Aberri Egunaren harira Udal gobernu taldearen eta EAJ-PNV alderdiaren adierazpen bana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 4a, 22:57

Aberri Egunaren atarian Andoainen bi adierazpen argitara eman dira. Batetik EAJ alderdiarena eta bestetik Udal gobernu taldearena

EAJ-PNV alderdiaren adierazpena

Udal gobernu taldearena, jarraian:

Udal gobernuak bat egiten du independentistak sareak aberri eguna ospatzeko iruñean deitu duen ekitaldiarekin

Gure herriaren eguna izkinaren bueltan dugu; Aberri Eguna igande honetan, apirilaren 8an ospatuko dugu. Egun handia da gure herriaren independentzia eta burujabetzaren aldeko hautua egiten dugunontzat, zalantzarik ez.
Indar soberanisten indarra eta egoera politikoan eragiteko ahalmena argi geratu dira azken hilabeteotan. Euskal Herriaren erabakitzeko eskubidea aldarrikatu eta defendatzen dugun indar politiko guztiak igandean Iruñean egotea esanguratsua eta azpimarragarria da, hain zuzen ere. Nolanahi ere, bidea luzea da oraindik, erronkaz betea; gure autodeterminazio eskubidearen aldarrikapena gauzatu eta Euskal Herriaren burujabetzaren bidean jartzeko, lan mardula dugu egiteko, beti ere, euskal gizartearen borondatea errespetatuz eta bide demokratikoen jorratzea eskuan hartuta. Horixe da une honetan espainiar zein frantziar estatuei eskatu behar zaiena: inposaketari uko egin eta herri bezala dagozkigun eskubideak aitortzea eta praktikara eramateko bideak onartzea; demokratikoki, Eskozian egin berri duten bezala.
Geroz eta nabariagoa da burujabetzaren beharra; ez dago egungo arlo sozio-ekonomikoa begiratu besterik. Estatuen eta kapitalen interesen arabera baldintzatu nahi dute gure etorkizuna. Espainiarekiko menpekotasun ekonomikoa zulo beltzera garamatza. Horren aurrean, martxoaren 29ko greba orokorrean argi ikusi zen bezala, gure herriak, gure gizarteak, bestelako politikak, bestelako neurriak, bestelako urratsak aldarrikatzen ditu. Arlo ekonomikoan, arlo sozialean, herri bezala gure erabaki eta politika propioak hartzeko eta garatzeko eskubidea lortu behar dugu.
Testuinguru honetan, Andoaingo Udal Gobernuak bat egiten du Independentistak Sareak Aberri Eguna Iruñean ospatzeko egin duen deiarekin. Urte esanguratsua da ere Nafarroan, eta beraz Euskal Herri osoan, gure nortasuna eta historia ezabatzeko eta baldintzatzeko etengabe ezagutzen ari garen erasoen aurrean. 1512an armen bidez inposatu ziguten Espainiarekiko menpekotasuna apurtzen joateko unea da.
Beraz, dei egiten diogu Andoaingo gizon eta emakumeei Aberri Eguna ospatzeko, etxeetako balkoietan ikurriña jartzeko eta Iruñean burutuko diren ekitaldi eta mobilizazioetan parte hartzeko.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!