Oroituz elkarteak 1936ko Gerran fusilatu eta desagertarazitako herritarrak gogoan izango ditu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 12a, 11:47

Errepublika egunean urtero egin ohi duen moduan, Oroituz elkarteak 1936ko Gerran fusilatu eta desagertarazitako herritarrak gogoan izan zitiuen. Hauxe aurkeztu zuten manifestua, ekitaldiaren aurreko egunetan:

"2012ko martxoaren 28an, "Oroituz Andoainen" elkarteak Udal batzarrean mozio bat aurkeztu zuen, zera eskatuz: udalak berak, agintaldi berrian, berriro hel ziezaion herriko hainbat herritarrekiko guztiok daukagun zor historikoari. Herritar horiek ¨egia, justizia eta erreparazioa¨ aldarrikatzen jarraitzen dute; izan ere, oraindik ez baitakite zer gertatu zen euren familiarrekin, non diren fusilatu eta bide bazterretan edo hobi kumunetan desagertarazi zituzten euren familiarrekin...

Mozioa hiru puntuk osatu zuten, eta segidan azalduko ditugu:

1)
Udalari, 1936ko altxamendu militarrak Andoainen eragin zituen biktimen zentsu bat osa zezan eskatu zitzaion. Zentsu hori, giza eskubideen urraketen arloan Nazio Batuek ebatzitako kategorizazioaren arabera osatu beharko litzateke. Gogoan eduki behar da aipagai ditugun gertakizun izugarri horiek gertatu zirela 75 urte igaro diren arren, Andoaingo herriak oraindik ez daukala biktimen inguruko zentsu ofizialik.

Zentsu horrek, besteak beste, jasoko luke nortzuk izan ziren II. Errepublika, demokrazia, justizia eta berdintasunaren aldeko konpromisua hartu, eta hargatik giza eskubideen urraketa mota ezberdinak jasan zituzten herritarrak.

2)
Udalari, Andoaingo kaleetan oraindik dirauen sinbologia frankista erretira zezala eskatu zitzaion. Eskakizun horrek bat egiten du 2007ko Memoria Historikoaren Legearekin ez ezik, baita ere Andoaingo Udalak 2004ko apirilaren 14an onetsi zuen erabakiarekin, alegia "eremu publikotik askatasunaren aurkako elementu sinbolikoak erretiratzeko baldintzak jartzeko" konpromisuarekin.

3)
Azkenik, Udalari informazio panel bat jartzea eskatu zitzaion (frankistek fusilatu, desagertarazi eta gainerako zapalduen alde Alfaro parken jarrita dagoen eskulturaren ondoan). Panelak fusilatutako eta deagertarazitako 58 andoaindarren irudiak bilduko lituzke, horien inguruko aipamen biografiko laburrekin batera. Mozioko puntu honek, Udalak 2004ko batzar hartan hartu zuen erabakietako batekin bat egingo luke; izan ere, orduan, bitarteko idatziak, bisualak, ahozkoak... sustatzeko gogoa azaldu zuen udalak, makina bat andoaindarrek bizitu zuten bizipen tragikoa ahazturatik ateratzen laguntzeko asmoz.

Bada, PSE-EE, EAJ eta PP alderdiek ezezkoa eman zieten mozioko hiru puntuei. Hitz murritzez zuritu zuten euren jarrera: "aski da orain arte egin den guztiarekin".

Alderdi horien jarrera larriaren aurrean, "Oroituz, Andoainen" herritarren elkarteak adierazi nahi du lortutako emaitzek jakinarazten digutela aurretik abian jarritako ekimenak aski izan diren ala ez; eta hain zuzen ere, alderdi horiei zera gogorarazi beharko diegu, beste behin: Andoaingo 58 herritar fusilatu eta desagertarazita jarraitzen dutela, eta horrexegatik, horien familiarrek egia, justizia eta erreparazioa eskatzen jarraitzen dutela".

"Oroituz, Andoainen" herritarren elkartea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!