Bertso eskola, zaletasunak bultzatuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 11:09

Zizurkilgo hainbat gaztek, bertso eskola sortu berri dute Zizurkil goian. Asteazkenero biltzen dira, 19:30etatik aurrera Zentro tabernan, Unai Mendizabal bertsolari zizurkildarrarekin batera.

Orain artean bederen, Andoni Usandizaga, Aitzol Urkola, Ibai Ropon, Aritz Arrastoa eta Xabat Oiartzabal boskoteak osatzen du, Unai Mendizabalekin batera, Zizurkilgo bertso eskola. Gustura biltzen dira asteazkenero, bertsoaren inguruan zer edo zer berria ikasteko gogoz. “Hasiberriak gara, lauzpabost saio soilik egin ditugu. Baina esperientzia modura polita izan da orain artekoa. Mundu zabala da bertsoarena: gauza asko hartu behar baita kontuan”, adierazi dute Andoni, Aitzol eta Ibaiek. Unai Mendizabal irakasleak, bere aldetik, bertsoak egiten erakusteaz gain, helburu nagusia bertsoez gozatzen irakastea dela argitu du, “eduki naiz forma aldetik bertsoa ulertarazten eta, era berean, bertso on bat egiteak zer nolako meritu duen azaltzen saiatzen naiz: bertso on eta txarren arteko aldea bereizten. Bertso saioetara joandakoan, bertsoez goza dezaten lortu nahiko nuke”.

Koplatan, zortziko txikian…
Unaik aspaldidanik zeukan herrian bertso tailerra abian jartzeko ideia, “gazteak bertsolaritzara hurbildu nahian, zerbait egin nahi nuen. Hasieran gaztetxoetatik abiatuta, bertso tailerra osatzeko asmoa nuen, baina izenik eman ez zutenez, helduagoekin osatu dugu bertso eskola. Zizurkilera baino, Aiztondo bailarara zabaldu genuen parte hartzeko proposamena, baina herritarrak bakarrik animatu dira”. Ia hutsetik hasi dira bertso eskolako kideak, aurrez ideia orokorrak zituzten arren. “Entzundakoa, neurri eta doinu batzuen berri bagenuen, baina zerotik hasi garela esan daiteke”. Bertso eskolako kideen helburu nagusia, lagunartean bertsotan aritzeko adina ikastea da, “hasieran koplatan ari gara eta denbora aurrera joan ahala, zortziko txikiak osatzeari ekingo diogu; lagunartean saltsa pixka bat jartzeko moduan”, aipatu du Unaik. Asmo horiek gauzatze aldera, ariketa ezberdinak egiten dituzte bertso eskolan, “teoria nahiz praktika lantzen ditugu saioetan: batetik, alderdi teorikoan, errimak edota bertso idatziak eta bestetik, puntua, amaiera nahiz errimak jarrita osatzen ditugu bertsoak. Egia esan, alderdi teorikoa baino gehiago lantzen dugu alderdi praktikoa”, azaldu du irakasleak. Gai ezberdinak proposatuta ere, gehienetan euren arteko gaietara jotzen dutela adierazi dute ikasleek, “alderdi praktikoa gustatzen zaigu gehien eta gure aurrekoari adarra joz osatzen ditugu bertsorik gehienak; horrek baitu grazia”.
Orain artean genion artikuluaren hasieran, izan ere bertso eskolako ateak zabalik baitaude oraindik ere. Elkarrizketatutako gazteen bertso grina bera dutenek, beraz, badakite nora jo dezaketen.


Zizurkil, herri bertsozalea
Bertso munduan tradizio handiko herria da Zizurkil. Besteak beste, Karidadeko bentak izan zuen itzala ikusi besterik ez dago. Unairen esanetan, “oso herri bertsozalea da Zizurkil. Horren adibide, esaterako, festetako saioan biltzen den jende kopurua edota bertso afarietan elkartzen dena. Gipuzkoako txapelketako saioren batera joan ahala, zizurkildarren batekin topo egitea oso ohikoa da. Zizurkil bezala, Aiztondo bailara ere oso bertsozalea dela esango nuke, Asteasu kasu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!