Hain zuzen ere, taldea bolondresen ekarpenean oinarritzen da, Iker Arnaizek dioenez: “taldea irekia da, jendea guregana etortzera gonbidatzen dugu, eta horrexegatik, jende pila mugitu izan da urtetan”.
Taloaren kultura zabaldu nahi dute, eta edonori erakusteko prest daude. Taloen inguruan grina sumatu dutenez, ikastaroa antolatu dute ostiral honetan, Gaztetxean, “arratsaldeko 19:00etan hasita, bi orduko iraupena izango du. Ondoren, nahi duena afari-meriendan gera daiteke. Nork bere taloa jan dezake; gainerako genero guztia gure esku egongo da. Ikastaroa doan da”.
Ikastaroarekin interesa duenak zer baldintza bete beharko duen galdetuta, agudo erantzun du Arnaizek: “gogoa edukitzea, besterik ez! Ez dago sukaldaritzan zertan jakin beharrik, ez eta adin jakin bat eduki beharrik. Taloak txukun egiteko adina ikasiko da, eta hori dena giro jatorrean”.
Aldez aurretik izena ematea komeni da, eurek zenbat osagai erosi behar den jakin dezaten. Bestetik, haurrak ostiralean non utzi zalantza izanez gero, Arnaizek dio taloa familian ere poliki egin litekeela. Gaztetxeak haurrek jolasteko rokodromoa ere badu.
Taldearen jatorria
“2000. urte inguruan Joxean Lasa, Aitor Arribillaga eta Pablo Sastrek taloaren inguruan zerbait egiteko nahia azaldu zuten. Ikerketa eta ikasketa prozesuan sartu ziren, taloa nola egin helburu nagusi zutela. Geroxeago, herriko beste zenbaitek bat egin genuen egitasmo horrekin”.
Taloaren inguruan bildu zen taldeak bi gauza eduki zituen garbi hasiera-hasieratik, “batetik, diru irabazirik gabeko taldea izango zela gurea. Alegia, herriko elkarteen eta zilegiak iruditzen zaizkigun ekimenen alde izango dela taloak salduta bildu daitekeen dirua”.
Prozesu guztia tentuz zaintzea izan zen jarri zuten bigarren baldintza: “taloaren kalitatea obsesioa da guretzat”. Hortaz, generoa eta egite prozesua bera zaintzen dute bereziki. “Generoa bertakoa eta ahalik eta naturalena erabiltzen dugu. Esate baterako, arto irina Orendaingo errota batetik hartzen dugu, gazta Idiazabal etxekoa da, eta txistorra sariak jaso dituen herriko harategi batetik lortzen dugu. Genero hori guztia eskutan dugula, hartu behar den denbora hartu nahi izaten dugu talo onak egiteko”.
Taloaren kalitatearen kontura, jende adinduak eman izan dien iritzia kontuan hartzen dutela dio Ikerrek: “gerra osteko gosea zela-eta, taloak jatea zer den ederki dakien zenbait helduk talo goxoak egiten ditugula esan digute. Hasieran ‘zuek ez dakizue taloa egiten’ botako digute akaso, baina probatu ondoren, iritziz aldatzen dute”.