Zortzi langabetu, Zizurkilen lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 11:14

Langabezia gogor astintzen ari den garai honetan, hamairu pertsonak aldi baterako lanpostua lortu dute Aiztondo Mankomunitatearen bidez. Horietatik zortzi, Zizurkilen ari dira lanean.

Lan brigadari laguntzen, udaletxeko webgunea berritzen edota bulegoko lanetan ari dira Aiztondo Makomunitateak kontratatutako pertsonak. Hala azaldu du Joxe Mari Luengo alkateak: “Bailara osoan zabaldu zuen deialdia Aiztondo Mankomunitateak; Zizurkil, Alkiza, Aduna eta Larraulen. Interesa azaldu zutenen artetik, hamairu pertsonako taldea hartu zuten lanerako, eta herri ezberdinetara bideratu. Zizurkilen zortzi langile ditugu; horietatik sei brigadan ari dira, beste bat webgunea berritzen eta beste bat bulegoko lanetan. Diru-laguntza bat baliatzen da langile hauek kontratatu ahal izateko eta sei hilabeteko lan kontratua dute; beraz, ekaina bitarte arituko dira”.

Herria txukuntzeko lanetan
Konponketa lan ezberdinak egiten ari dira: “Brigadarekin ari diren sei langileak langintza ezberdinetan aritu dira. Aspaldi egin gabe zeuden bide garbiketak, desbrozaketak, pintaketak, kale garbiketak eta beste hainbat konponketa txiki egiten ari dira. Danena futbol zelaiko etxolaren zati bat atontzeko lanak ere egin dituzte. Aurrerantzean, bertan jarriko ditugu lan brigadaren aldagelak”. Azaroko uholdeetan gertatutako zenbait txikiketa ere konpondu dute lan brigadako kideek: “Urak puskatutako hesiak berritu eta margotu dituzte Elbarrena inguruan. Aizpurua etxearen ondoko aparkalekuan zegoen hesi zaharra kendu eta berria jarri dute han ere”, azaldu du Joxe Marik.

Langabezia datuak
Zizurkilgo langabezia datuak jaso berri dituzte udaletxean: “Guztira, 198 biztanle dugu langabezian, zizurkildarren %6,8a. Horietatik 106 zerbitzuetan aritutakoak dira, 50 industriatik datozenak eta 22 etxegintzan aritzen direnak. Aiztondo Mankomunitateak burututako kontratazioak pixka bat arindu egin du haietako zenbaiten egoera eta hori pozgarria da”.
Horrez gain, Joxe Arregi plazan egiten ari diren lanetarako ere, beste sei herritar kontratatuko du Amenabar enpresak: “Etxebizitzak egiteko deialdiko pleguetan argi azaltzen da sei herritar hartu behar dituztela lanerako, urte erdiko kontratuarekin. Herritarren bat dagoeneko hasia da lanean eta gainerakoak, epe motzean hasiko direla uste dugu”, azaldu du Joxe Mari Luengok.

Aparkalekuak Plaza Berrian
Zizurkil goiko plaza ingurua autoz beteta izaten da askotan. Egoera horri behin-behineko irtenbidea emateko, aparkalekua atondu dute Plaza Berrian. Joxe Mari Luengo alkateak eman du horren inguruko berri: “Aste egunetan jende asko etortzen da Zizurkil goiko plazako jatetxeetara, bazkaltzera. Autoa plazan bertan uzten dute eta askotan, nahaspila handiak sortzen dira; autobusa pasa ezinik, oinezkoak auto artetik pasatuz... Egoera horri konponbidea emateko, aparkalekua atondu dugu Plaza Berrian. Inguru honetan bizi diren herritarrei, bertan aparkatzeko eskaera luzatu diegu eta berdin udaletxeko langileei zein eskolakoei. Modu horretan, auto asko atera dugu plaza ingurutik eta kanpotik datozen autoek toki gehiago dute aparkatzeko”.

Hogei auto egunero
Harrera ona izan du Plaza Berriko aparkalekuak: “Eguerdi inguruan hogei bat auto egoten da aparkatuta, kopuru polita. Arindua hartu du plazak eta autobusak ere pasatzeko arazo gutxiago du”.
Etorkizunera begira, aparkalekuen arazoari behin betiko irtenbidea eman nahi diote Zizurkilen: “Herrigunea autoz hustu nahi dugu eta horretarako, elizaren atzealdean aparkalekua egitea aurreikusten da Plan Orokorrean. Agintaldia amaitu baino lehen aparkalekua egiteko pausoak aurreratuta izan nahi genituzke”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!