Laster iritsiko da AHT Zizurkilera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 12:02

Zizurkil eta Andoain arteko zatiaren lehen harria jarrita, laster hasiko dituzte eraikitze-lanak. Hernialde eta Zizurkil batuko dituen zatiaren proiektua berriz, udaletxera iritsi berria da. Gaiaren inguruan aritu da Xabier Pellejero zizurkildarra.

Aste gutxi barru hasiko dira AHTko lanak Zizurkilen. Oraindik, ordea, gauza bat baino gehiago argitzeke dago. Zizurkil eta Andoain batuko dituen zatiaren proiektuan, herrigunearen ondoan betelan handia egitea aurreikusten zen. Betelan hori egiteko gainera, Agerre baserriaren inguruan errepide bat eraikitzeko asmoa ere bazuten. Egitasmo horri irtenbidea bilatu nahian, proposamen berria aurkeztu zuten Zizurkil eta Adunako Udalek AHTko ordezkarien aurrean. Hala azaldu du Xabier Pellejerok: “Betelan izugarri hori Zizurkilgo herriaren sarreran egin ordez, Adunako minetan edota Adunako erriberako lurretan egitea proposatu zaie. Martxoan iritsi zen alegazio horren erantzuna: Begi onez ikusten dute Adunako minetako aukera hori, baina horretarako behar dituzten baimenak garaiz iritsiko ez balira, zabalik uzten dute proiektuan aurreikusitako errepide eta betelan haiek martxan jartzeko aukera. Beraz,  aurreikusitako desjabetzeek euren bidea jarraituko dutela dirudi”.

Desjabetzeak
Desjabetze aktak sinatzen diren momentutik, lur-sailetan sartzeko aukera zabalik geratzen da. “Akta sinatzen denean, diru-kopuru bat jasotzen du lur-jabeak eta horrek, lanak egitera nahi dutenean sartzeko eskubidea ematen die. Denbora gehixeago joaten zaie, ordea, lurren jabearekin tratua egin eta adostutako ordainketa egiteko”.

Lur-jabeei gomendioa
Dagoeneko, lur-jabeek badakite zein lur-saili eragingo dien desjabetzeak eta hurrengo pausoa, aktak sinatzea izango da. Gomendio bat aireratu du Xabier Pellejerok: “Normalean, udaletxean egiten da akten sinaketa, alkateak ere sinatu behar baititu. Lur-jabeek, ordea, badute sinaketa ekitaldia bere lur-sailean egiteko eskubidea. Modu horretan, argi ikusten dute sail bakoitzean dagoen balioa; zuhaitzak, landareak, belazeak..., eta aktan jasota geratzen da. Ordainketa egiteko garaian, jabearen aldekoa izan daiteke hori. Norbaitek hala egin nahi badu, udaletxean galdetuta helaraziko zaio idatzizko eskaera egiteko eredua”.

Hernialde-Zizurkil zatiaren proiektua
Zizurkilgo herrian eragin zuzena izango duen zatiaren proiektua udaletxera iritsi da dagoeneko. Hernialde, Anoeta eta Asteasun barrena, Zizurkilgo sailetara sartuko da AHT; Danok Bat txekortegiaren ondotik. Puntu horretan, lur-azalera aterako da abiadura handiko trena.  Pellejeroren hitzetan: “Asteasu eta Zizurkil arteko muga egiten duen errekaren inguruan, lur azalera aterako da trena eta ondoren, Burrustidi baserriaren gaineko tontorra zeharkatuko du. Mendixka hori alderik alde irekiko dute eta lanak amaitzen dituztenean, tunel artifiziala egin eta berriz ere lurrez estaliko dute. Burrustidi baserriaren ukuiluaren ondotik Urkamendi mendiaren sarrera arte, zubi edo biadukto handi bat eraikiko dute. Laurehun metro pasatxoko luzera duen zubia izango da; Asteasura doan errepidea gainetik zeharkatuko duena. Urkamendi lur azpitik zeharkatuz, Adunibar aldera azalduko litzake trena”.

Obretarako guneak
Obra garairako gune berezi batzuk ere aurreikusten ditu proiektuak: “Euren makinak, kamioi, langileen auto eta  gainerako materiala uzteko hiru gune azaltzen dira proiektuan. Danok-Bat txekortegiaren ondoan, Anoeta aldetik datorren tunelaren ahoan, 4.000 m2-ko gunea aurreikusten da”. Burrustidi baserriaren inguruan beste bi gune aurreikusten ditu Hernialde-Zizurkil zatiaren proiektuak. “Ukuiluaren ondotik hasi eta Asteasuko errekara bitarte, ia 12.000 m2-ko gunea egingo dute. Gaur egun bidegorria dena erabiliko dute joan-etorriak egiteko: Olentzo baserriaren paretik sartu, Ugarte eta Ugarteberri etxeen aldamenetik, Burrustidira”. Errepideaz bestaldetik, ia 9000 m2-ko beste gune bat ageri da proiektuan. “Urkamendiko tunelaren ahoaren inguruan egongo da gune hori, eta errepidea egitea eskatuko die”, azaldu du Pellejerok.

Trena, etxe ondoan
Burrustidi baserriko kideek oso gertutik biziko dute trenaren eragina. Hala azaldu du Pellejerok: “Ukuilutik hamar metrora pasako zaie zubia. Horrez gain, lanek irauten duten bitartean izugarrizko mugimendua izango dute etxe ondoan eraikiko duten gunean. Larre behiak dituzte Burrustidikoek eta horrek guztiak eragin handia izango du haiengan. Arazo beretsua izango dute Danok Bat txekortegikoek ere”.

Kezka egoera
Tunel bidez zeharkatuko du AHTk Urkamendi. “Zenbait etxeren azpialdetik pasako da, baina badirudi berrogeita hamar metroko tartea izango dutela, bai saihetsera, baita goitik behera ere. Momentuz, ez dute neurri berezirik hartzea pentsatu, obrak hasi arte behinik behin. Haiekin hitz egindakoan, argi esan digute lanak egiteko garaian zenbait leherketa egiteko beharra suerta daitekeela eta leherketa horiek danbateko handiak ateratzen dituztela. Lanak hasi arte ez dugu jakingo zer gertatuko den, baina egoerak kezka sortzen du”.

Ateratze aginduak
Lanak hasten direnean arrisku egoeraren bat sortuz gero, etxetik ateratzeko aginduak irits daitezke. “Kasu horietan, norberak bilatu behar du bizileku berria. Hortik sortzen diren gastuak; etxe aldaketarenak, alokairuak..., ordaindu egiten dituzte, baina norberak irtenbideak bilatu eta gero. Nolabait esateko, zure etxetik bidaltzen zaituzte beste irteerarik eman gabe”, aipatu du Xabierrek.

Betelana
Sarasola sagardotegiaren inguruan, Isastegieta baserriaren sailetan, sakon handi batean, betelana egitea aurreikusten da. Anoetatik Zizurkil aldera datorren tunelak larrialdiko irteera izango du inguru hartan eta Isastegietako sakonera eramago dituzte lurrak. “Oso nekazal lur onak dira. Betelana eskailera modua egiteko asmoa dute eta nekazal lur hori baliorik gabe geratuko da”.

Alegazio epea
Hernialde eta Zizurkil arteko zatiaren proiektuari alegazioak jartzeko epea ez da oraindik zabaldu: “Beraiek ez digute zuzenean informaziorik pasatzen eta guk ibili behar izaten dugu atzetik. Boletinean argitaratzen dute eta desjabetzeak tarteko direnean, egunkarietan ere jartzen dute. Horrekin legeak esaten duena betetzen dute. Argi ibili beharra dago alegazioak aurkezteko epeak noiz zabaltzen diren jakiteko. Zizurkil-Andoain zatia baino atzeratuago dator zati hau, baina hemendik denbora batera, bi zatiak batera obretan izango ditugu ziurrenik, horrek ekarriko duen saltsarekin”.

Mugimendu handia
Lanek irauten duten bitartean, kamioi mugimendu handia sortuko da Aiztondo eskualdean: “Adunako zubian barrena trafiko handia pasako da. Izan ere, hortik pasako dira Adunibarko biaduktoa eta Urkamendiko tunelaren ahoa egiteko lanetan ari diren ibilgailuak. Aurreraxeago joanda, Zizurkilgo Bulandegi bidea eta Erniobidea pasata, Asteasuko errepidean barrena ibiliko dira obretako kamioiak. Burrustidi aldera eta Danok Bat txekortegi aldera joango dira batzuk eta kilometro batzuk eta beste asko Alkizako bidea hartu eta Sarasola sagardotegi ingurura joango dira. Zaila da orain egoera irudikatzea, baina lanak hasten direnean eskualdeko errepideak bete-beteta izango ditugu”, amaitu du Xabierrek.

Lehen harria Adunibar baserriko belazeetan
Apirilaren 2an, Zizurkil eta Andoain arteko zatiaren lehen harria jarri zuten Adunibar baserriko belazean egindako ekitaldian.
Patxi Lopez lehendakaria, Iñaki Arriola Garraio sailburua eta Gobernu espainiarraren ordezkari den Carlos Urquijo izan ziren ekitaldiko gidariak. Patxi Lopez lehendakariak hartu zuen hitza: “Nire gobernuak, Abiadura Handiko Trenari abiadura handia eman dio. Eraikuntza lanak sustatzeko ahalegin berezia egin dugu trenaren garrantzian sinesten dugulako eta krisia ezin da lan hauek gelditzeko aitzakia izan. Abiadura Handiko Trena krisiari aurre egiteko berebiziko neurria da. Zizurkil eta Andoain arteko lehen harria jarriko dugu gaur. Harriz harri, zatiz zati, pixkanaka ari gara gure etorkizuneko garraiobidea izango den trenaren sarea osatzen”, adierazi zuen.

Prentsa oharra
AHT-aren aurkako taldeko kideek euren haserrea adierazi nahi izan zieten bertan bildutako ordezkari politikoei. Berehala inguratu zitzaien Ertzaintza eta inguru hartatik bidali zituzten. Prentsa ohar bidez jakinarazi dute euren iritzia: “Aiztondoko AHTren aurkako taldeak, proiektuaz gain, egoera ere salatu nahi du. Herritarrek ez dute nahiko informazio, zabortegiak non izango diren ez dakite, desjabetuak zehazki nortzuk izango diren ere ez…, eta hala ere, Zizurkil-Andoain zatiko lehenengo harria jarri dute. Honi guztiari, pil-pilean dagoen gaia gehitu behar zaio: krisia. AHTrako dirua bideratzeko, beste eremu batzuetan gutxitu beharra dago. Euskal Y-aren % 20a bakarrik dago egina eta burutua dutela sinestarazi nahi dute”, azaldu dute AHT Gelditu! elkarlaneko kideek.
Zizurkilgo Xabier Pellejerok ere hartu du hitza apirilaren 2ko ekitaldiaren inguruan: “Azpimarratzekoa da ekitaldi horrek izan duen kostu ekonomiko izugarria. Eremua prestatzeko egindako lanak, karpa, egunean bertan etorri ziren politikari eta ertzainak..., hori guztia oso garestia da. Beraiek egunero aipatzen dute krisi egoeran gaudela eta murrizketak egin beharra daudela, baina horrelako ekitaldietan dirua barra-barra gastatzeko arazorik ez dute”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!