Amasan jasoko du Harkaitz Canok Beterriko Liburua literatur aipamena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 16a, 10:46

111 Akademiako akademiakideek Harkaitz Canok idatzi eta Susa argitaletxeak plazaratutako Twist eleberria aukeratu dute 2011ko Beterriko Liburu. Aurten, azken urteetan baino lehenago ezagutu da irabazlearen izena, Canoren eleberriak bi bozketa txanda nahikoa izan baititu saridun izendatzeko behar zuen boto kopurua lortzeko; 111 Akademiak orain bost urte txanda sistema martxan jarri zuenetik ez zen inoiz halakorik gertatu.

Maiatzaren 10ean ospatuko da 2011ko Beterriko Liburua Ohorezko Literatur Aipamena ezagutzera emateko ekitaldia, Amasako Kultur Etxeko ekitaldi aretoan, arratsaldeko 19:30ean.

Albistea bere osotasunean

Aipamenaren nahiz 111 Akademiaren lanaren berri azaldu du Amaia Goikoetxea ekimenaren teknikari-eragileak:

111 Akademiako irakurleek dagoeneko aukeratu dute 2011ko libururik gogokoena. Zer aurrera dezakezu?
Harkaitz Cano idazleak idatzi eta Susa argitaletxeak argitaratutako Twist eleberriaren aldeko apustu nabarmena egin dute akademiakideek. Aurtengo hautuak badu berezitasun bat: liburu irabazlea aukeratzeko txanda-sistema martxan jarri genuenetik bosgarren urtea izango da aurtengoa. Bada, orain artean, liburu irabazlea aukeratzeko hiru bozketa txanda behar izan dira. Izan ere, lehenengo bozketa txandan, lana saritua atera dadin, jasotako botoen %30a lortu behar du liburuak, bigarrenean %40a eta hirugarrenean azken bi finalisten arteko kopururik altuena. Orain artean, beraz, ez zen gehiengo kopuru horretara libururik ailegatu, ez lehen eta ez bigarren bozketa txandatan. Aurten, ordea, Harkaitz Cano lasartearrak, jasotako botoen %47a eskuratu du Twist nobelarekin bigarren txanda horretan. Ondorioz, kopuru horrekin saridun izendatu da automatikoki; bigarren lekuan geratu den Anjel Lertxundiren Etxeko hautsa lanari 20 botoko aldea atereaz. Oso garbi ikusi da 111 Akademiako irakurleek Canoren liburuaren alde egin dutela eta liburu aukeraketa hain azkarra izateak ekitaldiko antolaketa lanak aurreratu eta errazteko modua eskaini digu guri.

Urtean zehar iritzi mordoa jaso du liburu irabazleak 111 Akademiako kideen eskutik. Zer azpimarratuko zenuke jasotako iruzkin horien guztien artean?
Irakurleen iritzi asko jaso du liburuak, bai. Aipagarria da jasotako iritzi ia guztiak onak direla, irakurleei liburua asko gustatu zaiela. Beste liburu saritu askorekin gertatu ez den bezala, aurten, akademiakideek liburu irakurterraza ez izatea ezaugarri positibo moduan aipatu dute. Orain artean, lanaren aldeko ezaugarri moduan, liburu irakurterraza izateari egiten zitzaion aipamena nagusiki. Oro har, beraz, oso liburu ona izateaz gain, liburuak duen zailtasun puntuari egin zaio erreferentzia.

Eta zuk, 111 Akademiako kudeatzaile eta irakurle gisa, zein iritzi duzu liburu sarituaz?
Liburua irakurri bezain laster pentsatu nuen aurtengo liburu irabazlea izan zitekeela. Asko gustatu zait, izugarri eleberri ona iruditu zait.

Zenbat akademiakidek hartu du parte aurtengo sariduna aukeratzen?
Urtean zehar iritziak bidali dituztenak askoz ere gehiago izan diren arren, 82 akademiakidek eman du liburu saritua hautatzeko botoa. 111 Akademia Euskal Herri osoko 181 irakurlek osatzen du egun eta haietako askok botorik ez ematea erabaki du. Urte guztian zehar, iritziak igorriz lanean aritu eta gero, euren botorik bidali gabe akademiakide gehitxo geratu dela iruditzen zaigu eta grafiko bana bidaliz, eurengana jotzeko asmoa dugu epe laburrean, hurrengo urteari begira parte hartze zabalagoa lortze aldera.

Twist eleberriarekin batera, zein beste literatur lanek jaso dituzte akademiakideen botoak?
Canoren lanaren ondoan, beste bost liburu nabarmendu dira: Anjel Lertxundiren Etxeko hautsa (Alberdania), Xabier Artolaren Argi itzalen neurria (Elkar), Xabier Mendigurenen Sakoneta (Elkar), Joan Mari Irigoienen Ur arreak, ur garbiak (Elkar) eta Iñigo Aranbarriren Zamaontzia (Susa).

Garai zail hauetan, zein da 111 Akademiaren egoera? Zein egitasmo duzue buruan etorkizunera begira?

111 Akademiako programa garatuta daukagu eta gure lehentasunezko asmoak 111 Akademiako webgunea nahiz Beterriko Liburua literatur aldizkaria berritzea, Kilkerren Soka ekimenari jarraipena ematea edota Ohorezko akademiakiaren izendapena abian jartzea lirateke. Hala ere, apirilean gaude eta oraindik ez dakigu zer nolako aurrekontu izango dugun aurtengorako. Erakundeen erantzunaren zain gaude. Dudarik gabe, ezjakintasun egoera horrek lan dinamika oztopatu egiten du.
Kilkerren Soka ekimenaren baitan, launa saioko hiru liburu aurkezpen txanda egin ditugu dagoeneko Euskal Herriko txoko ezberdinetan, liburuen egile nahiz bidaideei hitza emanda. Harrera beroa izan dute orain artean egindako aurkezpen gehienek. Aurten, epe laburrean, bakarra antolatuko dugu: Datorren apirilaren 20an, ostiralarekin, hain zuzen, Uxue Apaolaza idazleak bere azken liburua, Mea Culpa hartuko du hizpide, Gorka Bereziartua bidelagun duela. Hernaniko Biteri Kultur Etxean izango da hitzordua, arratsaldeko 18:30etan. Irakurzale guztiok zaudete gonbidatuta, maiatzaren 10ean Amasako ekitaldira bezalaxe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!