"Gure herriaren historian, esperantzaz eta ikusmiraz gogoratzen den eguna da apirilaren 14koa. Egun bat lehenago haizatu zen bandera gorri-hori-morea Eibarko udalean, eta horrekin batera iritsi zen II. Errepublikaren aldarrikapena kale kantoi guztietara. Gizartea aldatzeko ilusioa barreiatu zen, herritarren eta langileriaren eskubideak aldarrikatzeko tenorea, euskal nortasuna aldarrikatzeko garaiak...
Ilusioak, ordea, gutxi iraun zuen, frankozaleen 1936ko altxamendu militarrak guztia pikutara bidali baitzuen. Eraso faxistak ondorio larriak utzi zituen gure lurraldeetan: fusilatuak, desagertuak, erbesteratuak, zaurituak... baita Andoainen ere. “Oroituz, Andoainen” taldeak egindako lanari esker, 58 biktima zenbatzera ailegatu dira. Horietako askok, gainera, artean ez dakite euren senidea non dagoen.
Ahaztu ezineko garai haien ordainetan egia, justizia eta erreparazioa da euskal gizarteak aldarrikatzen duena, eta hain zuzen, deiadar horrekin bat egin eta, apirilaren 14an, 12:00etan, Alfaro plazan egingo den omenaldira gehituko da Andoaingo udal gobernua. Ildo horretatik, dei egingo die Andoaingo eragile sozial, politiko eta gizon-emakume guztiei zapalduen aitortzarako izango den ekitaldi horretara bertaratu daitezen".