetan dagoeneko salgai daudela jakinarazi dute antolatzaileek.

Hara segidan, joan zen larunbatean Herrira egunaren aurkezpenean irakurri zuten agiria:

"Urteetako gatazka eta enfrentamenduak ondorio asko utzi ditu gure herrian. Horien artean, preso eta iheslari politikoak. Kolektibo hauek, gatazkaren parte eta ondorio dira. Gatazkari irtenbide demokratikoa eman eta bake egoera bat ezartzeko prozesuak, denen parte hartzea eskatzen du egiazkoa eta behin betikoa izan nahi badu, baita preso eta iheslari politikoena ere. Horrez gain, konponbideak gatazkaren ondorioak gainditzea ekarri behar du, eta beraz, preso eta iheslariak etxera itzultzea.

Gatazkaren arrazoiak konpontzea da, zinez, honen ondorioak saihesteko giltza. Alta, preso eta iheslari gehiago ez izateko bermeak, gatazkaren arrazoiei irtenbidea ematean datza. Amnistia kontzeptuak biltzen du honakoa, preso eta iheslarien etxeratzea, egoera horretara eraman dituen zioen gainditzean testuinguratzen baitu. Horrela bada, Amnistia da gure iparra, eta preso eta iheslariak etxeratzea da gure eginkizuna.

Gatazkari irtenbide demokratikoa, egiazkoa eta integrala emateko, bat egiten dugu Gernikako Akordioak marrazturiko ibilbide orriarekin eta harekin irmoki konprometitzen gara. Ibilbide horretan, preso eta iheslariak etxera ekartzea, geure egiten dugun erronka saihestezina eta eginkizun historikoa da.

Honako eginkizunak batzen gaitu, ez aldiz egitasmo politiko jakin batek, ez eta ideologia bakar batek ere.

"Herrira" mugimenduak ez du inolako alderdi edota erakunde politikorekiko inolako menpeko loturarik.

Areago, gure aspirazioa ez da politikagintzan aritzea, preso eta iheslariak etxera ekartzeko helburuarekin bat egiten dugun herritarron mugimendua eraikitzea baizik.

• Euskal preso politikoen aurkako salbuespen neurriak indargabetzea: dispertsio politikari amaiera emanez; gaixorik diren presoak aske utziz; bizi arteko zigorra ezartzeko neurriak indargabetuz, hala nola, 197/2006 dotrina derogatuz, zigorraren 2/3 eta 3/4 bete dituzten presoak aske utziz, Frantzian preso direnei baldintzapeko askatasuna aplikatuz; eta azkenik, isolamendu, mittard eta bakartze egoerei amaiera emanez.

• Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herrian batzea, dagozkion eskubide guztiak bermatuak izanik eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera eta bideak indarrean jarriz.

• Iheslari politikoen aurkako jazarpena amaitzea eta prozesu demokratikoan parte hartzeko aukera irekitzea Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboari.

• Preso eta Iheslari politiko guztien etxeratzea, gatazkaren konponbide prozesuari loturiko ibilbide dinamiko baten garapenean.

Hau guztia bermatzeko beharrezkoa da Euskal Preso eta Iheslari Politikoekin eskuz esku, hainbeste sufritzen duten haien senide eta lagunekin eskuz esku, zein herritar oro, eragile zein norbanakoekin bat eginda, egungo testuinguru politikoan, argi eta garbi adieraztea, euskal preso zein iheslariek eskubideak ez errespetatzen jarraitzeak Euskal Herriaren luze zabalean erantzun kontundentea eta nabarmena izango duela.

Ez baita posible gatazkaren konponbidearen ikuspegitik azken garaiotan hartu diren hainbat eta hainbat erabaki hartzea. Euskal herritarrak honen aurka altxa behar dugu eta argi eta garbi adierazi, ez ditugula bakarrik utziko eta haien ondoan izango gaituztela, azken kartzelatik azken euskal presoa atera arte. Horretarako gure indar eta kemen guztiarekin lanean jarraituko dugu.

Horretarako antolatuko dugu Asteasun bertan aurtengo Herrira egunaren edizioa. Iheslari politikoek bizi duten egoeraren jakitun izatea garrantzitsua delako. Gatazkaren alde batek bere ekarpena egiten duen bitartean besteak oraindik errepresioa eta basakeria buruan dituela gogoratzeko.

Egitarau polita antolatu dugu eta Aiztondo bailarako herritar denak gonbidatu nahi ditugu aipatu egunera.

Hauxe egitaraua:

Apirilaren 26: 20:00etan Asteasuko Udaletxean, Ikus-entzuneko aretoan HITZALDIA

Iheslariak: hegazti errariak etxera itzuli nahi du

Apirilaren 27an: Hileko azken ostirala

Apirilaren 28ean, preso eta iheslarien eskubideen alde ASTEASUN

11: 30 - Kanpai errepika, Aiztondo bailarako alkate eta hautetsiek preso eta iheslarien inguruko deklarazio instituzionala irakurriko dute

12:00 - Herri kirolak Asteasuko plazan ondoren hamaiketakoa)

13:00 - Preso eta iheslarien aldeko ekitaldia

14:00 - Herri bazkaria, ondoren bertsolariak

16:00 - Irrien Lagunak Klubeko kideekin dantza eta festa

18:00 - Kantu jira eskualdeko taldeekin

20:00 - Kalejira

Ezin ahaztu ere maiatzaren 19an Euskal Herriko plaza denetara joan behar dugula, Herrira mugimenduak Goazen plazara ekimena abian jarri baitu: aldi eta ordu berean Euskal Herriko plaza denetan ekimen bat antolatzea. Aiztondon ere lanean ari gara egun horri begira".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!