Zorionak Malkar astialdi taldeari!

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 11:40

Malkar astialdi taldeak 25 urte bete berri ditu. Mende laurdenean zehar amasar eta billabonatar gazteekin burutu duten lanaren inguruan hitz egin dute sorrerako, erdi-bideko nahiz egungo begiraleek.

1987 urtean legeztatu bazen ere, 1981 urtean hasi zuen bere bidea Malkar astialdi taldeak. Taldea abian jarri zuten kideek, garai hartan gazteei zuzendutako eskaintza handirik ez zegoela eta euren burutapena izan zela argitu dute, “beste herrietan bezala, Villabonan ere katekesia bideratzen zuen parrokiak, baina katekesiko azken urteetan ez zen erraza lan hori gazteekin gauzatzea. Ondorioz, giza baloreetan oinarritu eta astialdiarekin lotutako taldea abian jartzea erabaki genuen. Udalekuak nahiz bestelako ekintzak antolatzeko, taldeek entitatea behar zuten eta tramite horiek egiteari lotu gintzaizkion. Taldea sortu zenean, on Daniel apaiza zen Villabonako parroko”. Gazteenek agian ez, baina helduagoek erraz igarriko diote zergatik jarri zioten Malkar izena taldeari, “Zentroaren gainaldetik abiatzen zen Malkar pasealekuagatik aukeratu genuen izen hori taldearentzat. Beste belaunaldi batekoak gara gu: Malkarren hazi eta hezi ginen”, adierazi dute Inma Jauregi eta Asun Berasategi, astialdi taldearen sortzaileetako bik. 11-14 urte bitarteko gazteen artean, astialdiari begira sumatzen zuten hutsunea betetzera etorri zen herriko lehen astialdi taldea beraz, eta astean zehar nahiz asteburuetan egiten zituzten ekintzak, udako udalekuekin batera, “parrokiak ordurako bazuen Ollogoyengo (Nafarroa) etxea. Aurrez Galbarran (Nafarroa) izan zuen beste etxe bat eta 70eko hamarkada hasieratik antolatzen zituen udalekuak bertan. Malkar taldea sortutakoan, bada, Ollogoyena joaten ginen eta elizbarrutiak bideratuta, gaztetxoekin lan egiteko modu berria izan zen. Gure garaian, herriko gaztetxo gehienak joaten ziren Ollogoyengo udalekuetara, orduan ez baitzen beste udalekurik”, adierazi dute. Udalekuak urteko ekintzarik potoloena izanagatik, astero biltzeaz gain, hamaika irteera egiten zuten urtean zehar ere, asteburuetan bereziki, “mendira oso maiz joaten ginen, Alkizara, Mutiloara edota Donostiara ere bai. Talde polita geneukan: 50en bat lagun biltzen ginen guztira”.

Oroitzapen goxoak
Inma Jauregi, Asun Berasategi, Jose Alberto Alonso, Alberto Ariño eta Maxux Zaldua izan ziren taldearen sortzaile nahiz lehen begiraleak eta lauzpabost urtez aritu ziren langintza horretan. “Gerora, urtebeteko etenaren ondoren, Joxean Larrañaga apaiza Villabonara etorri baino zertxobait lehenago, berriz ekin zitzaion Malkarreko jardunari. Garai horretatik aurrera burutu ziren, seguruenik, astialdiko ekintzarik gehienak”. Inmak eta Asunek urte haien inguruko oso oroitzapen politak gordetzen dituztela gogoratu dute, oso ondo pasatzen zutela. Gazteekin ez ezik, urteren batean, haien gurasoekin ere bildu zirela diote, guraso eskola martxan jartzeko: “oraingo eta orduko egoerek ez dute zerikusirik. Orduan, drogaren gainean, esaterako, ez zegoen informazio handirik eta gurasoek kezka eta zalantza ugari zuten. Pertsona haiek –amak gehienak– hitz egiteko beharra erakusten zuten eta askatzeko aukera eman genien. Oso esperientzia interesgarria izan zen”.

Bi eta hirugarren belaunaldiak mintzo
Lehen begirale talde hark 1989 urtean amaitu zuen beren eginbeharra eta urte hartan bertan, beste billabonatar gazte talde batek hartu zuen udalekuak bideratzeko ardura; tartean, Pello Sarasuak. “Begirale gisa, 1989 urtean joan ginen Ollogoyenera lehen aldiz eta 1990etik aurrera hasi ginen aisialdi taldearekin ekintzak lantzen, 1998 urtera arte. Hamabost bat begirale izan ginen hasieran eta 120ren bat gazte. Mugimendu handia zuen orduan taldeak: asteburuko irteerak, eguneko ekintzak…, udan lauzpabost txanda egiten genituen udalekuetara. Orain sei-zazpi urtera arte gazte asko biltzen zuen taldeak. Egun, eskaintza zabala da eta zaila da kopuru horri eustea. Villabonan bezala, gainerako herrietan ere jaitsiera hori nabarmena izan da. Ekintza ezberdinak gauzatuz, katekesia, astialdia eta sendotza lotzea zen gure asmoa”, azaldu du Pellok. Udako oinezko ibilbideak egiten euren garaian hasi zirela ere azaldu du, “udan ez ginen guztiak Ollogoyengo etxean sartzen eta beste aukera batzuk bilatu genituen: Villabonatik Ollogoyenerako Ruta, Belaguara, Santio Bidea…”. Bilerak, antolakuntza lanak, bailarako taldeekin elkarlana…, ordu asko eskaini zizkioten astialdi taldeko lanei, baina, era berean, emaitza oso asegarria izan zela aipatu du Pello Sarasuak, “herrian gazteen mugimendua sortzen eta indartzen ari ginela konturatzen ginen eta horrek, gehiago inplikatzera bultzatu gintuen”. Pertsonalki ere lan hark bere bidea markatu zuela uste du Pellok, “arlo sozialean lanean aritzea –Caritas-en lehen, Baketik-en orain–, astialdi taldean egindako lanak ahalbidetu didala esango nuke; gainerakoan, ez dakit zein bide hartuko ote nukeen”. 1998tik aurrera, hainbat urtetan, hirugarren belaunaldia osatu zuten begiraleen artean, Aloña Arrutik hartu du hitza, “taldea nahiz ekintzak martxan zeudela hartu eta bukatu genuen gure ardura Malkarren. Gazte mordoa biltzen zen gure garaian ere eta ederki pasatzen genuen”, adierazi du. Ostiral eta asteburuetako ekintzez nahiz udalekuez gain, oinezko ibilaldiak burutu zituzten haiek ere udan: Ollogoyengo Ruta edota Santio Bidean barrena.

Egungo begiraleak
“Ollogoyenerako Ruta berreskuratu nahi dugu aurten”

Ibon Errotagaña, Leire Treku, Maitane Aierbe, Eider Balda eta Igor Sasiain begiraleak arduratzen dira egun Malkar taldeko ekintzak aurrera eramateaz. Begiraleez gain, 30 gaztek osatzen dute taldea. “Lehen astialdi taldea herrian zegoen aukera bakarra bazen, orain ez da horrelakorik gertatzen. Dantza, futbola, hizkuntzak…, hamaika ekintza dute egungo gazteek eta denera ailegatu ezinik ibiltzen dira”, aipatu dute begiraleek. Ostiral arratsetan elkartu eta adinaren arabera bi taldetan banatuta, jolas eta ekintza ezberdinak lantzen dituzte Zatorran eta inguruetan. Asteburutako irteerak antolatzen ere jarraitzen dute, –berriki Altzon izan dira–. Baina egun ere, urteko ekintzarik nagusi eta potoloena Ollogoyengo udalekuek izaten jarraitzen dute, “aurten ere hiru txanda egingo dira: ekainaren bukaeran, uztailean (festen aurretik) eta abuztuan”. Hala ere, aurtengorako badute helburu berezi bat, duela zazpi urte egiteari utzi zitzaion Ollogoyenerako Ruta berreskuratzea, hain zuzen ere. “Dagoeneko, parte hartuko luketen gazteen kopurua zehazte aldera, lehen deialdia egin dugu eta ederki erantzun dute gazteek. Beraz, aurtengo udan azken urteetan galduta zegoen ohitura hura berreskuratuko dugu; Ollogoyena iritsi bitarteko txangoak oinez eginez”.

Udalekuetarako aukera
Aste Santuak ondorenean hasiko dira begiraleak udaleku nahiz oinezko ibilbidea prestatze lanetan eta ilusio biziz nabari dira, “udalekuen garaia da guretzat ere urteko garairik politena, nahiz eta lanik gehien orduan egin behar izaten dugun”. Egun, udan  begirale gisa lanean aritzen diren gazte hauek, Ollogoyen izan zuten euren lagunarteko oporretako leku urteak atzera, “ume bezala parte hartzen genuen garaiaz oso oroitzapen politak ditugu eta gustura ibiltzen gara orain begirale gisa ere. Txikitan ezagutu genituen pertsonekin biltzen gara oraindik eta herria ere ez da aldatu. Bitxia da egungo umeek, guk egiten genituen bihurrikeriak errepikatzen dituztela ikustea. Bestalde, guretzat oso pozgarria da gazteak gustura ikusi eta oso ondo pasatzen dutela jakitea”. Lehen ez bezala, elkarte eta talde ezberdinek antolatzen dituzte egun udalekuak, “aukera zabal horrek umeak batera eta bestera banatu egiten ditu, gureak herriko udalekuak izanagatik. Hala ere, azken urteotan oso erantzun beroa izaten dute udalekuek eta ez gaude kexatzeko”. Maiatzaren amaieran zabalduko dute Ollogoyengo udalekuetan parte hartu ahal izateko izen-ematea. 50 lagun eskas elkartzen dira guztira: 40 gaztetxo, 7 begirale eta 2 sukaldari, tarteka Bittor Gorria apaiza ere gerturatzen delarik. “Lehenik eta behin, astialdi taldeko gazteei ematen zaie udalekuetan parte hartzeko aukera; gero, herriko katekesiko gaztetxoei eta, lekurik soberan geratuz gero, Amasa-Villabona eta Zizurkilgo gainerako gazteei ere luzatzen zaie gonbitea”, argitu dute.

Urteurrenarekin lotutako ekintzak
Datorren urriaren 20an, 25. urteurrena gogoan hartuz, Malkar eguna antolatzen ari dira astialdi taldeko kideak. Egitaraua guztiz osatzeke badute ere, mendi ibilaldia, meza, begirale, begirale ohi eta parte hartzaileen arteko bazkaria antolatu nahi dute. Bazkalondoan argazki emanaldia eta, triki-poteoa ondoren. Gau partean kontzerturen bat tartekatzeko asmotan ere badabiltza.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!