Kontu kontari, transmisio lanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko api. 4a, 12:17

Ipuin kontalari ezaguna da Beatriz Egizabal lasartearra, Buruntzaldean. Ikastaroekin batera, batez ere haurrentzat eskaintzen ditu saioak, baina mundu hau helduena ere badela aldarrikatzen du. Eta helduak behar ditu ipuin kontaketak, askok dituzten seme-alaba txikiei Egizabalek dioen moduan, baloreak, euskara transmititzeko. Horretan urteak daramatza Beatrizek.

Liburuak oso tresna lagungarriak dira. Hala dio Beatriz Egizabal ipuin kontalariak. “Gurasoak konturatzen dira, ipuinekin gauza asko alda daitezkeela. Eta batez ere ondo pasa daitekeela”. 

Lan gehiena haurrekin egiten duzue, baina baita helduekin ere?
Beatriz Egizabal. Hor dugu erronka, helduekin. Saioetara gerturatzen diren helduek sorpresa handia hartzen dute. Joaten dena oso harrituta gelditzen da, saioak irauten duen ordu horretan pertsona bat zerbait kontatzen eta zu hain sartuta egon zaitezkeenik espero ez duelako. Kuriositatea haurrek bai, baina helduek ere badute.

Gertatuko zitzaizun haurra laguntzera guraso bat joan eta emanaldian haurra baino gehiago inplikatzea?
B. E. Haurrak eta gurasoak inplikatzen direnean, saioak oso politak izaten dira. Aurreko  batean, guraso bat barreari eusten ari zela konturatu nintzen. Batzuetan, ipuin saioak  eurentzat ez direla iruditzen zaie askori, nahiz eta  oso ondo pasatzen ari. Baina ipuinek nolako grazia eragiten dieten adierazteak lotsa ematen die.

Kontatzen aritzea betidanik oso gustukoa izan duzu. Bizi estilotik ogibidea egin duzula esan al liteke?
B. E. Bihurtu egin da. Atzera begira jarrita, neure bizitzan  ez dut honetan kontzienteki bukatu. Beti berritsua izan naiz, gehiegi kontatzekoa. Ez nuen imajinatuko, ordea, istorioak kontatzea ogibide izan zitekeenik. Duela urte asko, tabernan lagun bati esaten nion, ‘imajinatzen al duzu horrela hitz egiteagatik kobratzea?’. Berak asko marrazten zuen. Arrasaten lanean nenbilela ipuin kontalaritzako ikastaro bat egiteko aukera izan nuen. Geroztik saioekin hasi nintzen eta geroago, Oihulari Klown konpainian sartzeko eskaintza jaso nuen. Gaur arte.

Adibide moduan, 2011n zenbat emanaldi eskaini dituzu?
B. E. Gutxienez, 669. Gehienak haurrei zuzenduak. 2003. urtetik, tabernan neurekin hitz egiten zuen lagun harekin, egun bikotea dudanarekin joaten naiz saioetara. Ilustratzailea da eta ipuin bakoitzeko marrazki handi bat egiten du. Hala, ipuinari irudia gehitzen diogu. Entzumena eta ikusmenarekin bat-batekoa da emanaldia. 

Kontalari ona izateko entzule hobea izan behar al da?
B. E. Asko hitz egiten duten batzuekin gustura egon zaitezke, beste batzuk badira astunak direnak. Entzule parte horretan dago batzuen eta besteen arteko aldea. Batzuk entzun gabe hitz egiten dute, berdin zaie aurrean duenak zer nolako aurpegia jartzen duen. Entzuten jakin egin behar da.

Zer kontatua izateko, belarria non jartzen duzu?
B. E.Istorio gehienak irakurritakoak dira, baina moldatuta. Neuretzat moldaketa horietan egiten dena da garrantzitsua. Niretzat garrantzitsua da entzutea, inguruan zer gertatzen den sentsibilizatu edo kontzientzia hartzeko moldaketa horiek egiterakoan. Adibidez, rol estereotipatuak aldatzeko. Niretzat ere garrantzitsua da neure ipuinekin zer mezu zabaltzen ditudan. Gaien inguruko ipuinak egiten ditugu. Haurrak konturatu gabe, aipatze hutsarekin zenbait gai landu eta normalizatze bidea egiten dugu. 

Ipuin kontalariok transmisio lan horretan ere baduzue ardura? 
B. E. Berdina da, ipuinarekin batera dator euskara, euskaraz kontatzen ditugulako. Berez tresna bat da. Neuretzat helburua dibertimendua da. Umeek  ondo pasatzen ez badute, ondoren doazen beste helburu guztiak, ziurrenik ez dira beteko. 

Euskararekin batera, zer da ipuin baten bidez transmititu dezakezuna?
B. E. Emozioak, gizartearen balore nagusiak… Ipuinek hezi egiten dute. Argi dago, batez ere ipuin klasikoek erantzunak ematen dizkietela umeen beldur askori. 
Gizartean dauden balore nagusiak atsegin ez dituzunean zer gertatzen da? Ibiliko dituzula ipuin batzuk hori zalantzan jartzen dutenak. Gero nahiz eta ipuina modu batean kontatu, haurrek beste modu desberdin batean jaso dezakete. Askotan ezer esan gabe asko esaten da.
 
Zer aholkatuko zenioke, haurrari ipuin bat nola kontatu zalantzak dituen guraso horri?
Beatriz Egizabal. Helburua dibertimendua da. Orduan oso garrantzitsua da, gurasoak ere ondo pasatzea. Azkenean kontua da denbora hori umearekin partekatzea, ez ipuinaren ordua izatea, gurasoak ere gozatzea. Haur txikien kasuan, liburuak oso tresna lagungarriak dira, marrazkiak baitituzte. Noizean behin liburutegietara joatea ere aholkatuko nieke. Eta asmatzera animatu nahi nituzke gurasoak, sormena erabiltzera. 

Askotan ez da erraza ordea...
B. E. Gaitasuna denok dugu. Oso datu gutxirekin izugarrizko istorioak muntatzen ditugu. Iruditzen zaizkigu gainera logikoak direla, edo bestela logiko egiten ditugu. Sormena soberan dugu. Baina, batzuetan epaituak sentitzen gara. Adibide argia da, aiton amonena. Gurasoak ez daudenean, aiton amonak txikiekin askatasun osoz sentitzen dira. Gurasoen kasuan, denbora da arazoa. 

Buruntzaldean eskaintzen dituzun ikastaroetatik, guraso batek baino gehiagok ezagutzen zaitu. Zergatik izan litezke interesgarriak halako saioak?
B. E. Dudan esperientziaren ondorioz, jendeak ondo pasatzen duela esango nuke. Sormena bideratzen laguntzeko teknika batzuk ikasten dira, bibliografia ematen diegu. Gurasoak konturatzen dira, ipuinekin gauza asko alda daitekeela. Eta batez ere ondo pasa daitekeela. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!