Martxoaren 21ean egindako herri bileran, asmo horien berri jaso zuten adunarrek eta laster sortuko den batzordean aztertuko dute helburu hori lortzeko modurik onena zein izan daitekeen.
Josu Amilibia alkateak eman du guztiaren berri: “Adunan oso garrantzitsua iruditzen zaigu hondakin organikoaren kudeaketa ona egitea. Izan ere, gurea bezalako herri txikietan ohikoa baita biztanle bakoitzak sortzen duen hondakinaren %40 eta %60 artekoa, organikoa izatea eta hori ondo kudeatuz gero, hondakinen zati handi bat kenduko genuke zirkuitu nagusitik”.
Parte hartzea sustatu
Herritarren parte hartzea bultzatu nahi dute Adunan, helburu nagusi hori lortzeko bide egokiena aukeratzeko: “Lehen herri bileran datu nagusiak eskaini genizkien bertaratu zirenei. Hondakin organikoak kudeatzeko modu ezberdinak daude eta gure herrirako egokiena zein den aztertu behar dugu. Lehen bileraren ondoren, batzorde bat sortzea izango da hurrengo pausoa; apirilaren hasieran emango duguna. Udal ordezkariei, herritarrei eta zenbait eragileri zabaldu zaie parte hartzeko deialdia. Guztien artean eztabaidatuko dugu nola lortu gure helburuak betetzea”.
Aukera ezberdinen azterketa
Herri ezberdinetan gaiari eman dizkioten irtenbideak aztertu zituzten herri bileran: “Autokonpostajearen apustua egiten bada, bi modutan egin daiteke; indibiduala, bakoitzak bere etxean egingo duena, edo komunitarioa. Adunan autokonpostajea indibiduala lehenetsi nahi da. Etxe gehienetan lursail, lorategi eta baratzeak daude eta horrek aukera ematen du norberak bere hondakinak kudea ditzan. Horretarako, gainera, Mankomunitatera eskaera egiteko aukera zabalik dago. Haiek ekartzen dute konposta egiteko behar den materiala eta nola egin behar den ere erakusten dute”, azaldu du Josuk.
Autokonpostaia indibiduala egin ahal izateko lursailik ez duten herritarrak ere kontuan izan dituzte: “Kasu horietan beste modu batzuk bilatu behar dira: konposta egiteko gune handiagoak jar daitezke herriko puntu ezberdinetan. Herritarrek bertara eramango lituzkete hondakin organikoak. Konpostagailu handi horiek modu ezberdinetakoak izan daitezke eta hori guztia batzordean aztertu eta erabaki beharko da”.
Konposta
Hondakinetatik sortutako konpostari zein erabilera eman ere aztertuko dute batzordean: “Herriko lorategietan erabiltzeko, baserritarrei emateko..., irteera ezberdinak izan ditzake. Konposta ez da hondakina eta ez dugu uste irtenbideak bilatzea zaila izango denik”.
Foru Aldundiak hondakinen prebentziorako diru-laguntzak eskaintzen ditu eta eskaera egiteko asmoa dute Adunako Udaleko kideek: “Konposta egiteko baliabideak jartzeko diru-laguntzak eskaintzen dituzte eta horiek baliatzeko aukera ikusten dugu”. Ekaina inguruan amaitu nahi dute eztabaida eta azterketa prozesua. “Modu horretan, uda pasa ondoren martxan jartzeko moduan izango ginateke. Hala ere, posible da eztabaida prozesua martxan dagoen bitartean, konpostagailu komunitarioaren bat herrian jartzea, nolako emaitzak ematen dituen ikusteko”, gaineratu du Josuk.
Gainerako hondakinak
Hondakinaren inguruko beste zenbait datu ere eman du Josuk: “Tolosaldeko Mankomunitatearen datuek diotenez, 1995 urtetik 2007ra bitarte, etengabe igotzen joan zen biztanle bakoitzak sortutako hondakin kopurua eta azken bost urteotan mantendu egin da kopuru hori. Gaika biltzen den hondakinarekin ere igoera handia nabaritu da urte horietan. 1995ean ez zen ia ezer birziklatzen eta gaur egun, hondakinaren %30a inguru birziklatzea lortu da. Hondakin organikoari irtenbidea eman ondoren, gainerako hondakinen kopurua txikiagotzeko modua bilatzeari ekingo diogu”. amaitu du alkateak.