Tomas Plazaola, osasuna zaintzearen garrantziaz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:50

Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko eskualde arduraduna da Tomas Plazaola legorretarra. Euren lan eta ekimenen berri azaldu du, bizi-ohitura osasungarrien aldeko apustua egiteko deia luzatuz.

Zein da zehazki Tolosa-Goierri eskualdeko Osasun Publikoak garatzen duzuen lana?
Tolosa-Goierriko Osasun Publikoko eskualdea Tolosan bertan kokatzen da, Gipuzkoako Osasun Publikoko zuzendariordetzaren (Eusko Jaurlaritzako osasun saileko herri erakundea) mende. Osasun Publikoko eskualdeak, herritarrek eta Udalek osasun publikoaren gainean zituzten behar eta eskaerei erantzuteko sortu ziren, giza baliabide, baliabide material eta osasun-jarduerak eskura jarriz. Hiru jarduera eremu nagusi lantzen ditugu: 1.- Epidemiologia zaintzako sistemak (agerraldi epidemiologikoen azterketa eta jarraipena). 2.- Osasuna babestea (ingurumenaren nahiz elikaduraren osasuna). 3.- Osasuna sustatzea (haur nahiz helduekin abian jarritako ekimenak, besteak beste). Tolosa-Goierri eskualdeak 56 udalerri hartzen ditu bere baitan: hain zuzen, Tolosaldekoak –tartean Aiztondo bailara–, Goierri garaiko edota Urola garaiko udalerriak, Goierri bertakoak eta baita Donostialdeko udalerriak ere.

Zein da egun osasunari lotuta ikusten duzun arazorik larriena?
Jendeak elikadura osasuntsuaren eta ariketa egitearen aldeko jarrera hartu beharko luke, izan ere gaitzak iritsi baino lehen ohiturak aldatzea komeni baita. Esaterako, gizentasuna izugarrizko arazoa da egun, batik bat, neska gaztetxo edo nerabeen artean. Kirola egiten dutenak nahiz egiten ez dutenak, guztiak mugiarazi nahi ditugu guk. Gaztetxoen kasuan bezala, baita helduagoen kasuan ere. Izan ere, egun, gero eta urte luzeagoz bizi gara eta urte horietan guztietan zehar, kalitatez bizitzea ahalbidetu nahi dugu. Bizi-ohitura egokiak mantenduz gero, –ez erre, elikadura zaindu (barietatea bezala, kantitatea bereziki) eta aktibitate fisikoa egin (egunero zertxobait)–, gure gaitz kronikoen %80a saihets dezakegu.
Kontuan izan behar dugu osasuna ez dela osasun fisikoa bakarrik, baita mentala eta soziala ere. Egun, fisikoa bakarrik hartzen da kontuan maiz, baina mentalak eta sozialak ere berebiziko garrantzia dute, arazo ikaragarriak sortzen baitituzte. Hirurak lotuta dauden arren, banaka landu behar dira eta arloka bereizten ditugu. Osasun mentala zaintzeko zentro bereziak daudenez, osasun fisikoa eta sozializazioa lantzen saiatzen gara gu, batik bat.

Osasuna zaintzearen garrantziaz jakitun al gara herritarrak? Nahikoa zaintzen al dugu edo kontzientzia gehiago falta da?
Kontzientzia pixka bat badago, baina hemen Euskal Herrian, bi muturrak ikusten dira askotan: izugarrizko kirol piloa egiten dutenak nahiz batere egin ez eta gizentasun arazoak dituztenak. Zalantzarik gabe, erdibidea bilatu eta konstantziara ohitu behar da jendea: ohitura onak hartu eta segida ematera, hain zuzen. Urtearen hasieran denok asmo onak izaten ditugu, baina gero, asmo zehatz batzuk soilik lantzen ditugu. Guk bizi-ohitura osasungarrien aldeko kultur aldaketa bultzatu nahi dugu luzera begira, eguneroko ohituretatik abiatuta; izan ere, helburu zailak jartzen badira, ez baitira gauzatzen. Era berean, egiten ditugun ekimen guztiak sozializatzea ere oso garrantzitsua da, aldaketa horiek guztiok egin ditzakegula kontura baikaitezke.

Adin ezberdineko pertsonei zuzenduta, hainbat ekimen bideratzen duzue. Haur eta gaztetxoekin lotuta, esaterako, ikastetxera oinez joateko kanpainak… Urnietan berriki jarri duzue abian. Ohitura aldaketa horiek txikitatik garatu behar dira, ezta?
Eskolara kotxez edo autobusez joan beharrean oinez joatera ohituz gero, aktibitate fisikoa eginez hasten dute eguna gaztetxoek. Hainbat udalerritan ikastetxe edota Udalek bultzatuta ere garatzen da ekimen hori; Asteasun, esaterako. Gure kasuan, mugikortasunarekin batera, osasuna hitza ere ekimenaren baitan sartu nahi dugu; izan ere, oinez ibiltzerakoan, mugikortasuna landu eta kutsadura murriztearekin batera, norberaren osasuna ere zaindu egiten baita. Udal-sare 21ekin elkarlanean hasi gara, mugikortasunarekin lotutako ekimenei osasunaren ikuspegia ere gehitzeko.
Ikastetxera oinez joateko ekimena aurrez aipatutako kultura aldatzeko pauso polita izan daitekeela uste dugu, txiki-txikitatik hasita. Orain artean, aberatsen ohiturak gauzatu izan ditugu, autoa leku guztietara eramanez edota lehen ez bezala, egunero haragi asko janez. Konturatu gabe, gehiago jan eta gutxiago mugituta, gure osasuna ez dugu behar bezala zaintzen eta horren ondorioz etortzen zaizkigu diabetea edota hipertentsioa bezalako gaitzak. Ohiturak aldatuta, beraz, gure esku dago osasun hobea izatea.

Zein egoera sumatzen duzu gazteen artean?
Espainia eta Euskadi mailan gizentasuna ikaragarri hazi dela garbi ikusten da, gazte eta umeengan bereziki. Bertakoengan ez ezik, baita etorkinen eta marjinatu taldeen artean ere. Grasa proteina baino merkeagoa dela frogatu da. Txokolatezko palmera batek asebete egiten du eta agian sagar bat baino goxoagoa da jateko. Gainera, hainbat lurraldetan hona etorri aurretik gosea pasatu dutenez, eurentzat ongizatea gizentasuna da, –parametroak aldatuta dituzte–. Nire ustez, oso esfortzu gutxi egiten duen gizartea izatera iritsi gara: bai lanerako edota ikasteko… Errazagoa da lan egitea baino ez mugitzea eta, kasu askotan, gazte askok telebista ikusten edo sare sozialetan denbora asko pasatzen du. Jakina, erabilera horiek ez dute zertan txarrak izan beharrik, bere neurrian erabiltzen badira.  
Gaztetxoen artean landu izan dugun ekimen interesgarri bat Vending-eko makinen eskaintza aztertu eta aldaketak proposatzea izan da. Askotan, ospitale edo osasun etxeetan bertan makina horietan eskaintzen diren produktuak ez osasungarrienak. Denon artean egin beharko genuke aldaketa hori ere eta, bereziki guk, osasun administrazio bezala, pausoak eman beharko genituzke arlo horretan.

Adinez helduagoak diren pertsonei zuzenduta ere lantzen dituzue ekimenak. Kontaiguzu…
Besteak beste, Tipi-Tapa ekimena bideratzen dugu helduei begira. Ekintza fisikoak egiteaz gain, taldekideekin sozializatzea ahalbidetzen du ekimen horrek, 65 urtetik gorako pertsonen osasun fisiko eta mentala hobetuz. Era berean, Aisi Lagun ekimena ere lantzen dugu helduei zuzenduta, aurreko ekimenaren helburu berdinekin. Euskadi mailan abian jarriko den beste proiektu oso interesgarria, Aktibili da: mugitzen ez den jendea mugiarazteko. Finlandian edota Quebecen ere lantzen dute ekimen hori, duela 20 urte hasita. Urte luzez bizi behar dugula ikusirik, gizartean kultura berria txertatu behar da. Bestalde, alderdi ekonomikoari ere begiratu behar zaio: gero eta gaixotasun kroniko gutxiago izan, gure zerbitzuak hobeak izango dira. Izan ere, jende gutxiago gaixotzen bada, kontsulta gutxiago izango da, dirua aurreztuko da eta beste modu batera landu genezake osasun zerbitzua, gure gozamen eta ongizateari begira.
Ekimen horiek gauzatzerakoan garrantzitsua da elkarlanean aritzea, besteak beste, udaletxeekin batera. Azpiegitura asko dugu inguruan: bide-gorriak edota kiroldegiak, esaterako, baina ez ditugu behar bezala erabiltzen. Nik uste garrantzitsua dela arrazionaltasunez erabilera horiek antolatzea.

Aiztondo eskualdeari dagokionez, zein lan burutzen duzue nagusiki?
Elikadura eta ingurumen segurtasuna zaintzen dugu batik bat. Jakien aldetik, establezimendu guztiak kontrolatzen ditugu: denda, supermerkatu, taberna, fabrika, hiltegiak… Bestalde, ingurumenaren zainketari lotuta, edaten den ura edota airea neurtzen ditugu. Era berean, igerilekuak, legionela gaixotasuna edota produktu kimikoak erabiltzen diren kasuetan, legedia ondo betetzen ote den ikuskatzen dugu. Hondakin sanitarioen kudeaketa ere aztertzen dugu osasun zentro, hortz klinika edo bestelako guneetan. Azterketa horietan emaitza onak jasotzen ez baditugu, salaketak jartzea egokitzen zaigu. Horrez gain, udaletxeekin elkarlanean aritzen gara, hainbat txosten edo kanpaina aurrera eramateko.
 
Krisi garai larri honetan, diru-laguntzen murrizpenak hain ohikoak direnean, laguntzen jaitsierak eraginik izan al lezake Osasun Publikoarengan?
Nahiz eta departamendu baten baitan egon, gauza ezberdinak dira Osasun Publikoa eta Osakidetza. Guk ez dugu zerikusirik kontratazio pertsonalari lotuta. Une honetan gaudenak gaude, –18 lagun Tolosan eta 100 pasatxo, Gipuzkoa mailan– eta kopuru hori mantendu egingo da momentuz. Oraingoz, ditugun baliabideekin jarraituko dugu eta ikusi egin behar aurrerantzean.


ISO ziurtagiria, 2006az geroztik
2006 urteaz geroztik, Kudeaketako ISO ziurtagiria eskuartean dutela jakinarazi du Tomasek, Espainia mailan agiri hori duten bakarrak direla eta Europan zehar ere herrialde gutxik dutela zehaztuz. “Besteen etxeetara joan ohi gara janari edota uraren kudeaketa neurtzera. Baina horren aurretik, barne-hausnarketa baten ondorioz, gure etxea nola eraikita dagoen ikustea behar-beharrezkoa iruditu zitzaigulako eman genuen pauso hori. Administrazioan ere kalitatezko bideak berma daitezen arduratzea garrantzitsua dela uste dugu”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!