Aldiriko autobus zerbitzua Adunan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 11:21

Duela hamar urte jarri zuten Aduna, Zizurkil eta Villabona batzen dituen autobus zerbitzua. Tolosaldea Bus enpresak hartu zuen zerbitzu horren ardura eta lan horretan ari da gaur egun ere.

Luis Lekuona da Tolosaldea Buseko arduraduna: “1994ko uztailaren 2an sortu genuen enpresa. Tolosaldeako herrietara aldiriko autobus zerbitzua jartzea zen gure helburu nagusia eta horretan aritu gara buru-belarri. Orendain, Gaztelu, Orexa, Aduna, Zizurkil goia..., artean autobus zerbitzurik ez zuten herrietara iritsi gara eta pozik gaude egiten dugun lanarekin”.
Ordutegiak zehaztea izan zen autobus zerbitzua eskaintzen hasi aurretik egin beharreko lan nagusia: “Jendearen beharrak zeintzuk ziren aztertu genuen hilabete batzuetan. Lanera joateko, erosketak egiteko, eskolarako..., herri bakoitzean zein behar izango zituzten zehaztu ondoren hasi ginen lanean eta horri eutsi diogu”.

Egunean hiru itzuli
Hiru itzuli egiten ditu Tolosaldeko autobusak Aduna, Zizurkil eta Villabona artean: “Goizez, hiru itzuli egiten ditugu; 09:20etan, 10:40etan eta 12:25etan. Urteko hamaika hilebetetan eskaintzen dugu zerbitzua eta udan, hilabeteko geldialdia egiten dugu. Normalean jende bertsua ibiltzen dugu. Askok egunero-egunero hartzen dute gure autobusa eta beste zenbaitek, noizean behin bakarrik, behar berezietarako”.
Lurraldebus zerbitzuaren baitan sartuta daude Tolosaldea autobusekoak. “Abantaila handiak ekartzen ditu erabiltzailearentzat. Norberaren autoa hartu beharrik gabe, prezio merkean joan-etorriak egiteko modua ematen du eta erosoa da”, adierazi du Luisek.

Bezeroekin harreman estua
Urte hauetako bidean, bezeroekin harreman sendoak egin dituzte enpresako kideek: “Ia egunero ibiltzen den jendea izanik, harreman estua sortzen da. Ondo ezagutzen dugu elkar eta askok, ondo zaintzen gaituzte. Behin baino gehiagotan ekartzen dizkigute hamaiketakoa egiteko pintxoren bat edo gozokiren bat. Zerbitzua eskertzen dutela nabari da eta gu ere saiatzen gara gauzak ahalik eta ondoen egiten”.
Urteak aurrera joan ahala aldaketak nabaritu ditu Luisek bere langintzan: “Lanerako modua aldatu egin da. Gu hasi ginenean askoz ere auto gutxiago zegoen errepidean eta jende gehiago mugitzen genuen. Autobuseko pasiloetan jendea zutik eramaten genuen askotan. Tolosara lanera etortzen ziren herri txikietako biztanle asko eta horiek, emakumeak batik bat, gurekin ibiltzen ziren. Lege eta arau aldetik, bestalde, gauzak estutzen joan zaizkigu. Garai batean, hiru ume esertzen genituen bi eserlekutan, gerrikorik ez zuten autobusek..., baina gauza horiek guztiak aldatu egin dira eta ondo zorrotz errespetatu beharra dauzkagu”.

Eskolara, autobusez
Eskolarako zerbitzuak ere egiten dituzte Tolosaldea Buseko kideek: “Auzo eta herri txikietako umeak eskolara eramaten ditugu, zaintzaile eta guzti. Autobus berdinarekin bi zerbitzu betetzeko aukera ere badugu; eskola zerbitzua eta aldiriko zerbitzua. Modu horretan, eskolara doazen ume guztiak eseri ondoren eserleku libreak geratzen badira, edonork har dezake autobus hori, tiketaren prezio normala ordainduta”, azaldu du Luisek. “Zerbitzu bateratu hori eskaintzeko baimena duen bakarrenetakoak gara”, gaineratu du.
Beste bidaiak
Aldiriko zerbitzuez gain, beste zenbait bidaia ere egiten dute: “Futbol partidak jokatzera eramaten ditugu Tolosako taldekoak eta, arraun taldekoak ere gure bezeroak dira. Horrez gain, sagardotegi garaiko afariak, elkarte ezberdinetako kideen irteerak, lagunarteko bidaiak, ezkontzetarako zerbitzuak..., beste bidaia asko ere egiten dugu. Jende askok deitzen digu eta gehienek, urtero errepikatzen dute. Euskal Herriaren inguruan izaten ditugu bidaia gehienak, baina urrutiago joateko arazorik ez dugu. Atzerrira ere joan izan gara behin baino gehiagotan. Gauzak ondo egiten saiatzen gara eta horrez gain, prezio txukunak jartzeko ahalegina egiten dugu. Jendeak eskertu egiten du hori”.

Egokitutako autobusak
Etorkizunera begira jarrita dago Luis: “Gauzak oso estu daude. Gasoilaren prezioa asko igo zaigu eta zerbitzuaren prezioa igotzea, berriz, oso zaila da. Irabazien marjina txikitzen ari da, hala ere, etorkizunera begiratu beharra dago. Bi autobus berri ekarriko ditugu epe motzean; biak ere, ezinduentzat egokitutakoak. Gaur egun ere baditugu plataformarekin egokitutako autobusak, eta ezindu bat baino gehiago etortzen da gurekin. Horregatik, autobus berriak erosteko beharra sortu zenean, ez genuen zalantzarik egin eta plataformadunak erosi genituen. Gainerakoan, gure zerbitzuei eusten saiatu eta lana ahalik eta ondoen egitea da egokitzen zaiguna”, amaitu du enpresako buruak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!