“Orain 25 bat urte, 36ko Gerran gudari izan ziren auzotarrak gogora ekartzeak merezi zuela pentsatu genuen zenbaitek. Goiburuko jaietan lehenbiziko aldiz ikurrina jartzea izan zen haiek omentzeko, orduan egin genuena. Ikurrina bai, espainola ez lema zuen ikurrinak”.
IKURRINA ETA ETXEBERRIA BERTSOLARIA
Orain hamar urte, ordea, ikurrina berriro jartzea bururatu zitzaien; “oraingoan, Merdillegi baserriko semea zen Joxe Inazio Etxeberria hartu genuen bereziki gogoan; izan ere faxistak Andoain okupatzera zihoazela bera izan zen Belkoaingo mendi gainera igo eta ikurrina jarri zuena”.
Etxeberria egundoko pertsona izan zela dio Arrutik: “auzoaren alde lan asko egin zuen pertsona izan zen. Euskaltzale eta bertsolari handia. 1936an Donostian izan zen Euskal Herriko bertsolarien bigarren txapelketan parte hartu zuen, Txirrita handiarekin batera.
Bertsolaria izateaz gain, une historiko horietan konpromiso maila handia erakutsi zuen; gudaria izan zen, aberriaren alde bizia eman zuena. Francoren aldekoak Beterri aldera gerturatzean andoaindarrak aurre egin zien, eta ondoren Bizkaiko frontean jardun zuen harik eta Artxandako frontean hil zuten arte”.
Ikurrina meta baten puntan JARTZEAREN ARRAZOIA
Orain hamar urteko ikurrina hura, garo meta baten puntan jarri zuten: “meta batean jartzeari, sinbologia itsatsi nahi izan genion: 36an, faxistek euskara eta euskal kultura ezabatu nahi izan zuten eta horiek zabaldutako izuaren eraginez, euskal jende askok baserrietako metetan ezkutatu behar izan zituzten euskarazko liburu eta objektuak. Horrelaxe jokatu zuten, esaterako, Merdillegi baserriko etxeberriatarrek”.
Ikurrina hark ez zuen denbora askorik iraun, baina: “jarri eta biharamunean erre egin zuten. Agudo txikitu zuten hurrengo urtean berriro jarri genuena ere! Hirugarrengo urtean, bizilagun batek masta sendo bat eskaini zigun, eta huraxe finko dago geroztik”.
Haizearen joan-etorriak oihala hondatu egin ohi du, eta urtero berria aldatzeko usadioa ezarrita dago Goiburun: “Aberri egunean, edo bezperan, ikurrina berri bat jartzen dugu”.
Etorkizunari begira, ikurrina jartze hutsarekin konformatzen ez dela aitortu du Txankak. “Goiburuko gudariek eta Etxeberria berak gehiago merezi dutelakoan nago. Auzotarrok elkartu eta zor diegun omenaldia eskaini behar genieke nola edo hala; ezin da onartu ahaztuta edukitzea, orain dauzkagun bezala”.