Minimoto elkartea Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 11:50

Zentimetro gutxiko altuera duten moto txikietan ibiltzeko zaletasuna dutenek, aukera berria dute Andoainen. Adabebu kirol elkartea sortu du lagun talde batek, eta lanean ari dira buru-belarri.

Pablo Hernaez, Jon Gaztañaga eta Santi Matute andoaindarrak Adabebu kirol elkarteko ordezkariak dira. Jon Gaztañagak urte asko darama motorrekin gozatzen eta iazko Sanjuanetan, erakustaldi berezia antolatzeko ideia izan zuen: “Asteburu gehienetan hemendik kanpora joaten gara entrenamenduak egin edota lasterketatan parte hartzera. Semea ere minimotoetan ibiltzen da eta batera eta bestera ibiltzen gara, zaletasun berdina duen lagun taldearekin. Andoainen zerbait antolatzeko ideia sortu zenean, Pablo eta Santirekin hitz egin nuen”.
Erakustaldi hura antolatzeko, Kirol Patronatuko kideekin biltzea izan zen lehendabiziko lana: “Oso ideia ona iruditu zitzaien eta eman beharreko pausoen inguruko azalpenak luzatu zizkiguten. Elkarte moduan antolatzea zen lehendabiziko egitekoa eta buru-belarri hasi ginen horretan. Andoain inguruko hiru mendien izenak gogoan, Adabebu kirol elkartea sortu genuen. Elkartea sortzeak, diru-laguntza eskatzeko modua eman zigun eta hortik aurrera, martxan jarri genuen gure elkartearen jarduna”, azaldu du Santi Matutek.

Ekitaldi arrakastatsua
Arrakasta handia izan zuen lehen erakustaldi hark: “Futbol zelaia inguratzen duen atletismo pistan egin genuen erakustaldia. Izugarrizko jende pila gerturatu zen ikustera eta giro ezinhobea sortu zen. Parte hartzaileen artean ere, arrakasta handia lortu genuen. Oso gutxi iragarri bagenuen ere, kanpoko pilotu asko etorri zen Andoainen korritzera. Bizkaiatik, Madrildik, Nafarroatik…, adin guztietako hirurogei partaide izan ziren. Ez genuen espero horrenbesteko arrakasta izaterik, baina egun borobila atera zen. Jendeak oso ondo pasa zuen”, azaldu du Pablok Hernaezek.

Pilotu andoaindarrak
Andoaingo partaideak ere izan ziren erakustaldian. “Lau kategoriatan banatuta aritu ginen. Haurrak adinen arabera banatu genituen eta helduak berriz motorren indarraren arabera. Herriko haurrek oso postu onak lortu zituzten eta helduen artean madrildar batek lortu zuen garaipena. Hainbat andoaindar ere lehiatu ginen eta oso giro ona sortu zen harmailetan. Gorrotxano pilotu andoaindarraren lagunak gerturatu ziren eta animatzen aritu ziren saio guztian zehar. Berak ere oso egun polita pasa zuen. Hamabost urte inguru zeraman minimotoan ibili gabe eta irabazterik lortu ez bazuen ere, oso ondo pasa zuela esan zigun. Erakustaldia antolatzen ari ginela jakin zuenean, bere aitak konpondu eta prestatu zion motorra eta erakustaldia amaituta, hari eman zion oroigarria”, azaldu du Jonek.
Andoain eta inguruko jende asko dago Adabebu elkartearen atzean. “Oso giro onean biltzen gara. Elkarrekin egunpasa ederrak egiteko aitzakia paregabea ematen digute minimotoek. Motor gainean ibiltzen garenok asko gozatzen dugu eta inguruan sortzen den giroa ere oso polita izaten da; bazkaria prestatu, motorrak konpondu, gure arteko lehia sanoa piztu… Gurea da Gipuzkoako minimoto elkarte bakarra eta andoaindarrez gain, inguruko herrietako jende askok azaldu du kide izateko asmoa”, azaldu du Jonek. Iritzi berekoa da Santi Matute ere: “Ni ez naiz sekula motorrean ibili eta gaur egun ere, ez dut horretarako joerarik. Semeak, ordea, oso gustuko ditu eta berarekin ibiltzen naiz batera eta bestera. Kirol ikusgarria da eta lagunarte polita osatu dugu gainera”.

Txiki-txikitatik
Edozein adin egokia da minimotoetan ibiltzen hasteko. Hala uste du Jonek behintzat: “Gure elkartean bada bi urtetxorekin hasitako mutiko bat. Gaur egun, sei urte ditu eta oso maila onean lehiatzen ari da. Laguntza pixka bat bilatuz gero, motorraren munduan ibilbide ederra egiteko modua izango duela iruditzen zait. Helduak ere ibiltzen gara minimotoetan. Batzuetan, itxura xelebre samarra izaten dugu moto txiki horietan jarrita, baina oso dibertigarria da”.
Hori bai, nahiko kirol garestia dela azaldu dute Adabebuko kideek: “Norberak jar diezaioke muga. Minimotoetan trebatzen hasi nahi duenak nahikoa du berrehun euroko motorra erostearekin. Jantzi berezia eta kaskoa ere behar-beharrezkoak dira eta horiek erosteko, beste berrehun bat euro behar dira. Zaletasuna piztuz gero, ordea, geroz eta motor hobea erosteko joera izaten dugu eta norberak nahi adina diru gasta dezake. Hiru mila euroko minimotoak ere badira merkatuan. Pieza bereziak, jantziak, irteerak, gasolina, aseguruak…, ez da zaletasun merkea”.

Entrenamenduetarako aukerak
Olaberriako zirkuitua da Gipuzkoan entrenatzeko duten aukera bakarra: “Minimotoek ez dute matrikularik izaten, beraz, debekatuta dago errepide edo bide publikoetan ibiltzea. Zirkuitu itxiak dira entrenamenduak egiteko dugun aukera bakarra eta Gipuzkoan, gune bat dago: Olaberriakoa. Duela gutxi arte, gainera, ez ziguten bertan ibiltzen uzten. Hala ere, nahiko aukera garestia da, izan ere, motor bakoitzagatik ia berrogei euro ordaindu behar baita eguneko”.
Nafarroara joatea da beste aukera. Jonen hitzetan, “han zaletasun handia dago eta zirkuitu bat baino gehiago dago; Mirandan, Castejonen, Los Arcosen... Astebukaera askotan joaten gara hara, familia osoarekin. Gure semeei asko gustatzen zaie eta zaletasun hori ikusita, gustura joaten gara”.

Minik hartu gabe
Arrisku txikiko kirola da minimotoena: “Erorikoak izanda ere, zaila da mina hartzea. Minimotoek ez baitute zilipurdika ibiltzeko joerarik. Soinean jarritako jantzi bereziek eta kaskoak ondo babesten gaituzte eta ez da ohikoa zauriak egitea”.
Ordu asko eskaintzen dizkiote motorrari. “Konponketak egin, piezak aldatu, entrenamenduak, irteerak…, gozatu egiten dugu eta ordu asko eskaintzen dizkiogu zaletasunari. Andoaingo jaietako erakustaldia antolatu genuenean ere, konta ezinezko ordu piloa pasa genuen lanean. Lehendabiziko lana diru-iturriak bilatzea izan zen. Herriko taberna eta denda askotara jo genuen publizitatea eskatzera, eta oso erantzun ona jaso genuen. Ondorengo lana zirkuitua prestatzea izan zen. Atletismoko pista erabili genuen eta zirkuitua ondo prestatzeko, ia 2000 pneumatiko behar izan genituen. Tailer mekanikoetan eskaera egin eta astero bilketa egiten genuen. Haiek txukun gorde eta erakustaldiaren bezperan, elkarrekin lotu eta zirkuitu osoan barrena jarri genituen. Izugarrizko lana eman zigun. Erakustaldiaren egunean, berriz, izen-emateak egin, pilotuentzako tokiak prestatu, denborak neurtu…, gustura egindako lana izan zen, hala ere”.

Etorkizunera begira
Ikusmira handia sortu da Adabebu elkartearen inguruan: “Erakustaldia ikusi zutenen artean, minimotoekin froga egiteko gogoa sortu zen eta askok azaldu digu gure ekintzetan parte hartzeko asmoa. Elkarte berria gara oraindik eta gure asmoak gauzatzeko lehen pausoak ematen ari gara. Esaterako, entrenamenduak egiteko gune egoki baten bila gabiltza. Asfaltuzko lurra izatea da baldintza nagusia, baina horrez gain, beste baldintza garrantzitsu bat ere badago, izan ere, minimotoek soinua egiten dute eta ez dugu inor aztoratu nahi. Patronatuko kideekin batera, gune egokiren baten bila gabiltza”.
Etorkizunera begira jarrita daude Adabebu kirol elkarteko kideak. Izan ere, erakustaldiak izandako arrakastak ideia berriak sorrarazi zituen. “Minimotoan ibiltzen ikasteko eskola sortzeko proposamena luzatu zigun jende askok eta guri ere oso ideia ona iruditu zitzaigun. Gaur egungo haurren kirol erreferentzia nagusia futbola da eta guk gauza berriak frogatzeko aukera bat sortu nahi dugu. Minimotoen inguruko lehen eskola izango litzateke. Krisi garaia ez da horrelako erronka bat abian jartzeko garairik onena, baina ilusiorik ez zaigu falta”, gaineratu du Pablok.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!