Errenta aitorpena euskaraz egiteko deia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 18a, 10:33

Tolosaldeko Udalek, tartean Aiztondo bailarako Aduna, Villabona eta Zizurkilgoek, errenta aitorpena euskaraz egiteko ‘Aurten noraino?’ kanpainan hartu dute parte. Herritarrei deklarazioa euskaraz egiteko deia luzatu diete Maite Arregi eta Maider Agirre, Villabonako eta Zizurkilgo euskara teknikariek.

Errenta aitorpena euskaraz egitera bultzatzeko kanpainaren helburu nagusia, herritarrei zein pauso eman behar dituzten jakinaraztea eta euskaraz egin dezaten bultzatzea dela argitu dute kanpainaren sustatzaileek.
Batetik, euskalgintzako bi talde dira sustatzaile horietako bi, Kontseilua eta Galtzaundi, hain zuzen. Bestetik, hainbat Udal: tartean, Aiztondo bailarako Aduna, Villabona eta Zizurkilgoa. Asteak atzera hasi ziren herritarren artean kanpaina ezagutarazi nahiz zabaltzeko lanetan eta, besteak beste, 370 karteletik gora jarri dute eskualde osoan zehar. Era berean, kanpainaren berri emanez, 11000 esku-orritik gora banatu dute etxez etxe. Errenta aitorpena euskaraz egitea, gaztelaniaz egitea bezain erraza dela azaldu dute bultzatzaileek eta deklarazioa egiteko hautatzen den moduaren arabera, (mekanizatua, gestoriaren bidez, Foru Aldundiaren egoitzara joanda…), euskaraz egin nahi dela esatea besterik ez legokeela. Errenta aitorpenaren autolikidazio proposamena etxean jaso dutenen kasuan, proposamen batzuk gaztelaniaz idatzita iristen direla kontuan izanik, proposamena berretsi nahiz deklarazioaren behin betiko bertsioa euskarazkoa izateko, bide ezberdinak jarrai daitezkeela iragarri dute:

  • Telefonoz, 902 100 040 zenbakira deituta.
  • Internetez, www.gipuzkoa.net webgunean, autolikidazio proposamena onartzeko atalean. Gainerakoan, sinadura elektronikoa edo pasahitz operatiboa duenak zuzenean onar dezake Gipuzkoakoataria portalean.
Urtez urte, gero eta gehiago
Tolosaldea eskualdean urrats sendoa eman da azken urteotan. Izan ere, Maite eta Maider euskara teknikariek adierazi duten bezala, “gero eta gehiago gara eskualdean errenta aitorpena euskaraz egiten dugunak. 2008an, 3213 lagun izan ginen eta, iaz, 4546”. Zalantzarik gabe, bide horri eusteko deia luzatu dute bi ordezkariek, “beldurrak alde batera utzi eta aurten ere deklarazioa euskaraz egiteko deialdia luzatzen diegu herritarrei, oso erraza baita. Egun, ez da inolako arazorik izaten euskaraz egin ahal izateko”. Bide batez, Foru Aldundiarekin harremanak euskaraz izateko gonbitea ere egin dute, “errenta aitorpenaren kanpaina baliatuz, diputazioarekin harremana euskara hutsez izan nahi duten herritarren errolda egiten hasiko baitira. Egitasmo horren helburu nagusia, euskaldunen hizkuntz eskubideak betetzea litzateke”, jakinarazi dute.

Aiztondo bailarako datuak
Ondokoak dira Aiztondo bailaran 2008tik 2010era errenta aitorpena euskaraz egitea erabaki duten herritarren datuak, urtez urte gora egin dutenak. Bailarako Udalak, kanpainak egiten 2009 urtean hasi zirela kontuan hartu behar da, Asteasu izan ezik.

Herria             2008 (Euskaraz)    2009 (Euskaraz)    2010 (Euskaraz)
Aduna                     49 %21,21       57  %24,05     61  %25,20
Amasa-Villabona  324 %10,19    370  %11,70    430  %13,61
Asteasu                120 %16,30    154  %20,32    195  %25,72
Larraul                   11 %09,65       12  %10,71     17  %14,53
Zizurkil                 197 %13,12    225  %15,18    232  %15,88
 
Andoainen ere bai
‘Aktiba Zaitez’ lelopean, errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abian jarria dute Buruntzaldeko Udalek ere: Andoain, Urnieta, Hernani, Lasarte-Oria, Astigarraga eta Usurbil herriek elkarlanean, hain zuzen ere. Info: Aiurri astekarian edota aiurri.com gunean.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!