Gaztetxea zabalik, Elizmendi auzoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 11:53

Asteasuko Matxintxulo gazte asanbladako kideek biltzeko gune berria dute Elizmendi auzoan. Joan zen apirilaren 14an egin zuten Gaztetxe berrituaren irekiera ekitaldia, harrera beroa izan zuena.

Ander Iturzaeta, Haritz Mujika, Julen Sarasola, Mikel Muguruza, Mikel Etxeberria, Julen Beldarrain eta Jon Flores Matxintxulo gazte asanbladako kideak eta Elizmendiko Gaztetxe berrian biltzen diren 45 gazteetako zazpi dira; ondorengo lerroetako hitzen bidez, gazte asanbladaren asmoen berri adierazi dutenak. Jakinarazi dutenez, joan zen abenduan, Asteasuko kultur taldea biltzen hasi zenean eskatu zieten gazteak biltzeko lokala udaletxeko kideei. “Egia esan, aspaldian geneukan tokia eskatuta eta duela hilabete gutxi eskuratu dugu Elizmendiko lokal hau. Gustura gaude, nahiz eta herritik urrun samar dagoen. Aukeran, hobe litzateke Gaztetxea herrian bertan kokatzea, baina agian bizilagunen arteko kexak ere saihestu ditugu goialdean kokatuta. Herriko gazteok ez geneukan non bildurik eta, dudarik gabe, erantzun beharreko hutsunea zegoen hor”, aipatu dute. Santa Krutz ermitaren ondoan kokaturiko Elizmendiko lokala, orain gutxira arte haurreskola izan zen eta, lehenago, duela urte mordoa, Gaztetxe papera bete zuen orduan ere. Behin Udalak lokala gazteen esku utzita, Gaztetxea egokitzeari lotu zitzaizkion asteasuar gazteak. Pareta batzuk bota, besteren batzuk altxatu, kolore biziko margoekin margotu…, dagoeneko euren modura moldatu dute Gaztetxe berria eta besaulkiekin egokitutako biltzeko gunea, sukaldea eta komuna nahiz dutxa ere erabilgarri dituzte bertan, “play-an jolasteko gunea ahaztu gabe. Horri behintzat probetxu ederra ateratzen diogu”, azaldu du zazpikoteak irribarretsu.

Matxintxulo, txoko kuttuna
Orain artean, Asteasuko lauzpabost koadrila biltzen da Elizmendiko Gaztetxean, 16 urtetik 23ra bitartekoak guztiak, “ia Asteasuko gazte jende guztia”, diote. Koadrila gehienak mutilenak dira, baina asteasuar neska koadrila oso batek ere parte hartzen du Matxintxulo gazte asanblada nahiz Gaztetxeko ekintzatan, “guztira 45 bat lagun biltzen bagara, 15 bat neska izango dira. Kopurua ez da proportzionatuegia, gure kalterako”, aipatu du barrezka elkarrizketan parte hartu duen mutil koadrilak.
Gazte asanbladaren izenari erreparatuta, herriko txoko kuttun batera jo dutela begi-bistakoa da. Zergatik aukeratu duten Matxintxulo?, hauxe erantzuna: “Beheko bailarako pabiloien inguruan dagoen iturria da Matxintxulo. Bertakoa da Asteasuko urik onena eta bizikletaz buelta egitera joaten garenean, hantxe geratzen gara beti. Gustuko lekua dugu eta horrexegatik aukeratu dugu izen hori gazte asanbladarentzat”, argitu dute.  

Ekimenerako prest
Matxintxulo gazte asanbladako hainbat kidek egunero egiten du bisita Gaztetxera, beste batzuk tarteka. Garbi dute Gaztetxea ez dutela elkartzeko gune soiltzat erabili nahi, herriari bizitasuna eman nahi diotela eta helburu hori eskuartean, hainbat ekintza antolatu nahi dituztela: “Laster batean, maiatzean bertan, frontenis txapelketa irekia jarriko dugu abian. Banaka nahiz binaka jokatu ahal izango da eta kanporaketa bidez burutuko da lehia, finala San Pedro festetan izango delarik. Kanporaketako nahiz finaleko partidak asteburuetan jokatuko dira herriko frontoian bertan”. Laster batean iristear diren Elizmendi auzoko Santa Krutz festen baitan ere aldaketarik egin nahi dute, “Elizmendiko festak bi egunekoak izan ohi dira: maiatzeko lehen larunbata eta igandea. Gure proposamena egun bat gehitu eta ostiralean kontzertuak antolatzea litzateke. Bestalde, goi bailarako festetan txosna jartzea ere gustatuko litzaiguke”. Aurtengo Sanpedroak antolatzeko, festa batzordeak deitutako bileratan parte hartzen ari dira euren proposamenak eginez eta, era berean, buruan badute udazkenera begirako ideia berri bat ere, “udazkenaren bueltan, hostoak erortzearekin batera, Gazte festak antolatzea gustatuko litzaiguke”.

San Pedro festak, laster batean
Aurrez aipatu bezala, San Pedro festen antolakuntzako bileretan hasiak dira, “bi bileratan hartu dugu parte dagoeneko eta oraindik egitaraua airean dagoen arren, guztion artean, ari gara pixkanaka bideratzen. Aurten festetako egitaraua goitik behera aldatzeko asmoa zegoen hasiera batean, baina ikusi egin beharko da zenbaterainoko aukera ematen duen aurrekontuak”. Herriko festei begira gazte asanbladatik egiten duten proposamena “kontzertu fuertexeagoak ekartzea eta koadrilen eguna beteagoa antolatzea dira. Gure nahia, egunero adin ezberdineko herritarrentzat ekintzak eskaintzea litzateke eta ez hainbeste umeen eguna, gazteena edo helduena bereiztea”, argitu dute. Bakoitzak bere herrikoak gustukoenak eta noski, asteasuar gazteentzat Sanpedroak dira festarik kuttunenak, “herrikoak direlako gustatzen zaizkigu Sanpedroak, baina asko dute hobetzeko. Azken urteetan sei festa egun izan dira eta badirudi aurten lau izango direla: ostegunetik igandera. Lehen ekintza gutxi izaten zen egun askotan eta orain, ekintza gehiago batu nahi da egun gutxiagotan”. Aurreko urteetan festen antolakuntza mugatua zela ere aipatu dute, “ez zen festa batzorderik osatzen eta udaletxeko zinegotzi gutxi batzuen artean antolatzen zen egitaraua. Aurten antolaketa lana parte hartzaileagoa izatea espero dugu”. Sanpedroei begira, Gaztetxea herrian bertan kokatzen ez denez eta gazte asanblada indartu ahal izateko sosak lortu nahian dabiltzanez, festetan herriko lokalen batean taberna jartzeko aukera izatea gustatuko litzaiekeela aurreratu dute.

Parte hartzeko deia
Joan zen urte amaieran Asteasun sortu zen kultur taldeko partaide dira gazte asanbladako kideak. “Orain arte egin diren bilera gehienetan hartu dugu parte, gustura gainera. Udaletxeko kideek gazte jendearen iritzi eta asmoen berri jakin nahi zutela adierazi ziguten eta guretzat garrantzitsua da gure ikuspegia kontuan hartzea”, adierazi dute esker-onez. Kultur taldeak herrian hartuko duen bidea zehazte aldera, Elhuyar fundazioarekin batera jardunaldiak burutzen hasi berriak dira eta gazteei begira ere plangintza badagoela aipatu dute. Elkarrizketatutako gazteek herriko taldeen arteko elkarlana bultzatu nahi dute eta kultur taldea ere nahi hori indartze aldera sortu zela adierazi dute; eskutik lotuta datoz, beraz. “Urtean zehar, kultur nahiz mendi asteaz edota guztiok oso gogoko dugun azoka bereziaz gain, ez da beste ekintzarik antolatzen Asteasun. Badirudi orain, kultur taldea sortu ondorenean, mugimendu gehiago nabari dela herrian”. Hala ere, euren ustez, ekintzak antolatzeak bezainbesteko garrantzia du herritarren parte hartzeak, “Asteasun herritarren parte hartzea falta da. Antolatzen diren ekintzetan adin guztietako herritarrek hartu beharko genuke parte eta ez, gehienetan gertatzen den bezala, umeek bakarrik”. Elizmendiko Gaztetxetik Matxintxuloko kideek luzatzen duten mezua, garbia da, beraz: “herrian antolatzen diren ekintzak irekiak dira eta haietan parte hartzera animatzen ditugu herritar guztiak. Ekintzak aurrera atera daitezen, guztion bultzada beharrezkoa eta eskertzekoa izango da”.

Gaztetxearen irekiera
Joan zen apirilaren 14an, festa izan zuten Elizmendiko Gaztetxean, egun horretan zabaldu baitzuten ofizialki gune berritua. Mus txapelketa, triki-poteoa, Gaztetxearen aldeko afaria nahiz kontzertuak izan ziren gazteen gozagarri. Festaren ondorenean, gustura agertu dira asteasuar gazteak herritarren aldetik jaso zuten erantzunarekin eta ‘gaztien goooooola pasotismoari’ lelopean burutu zuten festaren ondoren, bide horretan urratsak ematen jarraitzeko nahia erakutsi dute.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!