Kultur taldearen bidea erabakitzeko jardunaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko mar. 28a, 14:25

2011ko urrian jarri zen martxan Asteasuko kultur taldea. Hainbat bilera egin ondoren, taldeak jarraituko duen bidea zehaztu beharra ikusi zuten partaideek. Elhuyar taldeko aholkularitza zerbitzuak lagunduko die hausnarketa hori egiten.

Martxoaren 21ean, bilera batera dietu zituzten herriko hainbat kultur eragile eta herritar, abian jarriko den prozesuaren inguruko informazioa eman eta erabaki bat hartze aldera. Julen Larruskain zinegotziak hartu zuen hitza: “Urrian egindako deialdi zabalaren ondoren, kultur taldeak hainbat bilera egin du orain arte. Batetik, taldearen funtzionamendu orokorra izan dugu ahotan eta bestetik, zenbait ekintza ere antolatu dugu; Sagain elkartearekin batera antolatutako herri bazkaria, Morauren kontzertua, Gabonetako jostailu truke azoka, inauteriekin lotutako jaia... Mugimendu horri guztiari forma emateko modua bilatu nahi genuen. Usurbilgo kasua ezagutu ahal izan genuen eta haiek, aurrerapauso handiak eman zituzten Elhuyarren aholkularitza prozesua jarraitu ondoren. Horregatik erabaki genuen guk ere Elhuyarrekin harremanetan jartzea; herrian sortzen ari den kultur mugimenduari bultzada eman behar zaiola iruditzen baitzaigu”.

Elhuyar aholkularitza taldea
Elhuyar aholkularitza taldeko Juanjo Perezek eman zituen eurek eskainitako zerbitzuaren berri: “Hilabete gutxitan lan handia egin duzue Asteasuko kultur taldean, gogoeta eta ekintzak bateratuz. Prozesu horri indarra emateko, garrantzitsua iruditzen zaigu eztabaida prozesu planifikatua zabaltzea. Gogoeta sakonak egitea beharrezkoa da, baina ondoren, emaitzak ikustea ere oso garrantzitsua da. Bestalde, herrian kultur mugimendu aberatsa sortu nahi bada, behar-beharrezkoa da parte hartzea eta aniztasuna lortzea; bai genero aldetik, bai adin aldetik, baita herrira etorri berri direnen integrazio aldetik..., Gogoeta eta eztabaida prozesua aurrera joan ahala, erabaki praktikoak ere hartu beharko dira, taldearen funtzionamendua nolakoa izango den erabakiz edota lanerako zenbateko autonomia izan behar duen zehaztuz. Hori guztia bideratzen laguntzeko plangintza bat sortu du Elhuyar aholkularitza taldeak”.

Gazteak ere parte hartzaile
Udaletxeko ikus-entzunezkoen aretoa herritarrez bete zen kultur taldearen inguruko bileran parte hartzeko. Bertan ziren herriko gazte taldeko kideak eta baita hainbat kultur eta kirol eragile ere. Adi entzun zituzten Elhuyarreko Juanjo Perezen azalpenak: “Prozesua abiatu baino lehen, zenbait helburu nagusi finkatu nahi izan dugu. Batetik, kirol eta kultur bizitza eta dinamikaren inguruko gogoeta egiten lagundu nahi dugu, beti ere, herritarren parte hartzea bultzatuz. Prozesu honek herri gisa batzeko balio dezala nahi genuke. Horrez gain, 2012an gauzatu daitezkeen kirol eta kultur egitasmoen egitaraua osatuta uztea ere helburu zehatzen artean sartuko litzateke”.

Hiru orduko hiru saio
Helburu horiei guztiei forma eman eta gauzatzen hasteko, hiru egunetako jardunaldi bereziak proposatzen ditu Elhuyar aholkularitza taldeak: “Hiru orduko hiru saio izango lirateke. Saio horietan, noski, parte hartzaile guztien iritziak bermatu eta errespetatutako dira. Talde lana eta bakarkako lana tartekatuz eta metodologia arina erabiliz, kultur taldearen etorkizuna zein izango den finkatzen saiatuko gara”.

Lehendabizikoa, apirilean
Apirilaren 18an, asteazkenarekin egingo dute lehen jardunaldia 19:30etatik 22:30etara. “Lehen jardunaldi horretan herrian kulturaren eta kirolaren inguruan egindakoa aztertu eta gaur egungo egoeraren diagnosia egingo dugu. Aipatu behar da, prozesu honetan oso garrantzitsua dela elkarren berri izatea. Herritar, talde eta eragile ezberdinek elkar ezagutu, orain arte egindakoaren berri trukatu eta elkarlanari ekiten badiote, emaitza are aberatsagoa izango da”.

Maiatzerako, amaituta
Maiatzaren lehen edo bigarren astean egingo da bigarren jardunaldia: “Kultur taldearen helburuak zehaztea izango da egun horretako egiteko nagusia. Helburu horiek lortzeko jarraitu beharreko lan ildoa zehaztu eta 2012rako sortu nahi diren ekimenen inguruko lehendabiziko gogoeta eta lanketa ere egingo da”.
Maiatza amaitu baino lehen egingo dute hirugarren jardunaldia: “Egun horretan, 2012ko jarduera plana eta taldearen antolamendua finkatuta geratzea izango dira egiteko nagusiak”, azaldu zuen Elhuyar taldeko Juanjo Perezek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!